Jaialdia aurkeztu dute Gipuzkoako Gizarte Politikako Diputatu Maite Peñak eta Irrien lagunak gizartegintza elkarteak.
Txikienei bizi-kalitate hobea bermatzea bilatzen duten 27 elkartek osatzen dute Irrien Lagunak elkartea, eta ekimenari babesa azaldu dio Peñak. 27 elkarteek egiten duten eguneroko lana azpimarratu du:"Gizarte politikako departamentuak argi dauka 3. sektorea, irabazi asmorik gabeko elkarteena alegia, oso garatuta dagoela Gipuzkoan eta ezin dela ezer egin eurak kontuan hartu gabe".
Egun osoko egitaraua prestatu dute irailaren 27rako. Alondegian, dultzaineroekin ekingo diote jaialdiari, eta 10:30ean izango da harrera instituzionala.Tolosako Musika bandak kalejira egingo du 11:30ean, eta 12:15ean Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Txo, MikMak txikia izango da ikusgai.
13:30ean egingo dute bazkari herrikoia Zerkausian, eta 17:30ean txokolatada dastatzeko aukera izango dute.
Egun osoan zehar, berriz, puzgarriak eta tailerrak izango dira Euskal Herria plazan, Txatxilipurdi eta Real Sociedad Fundazioaren eskutik.