Kasu, Ikastola kexu lelopean egingo du manifestazioa larunbat honetan Seaska Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ikastolen elkarteak Baionan, irakasle gabezia dela salatzeko. 17:00etan hasiko da martxa, Lauga kiroldegiaren aitzinetik.
Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez dio ematen Seaskari ikasle kopuruari dagokion irakasle kopurua, eta arazo ekonomiko horren aurka egingo dute Baionan. Iparraldeko ikastolen elkarteak hamazazpi irakasle lanpostu ordaintzen ditu bere sakelatik, heldu den eskola sartzean 22 izanen dira eta horrek arazo ekonomiko handiak eragiten dizkio. "Egoera larria da", esan dute gaur, martxaren aurkezpenean. "Ikastolen etorkizuna jokoan dago".