"Nazioarteko terrorismoaren arriskuez" ohartaraztea eta Iraken inbasioaren defentsa izan dira Bushek Erresuma Batuan egin duen lehendabiziko agerraldiko ardatzak.
AEBetako presidentearen iduriko,suntsipen handiko armak dituzten eta "diktadoreen mende" dauden herrialdeak dira gaur egun munduko egonkortasunaren kontrako mehatxu larriena. Han justu, herrialde eta agintari horiek "nazioarteko terrorismoaren" buru gisa agertu ditu, eta "estatu demokratikoen" betebeharra haiei aurre egitea dela azpimarratu du: "Gure aroko arrisku handienetik babesteko".
Ildo horretatik, AEBek ez dutela Iraketik erretiratzeko asmorik esan du Bushek; ez behintzat, harik eta "demokratizatze lana" amaitu arte. "Ez ginen Irakera hiltzaile banda baten aurrean amore emateko. Afganistanen eta Iraken dugun ardura geure gain hartuko dugu, eta hasitako demokratizazio lana amaituko dugu", azaldu du. Lan horretan, AEBak eta Erresuma Batua "elkarrekin" ari direla azpimarratu du: "Balore aliantza bat dugu elkarrekin, eta lotura hori sendo dago. Misio bat dugu egiteko, askatasunak babesleak behar baititu".
Nolanahi ere, Erresuma Batuko herritarren zati handi batek haserre antza hartu du Bushen bisita, batik bat, Iraken inbasioarekin ados ez daudelako. Hainbat lekutan izan dira protesta ekitaldiak. Londresen, AEBetako presidentearen aurkako ekitaldietan parte hartzen ari ziren 18 lagun atxilotu ditu Poliziak.
Nazioartekoa
Iraken inbasioaren defentsa sutsua egin du Bushek, Erresuma Batuko lehen hitzaldian
George Bush AEBetako presidentea Erresuma Batuan da bisitan. Hain zuzen ere, Iraken inbasioa sutsu defenditu du Londresen, Banqueting Housen, egin duen aurreneko hitzaldian. Mundu kaotiko batetik babesteko bidea "indarraren erabilera neurtua" dela adierazi du, eta Iraketik eta Afganistandik ez direla erretiratuko harik eta egitera joan ziren "lan demokratikoa" amaitzen duten arte. Poliziak AEBeko presidentearen bisitaren kontra protestan ari ziren hemezortzi lagun atxilotu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu