'Ipar Euskal Herriko Hitza'-ri diru laguntza apalduko diote, euskaraz idazteagatik

Euskaldunentzat egina dela argudiatuz, informazio orokorra ematen duen argitalpen izaera ukatu dio Parisek

Aitor Renteria.
Baiona
2012ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Frantziako prentsa agentziak eta argitalpenak kudeatzen dituen batzorde parekideak (CPPAP) ez dio onartu Ipar Euskal Herriko Hitza-ri informazio orokorra eta politikoa lantzen duen astekari elektronikoaren izaera. Ondorioz, Interneteko aldizkarientzat baliatzen duen diru laguntzaren heina murriztuko dio. Hori ebazteko arrazoia euskara bera da. Alegia, Ipar Euskal Herriko Hitza osoki euskaraz egitea. Batzordearen arabera, sareko argitalpena edonork irakur dezake, eta, Ipar Euskal Herriko Hitza osoki euskaraz egina denez, orok ez dute hango informazioa irakurtzeko paradarik. Gogoeta horretatik abiaturik, ondorioztatzen du irakurle talde mugatu batentzat baino ez dela egiten Hitza.

Batzordeak 2009-1340 dekretuaren bigarren artikulua dakar gogora. «Interneten informazio politikoa eta orokorra lantzen duen hedabidetzat hartuko dira herritarren iritzia argitzeko laguntza ekartzen duten hedabideak, informazioa lantzen dutenak iraunkorki eta molde jarraikian, tokiko, Frantziako edo nazioarteko egun-egungo politika gaiak zein orokorrak landuz, analisiak edo iritziak argitaratuz sarean. Informazioak irakurle talde mugatu baten interesak baino zabalagoak izan behar dira». Horra batzordearen ebazpena. Euskaraz egina denez, euskaldunen taldea gainditzen duen eremu orokorrean ez duela eraginik. Horrela jakinarazi dio Ipar Euskal Herriko Hitza-ri, horrek ezarritako helegitean.

Lehen erabakiaren aurkako helegitean, Ipar Euskal Herriko Hitza-k nabarmendu zuen Frantziako Konstituzioaren 75-1 artikuluan Frantziako ondaretzat hartzen direla hizkuntza gutxituak. Batzordeak ondoko oharra egin du: «Frantziako Konstituzio Kontseiluak 2011ko maiatzaren 20ko erabakian zehazten du artikulu horrek ez diela neholako aitortza edo eskubide konstituzionalik ematen hizkuntza gutxituei».

Eskubiderik aitortuko balie ere, batzordearen iritziz, sarean informazio politikoa eta orokorra lantzeko ezaugarriak ez lituzke Hitza-k. Papereko argitalpenari buruz batzordeak gauza bera ebatzi du, eta kultur alorreko izaera aitortu dio. Ezagutza horregatik, diru laguntzaren parte bat eskuratuko du, baina ezagutza osoa balu baino %20 apalagoa.

Galbahe bera

Ipar Euskal Herrian argitaratzen den Kazeta.info-ri eta okzitanierazko La Sematna-ri ere «sareko izaera orokorra» ukatu zieten otsailean , arrazoi bera argudiatuz. Baionan egindako hizkuntza gutxituen topaketetan, Michel Alessio Frantziako Kultura ministroaren ordezkariak onartu zuen diskriminazio argia zela. Baina horrek ez du erabakia aldatu. Auzitegira jotzeko aukera ematen du Batzordeak, baina ez du argitu urrats horrek nolako ondorioak ukan ditzakeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.