ipar euskal herria

Iparraldeko gizarte zibilak ere lurralde elkargoa sortzeko eskatuko dio Parisi

Adierazpen bat onartu dute Baionako jardunaldi batzuetan. Iparraldeko elkargoak 2015erako martxan behar lukeela diote. Gizarte eragileek uste dute "baldintza guztiak bilduak" direla "estatutu bereziko" erakundea sortzeko.

Berria.info
2012ko irailaren 29a
21:59
Entzun

Hautetsien Kontseiluak ez ezik, Ipar Euskal Herriko gizarte zibilak ere protagonismoa hartu du gaur "estatutu bereziko" lurralde elkargoaren aldarrikapenean, Baionako jardunaldi batzuetan onartutako adierazpen baten bidez. Batera plataformak sustatuta egin dituzte jardunaldiak, eta proposamena igorriko diote Parisi, Frantziak deszentralizazioaren hirugarren atalari ekin dion unean.

Iparraldeko lurralde elkargoak 2015erako martxan behar lukeela diote adierazpeneko azkeneko puntuan, eta biztanleek kontsulta bidez onartu beharko luketela.

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herritar, gizarte eragile eta instituzioek aldarrikapen hori "etengabe" egiten dutela esan dute idatzian, eta, ondorioz, uste dute "baldintza guztiak bilduak" direla "Ipar Euskal Herriaren ezagupen sinboliko eta politikoaren eskakizunari erantzun egokia emanen dion egitura politiko iraunkorra sortzeko".

Kudeaketa hobetzeko, elkartasunezko politikak bideratzeko, euskararen koofizialtasuna lortzeko edota eskumen zabaleko unibertsitatea sortzeko balioko luke elkargoak, haien arabera.

Jardunaldietan izan dira Martine Bisauta, Jakes Bortairu, Menane Oxandabarats, Jakes Abeberri, Frederic Espagnac, Silviane Alaux, Frantxua Maitia, Xabi Larralde, Anita Lopepe, Mixel Etxebest, Paxkal Indo, Michel Veunac, Jean Rene Etxegarai, Sauveur Bacho...

Ipar Euskal Herriko hautetsiek joan den irailaren 13an ezarri zuten lurralde elkargoaren oinarria, Baionan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.