Orduko aldarrikapenek indarrean jarraitzen dute, gaur egun Euskal Herria garai berri batean baitago». Atzo, Etxarriko alkate Joxi Bakaikoak prentsaurrekoan udalak datorren iganderako antolatutako ekitaldia aurkeztu zuen. Bi helburu nagusi izango ditu. Batetik, Franco hil ondorengo lehen urte haietan Euskal Herriaren aldarrikapenak bere gain hartzeko ardura hartu zuen Alkateen Mugimenduari aitortza publikoa egitea, eta 1977ko agiri haren edukia aldarrikatzea. «Sekulako gaurkotasuna dute, gatazka konpontzeko bidean», arrazoitu du Bakaikoak. Iragana eta etorkizuna elkar lotu nahi ditu Etxarriko Udalak etzi.
Izan ere, omenaldiak 1977ko urtarrilaren 16ko adierazpena ekarri nahi du gogora. Horretarako, hainbat eragile gonbidatu dituzte. Batetik, orduko Etxarri Aranazko alkate Javier Mauleon—prentsaurrekoan izan zen atzo—eta hautetsiak gonbidatu dituzte;Baita 1979tik 2011ra bitarteko Etxarriko alkate ohiak ere. Gainera, Alkateen Mugimendua gidatu zuten udaleko ordezkariak ere gonbidatu dituzte, orduko kargudunak eta egungoak —Bergara, Arrasate, Zarautz, Hernani, Oiartzun, Lizarra, Baztan, Uharte, Doneztebe, Aramaio, Berriz eta Zaldibarko udalak—. Aipamen berezia egin dio Bakaikoak orduko Bergarako alkate Jose Luis Elkorori, «35 urteren ondoren herriarekin hartutako konpromisoagatik preso dutelako».
Beste hainbat eragile ere gonbidatu dituzte: Sakanako beste udalak; Nafarroa Bizirik 1512-2012 ekimenarekin bat egin duten udalak; 1977an udaletxe barruan izan ziren txistulari eta bertsolariak (Xabier Amuriza, Eusebio Igarzabal, Iñaki Murua eta Matxindariarena) eta Udalbiltza zein Udalbideko ordezkariak.
Prentsaurrekoko mahaian erabilitako ikurrina 1977ko ekitaldian erabili zen. Era berean, ekitaldi hartarako hiru emakume etxarriarrek espresuki beste ikurrin bat egin zuten, baina Bakaikoaren arabera, oraingoz ez dakite non den ikurrin hura.
10:30ean hasiko da ekitaldia, eta harrera ofiziala egingo zaie eragile guztiei. Besteak beste, gertaera haiek azaltzen dituen bideo emanaldia emango da. Txistulariak eta dantzariak ere izango dira. Udalak dei egin die etxarriarrei balkoietan ikurrinak jartzera. «Memoria historikoa berreskuratu eta etorkizunerako Euskal Herri berri bat irudikatzeko elkarlekua izatea nahi dugu».
Iragana eta etorkizuna elkar lotuta
Igande honetan, duela 35 urte Etxarriko udaletxe barruan irakurritako adierazpena aldarrikatu eta hura bultzatu zuten Alkateen Mugimenduko ordezkariak omenduko ditu Etxarri Aranatzek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu