Marian Moreno. Irakaslea eta hezkidetzan aditua

«Irakasleek, oro har, ez dute prestakuntzarik genero gaietan, eta hori larria da»

0-3 urteko geletatik hasi behar da hezkidetza lantzen, Marian Moreno irakaslearen esanetan. Haren ustez, argitaletxeek urrats «ahulak» egin dituzte ikasliburuetan berdintasuna aintzat hartzeko.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
«Jarrera sexistak saihestuz hasi behar du genero indarkeriaren aurkako borrokak, eta horretan eskolak zeresan handia du. Berdintasunean oinarritutako hezkuntza sustatu behar da. Baina orain arte horri ez zaio lehentasunik eman». Marian Moreno (Leon, Espainia, 1964) irakaslearen hitzak dira. Morenok Andrea kolektiboak antolatutako jardunaldi batzuetan hartu du parte Iruñean.

Askotan aipatu da eskolan dagoela genero indarkeriari aurre egiteko gakoetako bat. Horrela da?

Bai, baina egun arazo bat dago. Eskoletan hitz egiten da genero indarkeriaz, eta lantzen da gaia. Baina oraindik ere neska-mutikoen artean ohikoak dira jarrera sexistak. Jokabide horiek dira genero indarkeriaren oinarria. Azken batean, genero indarkeria sexismoaren adierazle bortitzena da. Beraz, eskolen lehen eginkizuna jarrera horiek saihestea litzateke. Berdintasuna oinarri duen hezkuntza sustatu behar da. Baina orain arte horri ez zaio lehentasunik eman.

Hezkidetza bi esparrutan landu behar da, curriculumean eta eguneroko ekintzetan. Nola ikusten dituzu alor bata eta bestea?

Bi esparruen artean kontraesan bat dagoela esango nuke. Batetik, uste dut egungo curriculumak nahikoa irekiak direla hezkidetzari lekua egiteko. Baina arazo larri bat dago: irakasleek, oro har, ez dute prestakuntzarik genero kontuetan. Irakasle eskoletan ez da prestakuntza hori ematen; ez, behintzat, modu orokor batean.Beraz, genero gaietan prestakuntzarik gabe amaitzen dituzte ikasketak, eta urteetan errotuta egon diren genero estereotipoen transmisioarekin jarraitzen dute. Askotan oharkabean egiten dute.

Curriculuma nahiko zabala dela aipatu duzu berdintasun eta genero kontuak lantzeko. Ikasliburuetan islatu al da hori?

Pausoak eman dira, baina nahiko txikiak eta ahulak dira. Marrazki baten adibidea jarrita, esan daiteke beste modu batean margotu dutela, baina sakon aztertuta, irudia ez da aldatu. Aldaketak, gainera, ez dituzte oso modu naturalean egin. Adabaki baten moduan egin dute. Adibidez, Frantziako Iraultza garai batean bezala lantzen da liburuetan; baina, gero, argitaletxe askok egin dutena zera da: amaieran paragrafo batzuk eskaini emakumeek Frantziako Iraultzan izan zuten leku eta rolari. Horrela, beren burua zuritu, eta berdintasun legea betetzen dutela defendatzen dute. Baina ez da horrela. Sakon aztertuta, egoera apenas aldatu den. Bazterketarik eta berdintasunik eza bultzatzen jarraitzen dute ikasliburuek, eta argitaletxeei bide luzea geratzen zaie benetako berdintasuna sustatzeko. Argitaletxe txiki batzuk dira salbuespena.

Noiz hasi behar da lantzen gaia ikasgeletan?

Nik uste 0-3 urteko ikasgeletan bertan hasi behar dela. Adin horretan gakoa irakasleak dira. Zaindu egin behar dute nola hitz egiten dieten umeei, kontatzen dizkieten ipuinak, abesten dizkieten kantuak, zertara jolasten diren haiekin... Une horretatik irakasleek berdintasun kontuetan erreferente bat izan behar dute umeentzat. Lehen hezkuntzatik aurrera pixkanaka ikasleei eman behar zaie protagonismoa. Berdintasunik ezaren aurrean jarrera kritiko eta aktibo bat hartuz hasi behar dute .

Eskolari ez al zaio ardura handiegia ematen genero indarkeria saihesteko lanean. Askok diote zama osoa irakasleen bizkar uzte dela.

Askotan zaila da etxean ikusten dutenaren aurka egitea. Baina eskola da guztiak igarotzen garen leku bakarra. Beraz, lekurik aproposena da genero indarkeriaren aurka lanean hasteko. Urratsak egiten jarraitzea nahi badugu, gainera, gure ardura da eskolari lan hori egin dezan exijitzea. Bide horretan familiak, hedabideek, astialdiak eta abar lagundu behar dute.

Noiz hasiko dira ikusten egun egiten ari diren lanaren emaitzak?

Esan bezala, gutxi egin da. Baina ez dugu ezkorrak izan behar, eta nik uste lan horren emaitzak apurka-apurka ikusten hasiko garela. Nerabeak gero eta gehiago jabetzen dira genero indarkeriaz. Ez dituzte onartu nahi indarkerian oinarritutako harremanak.

Zein iritzi duzu neskak eta mutilak bereizten dituzten ikastetxeen inguruan?

Ezin dut iritzi onik izan. Bereizketa ez da sekula ona izan. Eskolak ezin du ghetto bat izan. Hala bada, ez gara ari pertsonak hezten. Gainera, ikasketak amaitutakoan benetako errealitatearekin egingo dute topo neska-mutiko horiek. Ikusiko dute eskolan ikasitakoa eta ikusitakoa ez datorrela bat egunerokoarekin. Larriena da erakundeek ikastetxe horiek diruz laguntzen jarraitzen dutela.

Eusko Jaurlaritza aztertzen ari da genero indarkeriaren biktimek eskoletan beren testigantzak ematea. Zer iruditzen?

Oso gustuko dudan ekimena da, eta indar handikoa dela uste dut. Gustuko dut, betiere osagarri gisa. Izan ere, hezkidetza ikuspegi baikor batetik landu behar da. Baina egia da nerabezaroan gure ideiak bizipenen arabera osatzen doazela. Beraz, halako testigantza batek haiengan eragin nabarmena izango lukeela uste dut, eta lagundu egingo liekeela arazoa gertuagotik ezagutzen eta kontzientzia izaten.

Haur askok, hala ere, etxean bertan bizi dute indarkeria egoera hori. Emakumeen aurkako indarkeriaren beste biktimak dira. Eskoletan nola egiten da lan haiekin?

Nik uste ez zaiela behar dutena bezainbeste laguntzen. Baina, berriro ere, arazoa da irakasleei ez zaiela behar bezalako prestakuntza ematen horretarako. Hala, horrelako kasu bat esku artean dutenean larritu egiten dira, ez dakite nola jardun. Dena den, nik uste eskolak tratu berezia eman beharko liekeela, eta erakutsi arazoak ez direla indarkeriaren bidez konpontzen. Baina, batez ere, ikusarazi beharko liekete bikote harreman batean zoriona, maitasuna eta afektibitatea badaudela. Askok ez dute sekula ikusi hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.