Eusko Jaurlaritzak irakaskuntza publikoan ezarritako «lan taldearen murrizketa» salatu zuten atzo ELA, LAB eta EILAS sindikatuek. Hezkuntza Sailak Bilbon, Donostian eta Gasteizen dituen ordezkaritzen aurrean elkarretaratzeak egin zituzten, negoziazio mahaian gehiengoa izan arren lan hitzarmen berria euren oniritzirik gabe onartu zutela eta horren bitartez irakaskuntza publikoko lan taldea murrizten ari direla salatzeko.
Hiru sindikatuek salatu zuten irakaskuntza publikoko esparru guztietan nabaritzen ari direla Jaurlaritzak ezarritako murrizketak. Aurten iaz baino ikasle gehiago dago irakaskuntza publikoan, baina, sindikatuek agertu zutenez, irakasleen kopuruak ez du modu berean gora egin. Horri gehitu behar zaio ordezkapen kopurua ere jaitsi egin dela eta, horren ondorioz, irakasleen lan zama handitu egin dela, beti ere sindikatuen arabera.
CCOO sindikatuak, bestalde, ukatu egin du murrizketak eta soldaten jaitsiera 2010 eta 2012 urte tarterako lortutako lan hitzarmenaren ondorioa direla: «Sindikatu abertzaleek badakite murrizketa horiek Zapateroren gobernuaren lege dekretuaren eta Jaurlaritzak horiek aplikatu izanaren ondorio direla. Hain zuzen ere, erabaki bidegabe horren aurka azaldu izan da CCOO».
Jaurlaritzak irakaskuntza ez unibertsitarioan egindako 1.515 lanpostuko eskaintza publikoa atzerapausoa dela agertu du, berriz, ELA sindikatuak. «Tamalgarria eta salagarria da oinarrizko mailetan gainditua zirudien hizkuntza eskakizunen inguruko gatazka berriro ere piztu izana».
Bestalde, itunpeko ikastetxeetako langileek manifestazioa egingo dute gaur, Bilbon, soldaten murrizketen aurka protesta egiteko.
Nafarroan, atzeratuak
Nafarroako Gobernuak 2011ko Lehen Hezkuntzako oposizioak egiteko deialdia atzeratu duelajakinazi du LAB sindikatuak. Sindikatuak adierazi duenez, urriaren 28an deialdia egingo zela adierazi zuen foru gobernuak irakasleen behin-behinetakotasuna murrizteko asmoz. 2011ko oposizioetan 400 plaza eskaini behar zituen gobernuak. Baina joan den astean, azaroaren 26an, gobernuko Hezkuntza Sailak jakinarazi zuenez, oraindik ez dute erabaki deialdia egin edo ez. Erabakia aurrekontu orokorren ebazpenaren ondoren hartuko dute, sailaren arabera.
LABek salatu du CCOO eta UGT sindikatuek deialdia atzeratzeko eskatu dutela, gainerako autonomia erkidegoek oposizioak egingo dituzten edo ez jakin arte. CCOO eta UGT sindikatuen iritziz, «dei efektua» eragingo luke orain Nafarroako Gobernuak oposizio deialdia egiteak, eta hurbileko erkidegoetako irakasleak Nafarroara etorriko lirateke oposizioak egitera.
LABen arabera,«oposizioak egin behar dira, dagoeneko oposizioak egin behar dituztenek materiala erosi eta horretarako ikasten hasi direlako».
Irakaskuntzako murrizketen aurka mobilizatu da gehiengo sindikala
Nafarroako Gobernuak Lehen Hezkuntzako oposizioak atzeratu dituela salatu du LAB sindikatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu