Irakaskuntzako edukiak «zentralizatzeko» Madrilen asmoak kritikatu dituzte

Eskola orduetako gaien bi herenak ezartzea aztertzen ari da Wert Hezkuntza ministroa; gogor salatu du Lopezek

mikel p ansa
2012ko irailaren 15a
00:00
Entzun
«Ez dugu onartuko ez %10 ez %1 atzera egitea». Horrela erantzun dio Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroari. Hezkuntzako Lege Organikoa erreformatzeko zirriborroa prestatzen ari da Wert. Atzo El País kazetak aurreratu zuen zirriborroaren atal bat: eskola orduen bi herenetan lantzen diren gai eta edukiak Madrilgo gobernuak erabaki nahi ditu, informazio horren arabera —gaur egun gaitegiaren %55 erabakitzen du; edukien %45 erabakitzen dituzte nola Eusko Jaurlaritzak hala Nafarroako Gobernuak—. Ministerioak ez du baieztatu berria. Gobernuko ministro kontseiluak erreforma onartu arte ez duela berririk emango esan du. Baina Eusko Jaurlaritzako ordezkariek gogor kritikatu dute Wert ministroa. Erkidegoen eskumenak urratzen ari dela uste du Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak, eta kargua uzteko eskatu dio.

Deustuko Unibertsitatearen ikasturte hasierako ekitaldian izan ziren atzo Zelaa eta Lopez, Donostian. Ekitaldia baliatu zuten Wert ministroaren asmoei buru egiteko. Hezkuntza Ministerioak «birzentralizazio ideologiko bat» egin nahi duela salatu zuen Lopezek. Eskumeak urratzea eta herritarren heziketa «kritiko, etiko, solidario eta integratzailea» oztopatu nahi izatea leporatu dio. «Kontraerreforma, atzerakada eta birzentralizazio» prozesurik ez duela onartuko ohartarazi du Lopezek.

Zelaa sailburuak, berriz, jakinarazi du Wertek ez diela proposamen horien berririk eman autonomia erkidegoetako Hezkuntza sailburuei. Ministerioaren asmoak berretsiko balira, hezkuntza «zentralizatzeko» asmo argia litzateke, Zelaaren esanetan. Iraganera, 1960ko hamarkadara itzultzeko asmoa sumatzen dio Zelaak Wert ministroari: «Pixkanaka, estatu osorako berdina izango den hezkuntza eredu bakar batera joaten ari da».

Eskola porrotari aurre egin eta ikasleen emaitzak hobetu nahi ditu Hezkuntza Ministerioak erreformaren bidez, eta zenbait xehetasun emanak ditu Wertek. Erreformak hauxe ekarriko du, besteak beste: ikasleei lau proba «nazional» egitea, ikasleek zein ikasketa adar hartuko duten lehenago aukeratzea eta ikasgai batzuk murriztea —Matematikan, Zientzietan, hizkuntzetan eta irakurketaren ulermenean ordu gehiago emateko—. Ikasleak Lanbide Heziketara bideratzeko neurriak ere ekarriko ditu legearen erreformak. Orain ezagututakoaren arabera, gaitegiari buruzko erabakiak ere bereganatu nahi ditu Madrilek. Lehen Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora edo Lanbide Heziketara bitarteko eskola curriculumetako edukien %65 Madrilek zehaztuko ditu, berri horren arabera. Neurriak irakasgai guztiei eragingo die. Jose Ignacio Wert ministroak berak esana du, aste honetan, ez dela onargarria hamazazpi hezkuntza sistema edukitzea —bat autonomia erkidego bakoitzeko, alegia—.

Hezkuntzan, burujabetza

LABek ere zorrotz hartu du Espainiako Hezkuntza Ministerioaren erreforma egitasmoa. PPk bere «ideologia neoliberala» ezarri nahi duela uste du sindikatuak, eta Espainiako Estatua «zentralizatzeko» ahaleginaren barruan kokatu du hezkuntza arloan egiten ari den politika. Hezkuntza ere Euskal Herriak «hitza eta erabakia» izan behar dituela ohartarazi du LABek. Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, biei eskatu die «Madrilen inposizioari» aurre egiteko.

Murrizketak egiteko orduan Espainiako Gobernuak hezkuntza arloan hartu duen bidea ere salatu du LABek. Hego Euskal Herriko administrazio publikoek hezkuntzari buruzko «eztabaida integral eta zabala» abiatu behar dutela adierazi du, beraz, sindikatuak: hezkuntza sistemak nolakoa izan behar duen, zer egitura eta irakatsaldi izan behar dituen, zer curriculum landu behar den eskoletan... Hori guztia eztabaidatu behar dela uste du sindikatuak, baina ratioetan, langileen ordezkapenetan, diru laguntzetan, soldatetan... egin diren mozketei buruz ere hitz egin behar dela erantsi du. Murrizketei aurre egitearekin batera «Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistemara» bidea egin behar dela adierazi du LABek: «Ezin dugu espainiarren esku utzi gure hezkuntza sistemaren definizioa eta gauzapena».

Elkarretaratzea etzi Iruñean

Nafarroan, berriz, mozketekin sututa dabiltza sindikatuak. AFAPNA, ANPE, CCOO, CSIF, EILAS, ELA, LAB eta UGT sindikatuek protesta egingo dute etzi, Eskola Kontseiluaren aurrean. Sortzen Ikasbatuaz eta Herrikoa gurasoen elkarteak ere haiekin izango dira. Eskola Kontseilua 16:30ean biltzekoa da, eta bertara joatekoa da Jose Iribas Hezkuntza kontseilaria. Nafarroako Gobernuak egin dituen murrizketekin haserre daudela adieraziko diote Iribasi. Bi urtean herrialdean hezkuntza arloan 600 lanpostu galdu direla adierazi dute sindikatuek, elkarrekin argitaratu duten ohar bateean. Hezkuntza arloan dagoeneko ehun milioi euroren murrizketak egin dituztela salatu dute sindikatuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.