Lokarrirekin Belfastera orain bi aste joandako gazte erakundeetako ordezkariek gaur aurkeztu dituzte bidaia horretatik ateratako ondorioak, eta iraganari aurre egiteko beharraren eta konpromiso beharraren garrantzia nabarmendu dituzte horien artean.
Ipar Irlandako eta Euskal Herriko egoerak oso ezberdinak direla esan ondoren,"orain dela gutxi arte elkarren etsaitzat hartzen ziren pertsonak gela berean, hitz egin eta beren esperientziak konpartitzeko, esertzeko gai direla egiaztatzea oso garrantzitsua dela esan dute. Hauek dira ondorioak:
- Konpromisoaren garrantzia. "Ipar Irlandan ez dute beren erantzukizuna saihestu eta bake prozesuan elkarrekin aurrera egiteko konpromisoa onartu dute. Konpromiso hau erabakigarria izan da zailtasunak gainditzeko. Ordezkari politikoek lidergoa beren gain hartu behar izan dute hainbeste urtetako indarkeria gainditu nahi zuen gizartearen eskakizun argiaren emaitza bezala. Konpromiso hau gure gizartean ere garrantzitsua da. Etorkizunari elkarrekin aurre egiten lagunduko digun motorra izan behar da".
- Iraganari aurre egiteko beharra. "Ostiral Santuko Akordioetatik hamahiru urte geroago, iraganari aurre egiteko beharra indarrez azaleratu da. Orain badakite iragana adorez lantzea oinarrizkoa dela etorkizunean berriz ere ez errepikatzeko. Horregatik, orain ere guk geuk borondate bera erakutsi behar dugu. Euskal gizartearen oraina eta geroa eraikitzea erronka handia da, baina ez dugu iraganari bizkarra emanez egin behar".
− Gizarte osoa inplikatzearen erronka. "Adostasun politikoak eta gehiengo demokratikoarekiko errespetua giltzarriak izan dira Ipar Irlandan etorkizunari aurre egiteko, baina bake prozesu bat gauza askoz zabalagoa da, gizarte osoa barne hartu behar duena, eta jakina, baita gaztedia ere bere forma guztietan (mugimendu sozialak, elkartegintza, kale-mailako ekimenak…)".
Bidaian partu hartu dute Batiste Ezeizak (Euskadiko Gaztediaren Kontseilua), Andoni Rojok (Gazte Independentistak), Jonathan Martinezek (Alternatiba), Koldo Gutierrezek (Euskadiko Gazte Sozialistak), Maider Carrerek (Gazte Abertzaleak), Mikel Anderezek (Iratzarri), Rut Martínezek (EAJ) eta Maialen Lizarraldek (Lokarri).