hezkuntza

Ipar Euskal Herriko haurrek gaur hasi dute ikasturtea

Sindikatuek ez dute eskola okupaziorik iragarri, baina arazoak egon badaude eta irailean zehar azalduko dira. Besteak beste, Hendaiako ikastola kexu da eraikina txiki geratu zaielako.

2010eko irailaren 2a
09:47
Entzun
Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko ikasleek eskolarako bidea hartu dute egun. Paueko Akademia Ikuskaritzak ez du jakinarazi zenbat haur eskolaratuko dituzten aurten. «Oraindik goizegi da, eta guraso batzuek eskola bat baino gehiagotan ematen dute haurren izena; ezin da erreferentzia hori baliatu ikasle kopurua zehazteko, datu errealak bildu aitzin», azaldu du Akademia Ikuskariak aurreikuspena gordetzeko. Iaz, 24.574 haur bildu zituen lehen mailak hiru ereduetan. Eskola publikoak 12.667 haur hartu zituen lehen mailako eredu elebakarrean, eta 4.160 eredu elebidunean. Eskola katolikoak 4.304 frantses elebakarrean eta 1.760 eredu elebidunean. Ikastolak 1.639 hartu zituen lehen mailan. Aurten, 200 ikasle gehiago espero ditu Seaskak eredu osoan.

Eskola publikoetako sindikatuek ez dute eskola okupaziorik iragarri orain artean. Alta, arazoak ugari dira. Alde batetik, gero eta haur gehiago biltzen direlako gelaka. Bertze alde batetik, irakasle berriek ez dute formakuntzarik hartu ikasgeletan hasi aitzin eta horrek sindikatuen kezka piztu du.

Hendaiako ikastola kexu

Iaz Seaskak eta Frantziako Hezkundeak hitzarmen bat izenpetu bazuten ere, ez dira arazo guztiak desagertu. Hendaiakoa bezala, hainbat ikastola txiki gelditu dira, edo egoera txarrean daude, zaharkiturik, eta gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten geletan daude haurrak. Seaskak 40 urte bete berri dituen honetan, Hendaiako ikastolak gogorarazi du haurrak murgiltze ereduan eskolaratzeko kanpainarik egin gabe, bi ikastolak mukuru beterik daudela. Toki duina bermatzeko eskatu diote herriko etxeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.