Ikastetxeetan ingelesa sustatzeko, beste urrats bat egingo du datorren ikasturtean Nafarroako Gobernuak: beste hamabi eskola publikotan emango dute ingelesa irakats-hizkuntza duen ereduren bat. Denera, berrogei ikastetxetan izango dute ingelesa hizkuntza nagusi. Eskaintza hirukoiztu egin dutela nabarmendu du Jose Iribasek, Nafarroako Hezkuntza kontseilariak. «Garrantzitsua da barneratzea hizkuntzak ikasteak garrantzia duela gure hezkuntza sisteman; atzerriko hizkuntza bat behintzat ikasi behar da». Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan sustatuko dute ingelesa.
Iruñerritik kanpoko ikastetxeetan zabalduko dituzte eredu horiek. «Gure kezka zen ingelesa berandu ez heltzea Iruñetik urrun dauden herrietara eta biztanle gutxiago dituztenetara». Hala, Iruñeko eta Barañaingo eskoletan ez ezik, ingelesez ikasiko dute honako herrietan ere: Lerinen, San Adrianen, Elon, Cortesen, Artaxoan, Valtierran, Fiteron eta Caparroson eta Sartagudan —azken hori erabat baieztatzeko daukate, hizketan ari baitira oraindik—.
Eskola horietan ingelesezko ereduak jarrita berdintasuna bultzatu dutela esan du Iribasek: «Gure herrietako ikasleek ezin dute izan hiri garrantzitsuetakoek baino garrantzi txikiagoa. Oinarrizko baliabidea da ingelesa egoki ikastea, lanean eta gizartean etorkizuna izan nahi bada».
6.800 umeren esperoan
Aurrematrikulazio kanpainaren aurkezpenean jakinarazi du eskola gehiagotan ingelesez irakasten hasiko direla. Datorren astelehenean hasiko dute Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako kanpaina Nafarroan. Astebete izango dute izena emateko.
Espero dute 3 urteko 6.800 umek emango dutela izena Nafarroan datorren ikasturtean aritzeko. Azken urteetan gorabeherak izan dira, ikasle guztiek ez dutelako lekurik izan aukeratutako ereduan ikasteko; hori gertatu da D ereduan. Nafarroako Gobernuak iragarri du lekurik gabe geratutakoen kasuak aztertuko dituztela banaka-banaka.
Irakats-hizkuntza ingelesa izango da Nafarroako beste dozena bat ikastetxetan
Iribasek dio Iruñerritik kanpora zabalduko dela ingelesezko hezkuntza; guztira 40 ikastetxetan emango dute aukera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu