Batasunak salatu du zenbait militanteren diru kontuak hustu egin dituela Frantziak, aurretik azalpenik eman gabe. Bankuaren esplikaziorik ere ez dute izan.
2008an, Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskariz, Laurence Levert Parisko epaileak EHAK-k Baionan zituen zazpi langileen kontuak blokeatzeko eskaera baimendu zuen. Haien inguruko beste bederatzi lagunen kontuak ere izoztu zituzten, baita hiru elkarterenak ere. Horietako kontu batzuk hustu dituzte orain —urtarrilean—, Batasunak gaur arratsaldean Baionan jakinarazi duenez.
Batasunak produradoreari galdetu dio ea nork eman duen agindua eta zergatik hartu den erabaki hori. Frantziak Justizia alorrean ere "errepresio ukaldiak" ematen segitzen duela gaitzetsi du ezker abertzaleko alderdiak.
Prentsaurrekoan Batasuneko militanteen ondoan egon dira Yolanda Molina eta Jean Francois Blanco abokatuak eta gatazkaren konponbidearen aldeko kolektiboko kideak.
2008ko otsailean Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak EHAKren jarduera hiru urtez eteteko agindua eman zuen. Urte hartako irailean Gorenak EHAK legez kanpo utzi zuen.