Familia onekoa, kirolaria, lerdena... Haren abizena hainbati ia ahoskaezina gertatzen zitzaiela gorabehera, Iñaki Urdangarinek sekulako abegi ona jaso zuen Espainiako hedabideetan, erregearen alaba gazteenarekin ezkonduko zela jakinarazi zutenean, 1997an. Espainiako errege etxearen ipuinerako aproposagorik!
Maitagarrien ipuina, ordea, ez da joan pentsatutako bidetik. Printzea zirudien suhia bere jokaera ez-eredugarriagatik da orain ezagun. Ereduzko familiaren argazkietatik kendu, kendu zuten; ustelkeria kasuarekin errege etxea ez zipriztintzeko ahalegin guztiak egin zituzten, baina Urdangarin kasuarekin zabaldutako itoginak jario amaigabe bihurtu dira, koroa bera pitzatzeraino.
Zer zen Noos institutua?
Noos institutua irabazi asmorik gabeko erakunde bat zen, eta Iñaki Urdangarin, 2004tik 2006ra, eta, ondoren, Diego Torres ekonomista izan zituen presidente. Lehen batean, haren egitekoa kirol munduaren inguruko ekitaldiak antolatzea zen; gehienetan, diru publikoa erabiliz. Noosek, ekitaldi horietarako, enpresa sare baten zerbitzuak kontratatzen zituen, eta, hara, irabazi asmoak zituzten enpresa horien jabeen artean zeuden, hain zuzen, Urdangarin eta Torres.
Instrukzioko datuen arabera, Valentzian eta Balearretan egin zituen Noosek handienak. PPko Francisco Campsen gobernupean, Valencia Summit topaketak antolatu zituen hiru urtetan, 2004tik 2006ra. Guztira, Generalitatearen eta Valentziako Udalaren 3,7 milioi euro joan ziren hortik, Noos bitarte, Urdangarin eta Torresen enpresetara. Dirutza, hainbat zerbitzuren zenbatekoa neurrigabe puztu baitzuten, eta, zenbaitetan, baita eman gabeko zerbitzuengatik kobratu ere.
Balearrak dira, hala ere, auzibidearen abiapuntua. PPko Jaume Matas zela presidente, Balearretako Gobernuarekin elkarlanerako hitzarmena sinatu zuen Noosek, 1,1 milioi euroren truke. Horrez gain, hainbat ekitaldi antolatzeagatik ere dirutza lortu zuen enpresa sareak, Noosen bitartez eta ia beti puztutako fakturazioen bidez, eta, zenbaitetan, egin gabeko lanengatik ere bai. Zenbait kalkuluren arabera, sei milioi euro inguru poltsikoratu zituzten Urdangarin eta Torresen enpresek.
Matasen garaiko ustelkeriaren inguruan 2008an zabaldutako Palma Arena auziaren instrukzioan agertu ziren Noosen jokaeraren lehen zantzuak. 2010ean zabaldu zuen instrukzio epaileak ikerketa pieza berria Noosekin —Palma Arena auziko 25. pieza—. Agirien faltsifikazioa, ondasun publikoen erabilera bidegabea, administrazioari egindako iruzurra eta prebarikazioa dira auzian ikertzen ari diren delituak.
Diruak
Balearretako eta Valentziako gobernuen diruak ez ezik, beste hainbat erakunderen funtsak ere bidegabe eskuratu zituzten, ustez, Urdangarinek eta Torresek, betiere jokaera bertsuekin: puztutako kobratzeak, egin gabeko lanak, hutsaren hurrengo ziren txostenak... Kataluniako Generalitateak dirua eman zien, baita Alcala de Henares eta Mataroko udalek ere. Olinpiar Jokoetarako hautagaitza lantzen zuen Madrid 2016 erakundetik ere lortu zuten dirua. Ikertzaileek uste dute Noosen bitartez eskuratutakoaren %40 erakunde publikoetatik etorri zela. Gainerakoa, enpresetatik etorri zitzaien, hala nola Telefonica, SGAE, Mixta Africa, Aceros Bergara, Seelinger y Conde... Valentzia eta Vila-real futbol taldeen ordainketak ere izan ziren. Hamar orriko txosten batengatik 690.000 euro ordaindu zituen Vila-realek.
Eskuratutako diruengatik zergarik ez ordaintzeko bidea ere asmatu zuten Urdangarinek eta Torresek, faktura faltsuak erabiliz. Gero, diru horietatik gehiena paradisu fiskaletara eraman zuten.
Errege familia
Zer zekien horri guztiari buruz erregeren alaba Cristina Borboikoak? Noos institutuko administrazio kontseiluko kide izateaz gain, Aizoon elkartearen erdia berea zuen, eta elkarteak asko jaso zuen Noosen bitartez eskuratutako dirutik; Aizoonen beste erdia, berriz, senarraren izenean zegoen. Bazekien Noosek eta Aizoonek zer egiten zuten? Urdangarinen arabera, emazteak ez zuen inola parte hartzen haietan hartutako erabakietan, eta norbaiten izena jarri behar zelako agertzen da paperetan. Baina, Urdangarinen bazkide ohi Diego Torresek auzira aurkeztutako milaka mezu elektronikoetako batzuk irakurriz, pentsa daiteke baietz, bazekiela zerbait. Mezu horietan, adibidez, Noosen beraren sorreran eta haren zenbait proiekturen lanketan, senarrak aholkua eskatzen zion emazteari.
Horrekin batera, ez da ahaztu behar Carlos Garcia Revenga, Cristinaren eta bere ahizpa Elena Borboikoaren idazkaria, Nooseko diruzaina izan zela. Garcia Revengak deklaratu duenez, Cristina Borboiko gisa, izena soilik eman zuen Nooserako, eta ez zuen ezer gehiagotan parte hartu. Baina Torresen mezu elektronikoek besterik diote. Hala, Noosen sorreran parte hartu zuen, Urdangarinek administrazioekin eta hedabideekin zituen harremanak gainbegiratzen zituen, eta Valencia Summit ekitaldien xehetasunen berri jaso zuen. Bide horretatik ere ez zuen ezer jakin Cristina Borboikoak? Eta aitaren bitartez?
Juan Carlos I.a
Balearretan oposizioan zegoen alderdi sozialista Matasi kontu eske hasi zitzaionean Noosi emandako 1,2 milioi euroengatik, Noos institutuko lehendakaria zen Iñaki Urdangarin, 2006ko martxoan. Urdangarinek epaitegian deklaratu zuenez, errege etxeak Noos institutua utzi eta atzerrira joateko aholkua eman zion. Beraz, ordurako arriskuren bat ikusten zuten Zarzuelan. Zer zekien erregeak? Torresek auzian aurkeztutako mezu elektronikoetan irakur daiteke, adibidez, Urdangarinek nola eskatu zion laguntza Juan Carlos Borboikoari, ospe handiko zenbait lagunek Valencia Summit ekitaldietan parte har zezaten konbentzitzeko, baita beste zenbaitek dirua eman zezaten ere, babesle gisa. Gainera, Torresek deklaratu duenez, Noosek antolatutako Illes Balears Forum negoziatzeko bilerak Marivent jauregian egin ziren, eta Valencia Summit delako topaketen negoziazioa Zarzuelan egin zen. Cristina Borboikoa joan den astean inputatu zuen Palmako Castro epaileak, instrukzioa ixtear dagoela. Eta galdera gehiago egin nahi dituenarentzako erantzun egokia Espainiako Konstituzioak ematen du, 56. artikuluaren hirugarren puntuan: "Erregea bera ukiezina da, eta ez du inolako erantzukizunik".