Irakasleek ingelesa ikasteko aurrekontua ia hirukoiztu egingo du Eusko Jaurlaritzak

Hezkuntza eleaniztuna sustatzeko, datorren ikasturteko aurrekontua 1,6 milioi eurokoa izango da

Isabel Zelaa eta David Lasagabaster, atzo, Donostiako Miramar jauregian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
jon olano
Donostia
2011ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 1,6 milioi eurora igoko du irakasleek ingelesa ikasteko aurrekontua. 2010-2011 ikasturtean, aurrekontu hori 600.000 eurokoa izan da, baina 2011-2012 ikasturterako, ia hiru aldiz diru gehiago gastatuko du Eusko Jaurlaritzak. Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak adierazi duenez, eleaniztasunak «ezin du itxaron».

Donostiako Miramar jauregian jakinarazi zuen datu hori, atzo, Zelaak, Hezkuntza Marko Hirueledunaren bigarren jardunaldian. Hezkuntza eleaniztunaren hainbat aditu eta 40 ikastetxetako ordezkariak izan ziren Miramar jauregian. Han, hezkuntza eleaniztuna defendatu zuen Zelaak, «etorkizuneko erronkei» aurre egiten diela eta.

Egoera ekonomikoa «zaila» bada ere, «politika batzuek» ezin dutela itxaron azaldu du Zelaak, eta horien artean kokatu du hezkuntza hirueleduna. «Ezin diogu bizkarra eman etorkizuneko apustu horri», ohartarazi du. Horrekin batera, orain arteko helburuak ez dituztela aldatuko azaldu du: «Gizarte elebiduna nahi dugu, baina ingelesera zabaltzen dena, hura baita ezagutzaren, zientziaren eta nazioartearen hizkuntza». Helburu horiek lortzeko, hezkuntza hirueleduna hiru zutabetan oinarrituko dela argitu du: euskara indartzea, elebitasuna egonkortzea, eta ingelesa sustatzea.

Proposatzen duen hezkuntza eredua ez dela euskararen kalterako izango nabarmendu du Zelaak. Helburua «bestelakoa» dela ziurtatu du. Gainera, hezkuntza eleaniztunak euskarari kalte egiten diola ikusiko balitz, eredu hori «berehala» zuzenduko luketela argitu du: «Oraindik, esperimentazio aldian gaude».

Aurten abiatu dituzte aurrenekoz hezkuntza hirueleduneko esperientziak, eta, guztira, hiru urtez luzatuko da froga aldia. Zelaak adierazi du esperientzia horretan parte hartzeko eskaera «oso handia» izan dela, eta gaineratu du eskaeraren igoera horri erantzuteko asmoz igo dutela aurrekontua. Hala ere, Zelaak aitortu duenez, eskola publikoek baino itunpeko ikastetxe gehiagok hartu dute parte lehenengo deialdian.

Egitasmo horren bitartez, ingelesa irakasgai gisa izan beharrean, hura ere irakats hizkuntza bilakatzen da. Euskaraz eta gaztelaniaz bezala, irakasgai batzuk —ingeles hizkuntzaz gain— ingelesez lantzen dira. Horrela, ikasleek ingelesarekiko hizkuntza gaitasunak hobetu ditzaten nahi du Eusko Jaurlaritzak.

Kalterik ez euskararentzat

Jardunaldian izan zen David Lasagabaster EHUko irakaslea. Haren iritziz, Edukien eta Atzerriko Hizkuntzen Ikaskuntza Integratuak nabarmen hobetzen du atzerriko hizkuntzen ezagutza, baina baita gainontzeko edukien eta ama hizkuntzaren ezagutza ere. Izan ere, hizkuntza atzerritar bat ere irakasteko tresna izateak, testuinguru linguistiko «oso interesgarria» sortzen duela, eta beste hizkuntzekiko jarrerak ere bultzatzen dituela iritzi dio Lasagabasterrek. Hala, hezkuntza hirueledunak ez liekeela euskarari eta gaztelaniari kalterik egingo uste du.

Hainbat kasu behatu ditu Lasagabasterrek, gizarte elebidun nahiz elebakarrak. Ingelesaren irakaskuntza zortzi urtetik laura jaisteak hobekuntza nabarmena eragin duela onartu du, baina hobekuntza hori ez dela nahikoa iritzi dio: «Irakaskuntza goiztiarra ez da ama hizkuntzen kalterako, eta ingelesean gaitasun hobea garatzen dute ikasleek, baina maila hori eskasa da». Ingelesa gainontzeko edukietan integratzeak erabilgarritasuna ematen diola eta ikasleen motibazioak eta hizkuntz gaitasunak gora egiten duela argudiatu du Lasagabasterrek. Gaitasun horietan, irakaskuntza goiztiarrarekiko gertatzen den jauzia datu batean bildu du: Katalunian, ingelesa ere irakats hizkuntzatzat zuten ikasleek urte bakar batean erdiesten zuten gainontzeko ikasleek hiru urtean lortzen zuten maila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.