Irakasleak, batasun eske

Nafarroako irakaskuntzako langileek ontzat eman dituzte sindikatuek egin dituzten hiru greba deialdiak, eta elkarrekin lan egiten jarraitzeko eskatu diete.

Bileraren ostean manifestazioa egin zuten atzo irakasleek Iruñean. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Karrikan agerian utzi dute haserrea Nafarroako irakasleek. Bilera egin zuten atzo Iruñean, eta amaitu eta gero, manifestazioa, Nafarroako Parlamentuaren egoitzaraino. Hezkuntzan murrizketarik ez! leloa idatzita zuen pankartaren atzean egin zuten bat. Bernart Etxepare ikastetxeko irakasle Ixone Artxankok esaldi batean laburbildu zuen irakaskuntzako langileon kezka: «Egoera oso larria da. Atzera nabarmen egiteko arrisku handia dago. Murrizketei aurre egin behar diegu, eta, horretarako, denon arteko batasuna behar dugu. Elkarrekin aritzen bagara, gehiago lortuko dugu».

Orain arteko batasunari eusteko eskaera hori jaso zuten sindikatuetako ordezkariek atzoko bileran, irakasleen ahotik. Sindikatuek hilaren 22rako, 29rako eta 31rako antolatu grebekin bat egin zuten irakasleek, eta 31z geroztik greba mugagabea egiteko prest ere agertu ziren gehienak. Gaur, bilera eginen dute sindikatuek Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Iribasekin.

Atzokoaren ondotik, Nafarroako Hezkuntza agintarien jarrera kritikatu zuen Elixabete Rosonek. Zizur Nagusiko Donejakue Bidea ikastetxeko irakaslea da, Saionara Barrenarekin batera. «EAEn erabaki dute murrizketak ez ezartzea, baina Nafarroa jarrera pasiboa erakusten ari da. Murrizketak onartzen ari da».

Mozketa horiek sumatzen ari dira jada Roson eta Barrena. «Hamar egunez gaixo egon nintzen, eta ez zuten ordezkorik jarri», azaldu zuen Barrenak. «Ikas materiala erosteko aurrekontua ere %30 jaitsi da», gaineratu zuen Rosonek. Lantaldean ere murrizketak sumatuko dituzten beldur dira. «A ereduan ari gara gu; euskara irakasleak gara. Aurten lau langile eta erdi izan gara; eta hurrengo ikasturtean, ziurrenik, hiru izanen gara», salatu du Rosonek. Barrenak behin-behineko kontratua du, eta kolokan ikusten du bere postua.

Patxi Pascualek murrizketen bertze alderdi bati egin zion so atzo, manifestazioa amaitu eta gero. Heziketa bereziko ikasleekin aritzen da Mutiloabeitiko San Pedro ikastetxean. «Arazo gehien dutenei eraginen diete neurriek, bereziki. Murrizketek kalitatean eragina izanen dute, argi eta garbi, eta arazo gehien dutenek pairatuko dituzte ondorioak». Murrizketen aurka borroka egiteko beharra azpimarratu zuen, eta irakasleak horretarako prest direla argi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.