Europako Konstituzioaren aldeko kanpaina egin dutenak arras pozik daude, Catherine Arheix militante donibandarra bezala. Honek «militanteak zentzudunak» direla dio. «Gogoetatu dute, eta ez dute baitezpada haien tendentziako buruaren hautu bera egin», azaldu dio Berriari. Hori bera berretsi digu Jean Espilondok ere. Ezkezkoaren aldeko sozialista honek ez du ukatu bere tendentziako batzuk baiezkoaren aldeko kanpaina egin dutela. «Militanteek ez dute beren korrontearekiko diziplinaz bozkatu. Sozialistak europazaleak dira, eta horrek gaina hartu du», adierazi du Espilondok.Etorriko diren eztabaidetan, Espilondok bere «konbikzioei» eutsiko die. «PSen barnean defendituko ditut», ziurtatu du. Espilondok Alderdi Sozialistako kide izaten jarraituko du, eta «gehiengoaren iritzia kontuan hartuko». Publikoki baiezkoaren alde bozkatzeko deia luzatuko du. «Konstituzioak ez nau bete-betean mintzen, ez bederen horregatik nire alderdia uzteko heineraino». Herenegun arratseko emaitzak ez ditu Konstituzioaren kontrako militanteak PStik uxatuko. Haatik, «kontu xuritzeak» gerta balitez, «alderdia lehertuko» litzatekeela abisatu du.Orain, «alderdiaren batasuna babestu behar» dela dio Espilondok. «Biziki biziki kasu eman behar dugu. Zuhur izan behar dugu». Ipar Euskal Herriko federazioan giroa ez dago fase hoberenean. François Hollanden aldeko Philippe Casenave idazkari nagusi postutik kendua izan ondoan, pentsa daiteke aldekoaren garaipen handi horren ondotik, postua berreskuratu nahi lukeela.Espilondok ez ditu bi gertakariak lotzen. Angelun baiezkoaren aldekoak aise nagusitzeak ez du kezkatzen. Ez du bere lidergoa ahuldurik ikusten. Federazioko idazkaritzan aldaketak egitekotan, ondoko kongresuaren zain egon beharko dela deritzo. Catherine Arheixen lehentasuna ere «alderdiaren batasuna» da. Ez du dudarik erreferendumaren inguruan sortu eztabaidak eta kalapitak «lasaituko» direla ondoko asteetan. «Gure lehentasun handiena proiektuaren lantzea da. Denak lanean hasiko gara eta tentsioak eztituko dira», azpimarratu du Arheixenek.
-
EAJ-REN ERABAKIA
Eztabaida luzea EAJren Aberri Batzarrean
EAJren Aberri Batzarrak atzo gauean egin zuen bilera, Europako Konstituzioaren erreferendumean eskatu beharreko botoa zein den erabakitzeko: baiezkoa edo ezezkoa. Batzarrak EBBk egindako proposamenaren gainean eztabaidatu zuen, hau da, erreferendumean baiezkoaren aldeko kanpaina egiteko proposamenaren gainean. Baina eztabaida luze joan zen, eta lerro hauek idazteko orduan, 23:30ean, oraindik erabakirik ez zuten hartu.
Behin betiko erabakia atzo gauean hartu behar zuten arren, EAJren Euskadi Buru Batzarrak baiezkoa eskatuko zuela azaroaren 10ean erabaki zuen. Hala ere, bada bere jarrera zehaztu ez duen beste alderdi abertzale bat ere. ABk ez du erabaki itunaren alde edo kontra egingo duen, baina erabakia militanteekin kontsultatuta hartuko du. Beste alderdi abertzale guztiek kontra egingo dute.