Ez dute atzera eginen. Horixe iragarri dute Nafarroako hezkuntzako sindikatuek. «Etenik gabeko mobilizaziora» deitu dituzte ikasleak, irakasleak, gurasoak, eta, oro har, gizarte osoa. «Nafarroako Gobernuak murrizketak bertan behera utzi arte eutsiko diegu protestei», erran du LABeko ordezkari Expe Iriartek, sindikatuen izenean. Oraingoz, 2012-2013ko ikasturtearen hasierara bitarteko egutegia prestatu dute. Astebete barru, hilaren 22an, lehenbiziko greba eguna eginen dute.
Nafarroako unibertsitatetik kanpoko irakasleen batzarreko bederatzi sindikatuetatik zortzik egin dute bat greba deialdi horrekin: ELAk, LABek, CCOOk, EILASek, UGTk, ANPEk, CSIFek eta AFAPNAk. Ez da antolatu duten bakarra. Hilaren 29rako eta 31rako ere grebara deitu dute sindikatuok. Nafarroako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Elkarteak, berriz, gaur erabakiko du greba deialdi horiekin bat egin edo ez. Elkarte horrek greba mugagabearen alde egin du hasieratik.
Sindikatuek ez dute greba mugagabea egiteko aukera baztertu nahi izan, baina 31ko greba egin arte ez dutela erabakiko erran dute. «Ikusi beharko dugu orain antolatutako hiru greba egunekin zer lortzen dugun», zehaztu du EILASeko Amaia Zubietak.
Irakasleen elkarteko ordezkariek, edonola ere, hilaren 21az geroztik greba mugagabea egiteko deialdia aurkeztu dute Nafarroako Hezkuntza Departamentuko erregistroan. «Sindikatuek ezetz erran eta gero, DBHko irakasleen erantzunaren zain gara», erran dute.
Iribas, hitz egiteko prest
«Zerbitzu publikoak suntsitu nahi dituzte». Hori da Nafarroako Gobernuaren helburua, murrizketen bidez; hala salatu dute sindikatuek. Are gehiago erran dute: «Erabaki politikoa da; kaleratzeek ez dute defizita murriztuko. Murrizketak eraso bidegabea dira».
Ez da iritzi berekoa Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Iribas. «Neurriak ez dira atseginak, baina bete egin behar ditugu, legea bete egin behar baitugu». Greba bazter uzteko, «lan egiteko» prest agertu da kontseilaria, hala ere, eta erran du espero duela sindikatuekin bilera egiteko aukera izatea. «Proposamenak entzuteko prest gaude», erran du, baina argi utzi du krisi egoerak «neurriak» eskatzen dituela.
Hezkuntza Departamentuak erabakitako neurriekin, hain zuzen ere, ez dira batere ados sindikatuak. Nabarmendu dute hezkuntza komunitate osoak protagonista izan behar duela kalitatezko irakaskuntza publikoaren aldeko mobilizazioetan. Horretarako, bilerak eta batzarrak eginen dituztela iragarri dute.
Gaur, Sortzen-Ikasbatuaz eta Herrikoa elkarteetako kideekin egonen dira. Biharko, berriz, irakasleen batzarrera deitu dute sindikatuek, Hezkuntza Departamentuan, 13:30ean. Bilera amaitu ondoren, manifestazioa eginen dute Nafarroako Parlamentuaren egoitzaraino. Tuteran ere bilera eta elkarretaratzea eginen dute bihar irakasleek, 18:15ean.
Murrizketen ondorioz, ehun taldetik gora eta 500 lanpostu inguru galtzen ahal direla gogoratu dute sindikatuek. Behin-behineko kontratua duten 300-400 irakasleri, halaber, soldata %10 inguru jaitsiko dietela gaineratu dute.
Irakasleen lan baldintzekin batera, irakaskuntza publikoaren kalitatea ere kolokan dela nabarmendu dute. «Ezin dugu onartu, bertzerik gabe, zerbitzu publikoak suntsitzea». Hori dela eta, «premiazkotzat» jo dute eztabaida martxan jartzea gizarteak nahi duen zerbitzu publikoen ereduari buruz. Eztabaida horretan gizarte osoak parte hartu behar duela uste dute. Irakaskuntza publikoaren alde ere, denen parte hartzea eskatu dute.
Irakaskuntzan «etenik gabeko mobilizaziora» deitu dute Iruñean
Sindikatuek 22an eginen dute lehen greba eguna; protestei eutsiko diete, «murrizketak bertan behera utzi arte»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu