Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko ikastetxeetako irakasleek zabalik dute bidea soldata osoa berreskuratzeko. Halaxe ohartarazi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Ikastolei eragiten die erabakiak; 4.500 irakaslek eskubidea lukete azken bi urteetan kobratu ez duten diru kopurua eskuratzeko. Ordea, beste kontu bat da hala izango den. Imanol Igeregi Ikastolen Elkarteko zuzendariak jakinarazi du ez dutela ahalmenik gastu horri aurre egiteko eta ezinezkoa izango zaiela irakasleei dagokiena ordaintzea: «Juridikoki, arrazoia eman die sententziak sindikatuei, baina errealitatea bestelakoa da».
Itunpeko langileen soldatak %5 murriztu zituen Ikastolen Elkarteak 2010eko udazkenean, Eusko Jaurlaritzaren agindu baten ondorioz. Funtzio publikoko langileen soldatak jaitsi zituen Gasteizko gobernuak. Sindikatuek auzitara eraman zuten erabakia, murrizketak legezkoak ez zirelakoan; orain, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren erabakia.
Igeregik azaldu du administrazioarekiko auzi errekurtso bat jarri ziotela ikastolek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Auzia martxan dago, eta bi urte barru jakinaraziko dute erabakia: «Irabaziko bagenu, langileekin daukagun zorra kitatzeko erabiliko genituzke bildutako baliabideak». Hitzarmen hori sinatuta daukate ikastolen zuzendaritzak eta sindikatuek.
Gorenaren erabakiaren inguruan ez duela ezer esateko adierazi du Hezkuntza Sailak: «Hitzarmena Ikastolen Elkarteak eta sindikatuek sinatu zuten, eta guk ez dugu zerikusirik kasu nahasgarri horretan. Diru laguntzak beste irizpide batekin ematen ditugu».
Beste hitzarmen bat ere sinaturik dute patronalak eta sindikatuek. Langileek diru gutxiago irabazi arren, bermatuta daukate lanpostua, Igeregik oroitarazi duenez: «Sindikatuekin, batez ere LABekin, adostasun horretara iritsi ginen. Erdibideko zerbait aurkitu genuen, baina garbi dugu lanpostuak lehenetsi behar ditugula».
Auzitegi Gorenaren sententziak jarraipena izango du datorren hilabetean, gainontzeko itunpeko ikastetxeen kasuekin (Kristau Eskola, Ikasbiltza...). Ezustekorik ezean, bide bera hartuko du Gorenak, eta 8.900 irakaslek soldata berreskura dezaketela ebatziko dute. Ikastoletako eta beste itunpeko ikastetxeetako langileak kontuan hartuta, 13.400 irakasleri eragiten die erabakiak.
EILASek poza agertu du
EILASek poza agertu duGorenaren erabakia jakinda: «Guk hasieratik salatu genuen murrizketa, eta poza adierazten dugu legea langileen alde agertu delako».
Irakasleei zor dieten diru kopuruari ezin diotela aurre egin esan dute ikastolek
Gorenak jakinarazi du ikastoletako langileek soldata osoa berreskura dezaketela; ezinezko jo du Imanol Igeregik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu