Euria ari duelarik Iratiko mendietan, gordagia bilatzen dute mendizaleek. Zuberoa eta Nafarroa Beheretik datozen errepide hertsiek hatsa hartzen duten lautadan egin zituzten etxolak, Bagargi kaskoan. Duela 40 urte izan zen hori, eta orduko eraikinak zaharkituak daude. Beharrak ere aldatu dira, ohitura aldaketen eraginez. Zuberoako batzorde sindikalak azpiegitura hori egokitzea deliberatu du. Datorren urtean 400 metro koadroko eraikina egin nahi dute Hegi Xuria izeneko eremuan. Horrez gain, 40 txaletak arraberritu nahi dituzte.
Jendeek aukera dute etxola bat alokatzeko, baina bizikidetza gune gutxi daude euria edo elurra egiten duelarik. Eskaintza hori zabaltzea da batzordearen helburua. 700.000 euroko aurrekontua onartu dute Hegi Xuriako etxola egiteko. «Bizikidetza gune bat eskaini nahi dugu, nahi duten jendeek telebista ikusteko aukera ukan dezaten, zerbait jateko elkarrekin, edo taldean egoteko parada baliatzeko», dio Josie Arrosagarai Iratiko txaletetako kudeatzaileak.
Oraindik ez dute kokagunea zehaztu. Hegi Xurian izanen da, baina errepidearen bi aldeetara jar daiteke. Teknikariek erabaki beharko dute, zailtasunen arabera.Gune berri horretan kokatu nahi dituzte harrera, 80 pertsona har ditzakeen aretoa, lerrakinen alokairua eta ostatu xume bat.
Jendeak gurutzatzea da helburua, ez alokairu eskaintza zabaltzea. Gaur egun 300 ohe daude Iratin, eta ez dute kopuru hori emendatu nahi. «Ez dugu nahi eraikin kopurua emendatzea, eskaintza hobea eta gehiago baliatzea baizik», dio Arrosagaraik. Gaur egun, 55.000 eta 60.000 loaldi dituzte. Lanen ondorioz, 65.000 loalditara heltzea espero dute.
Asteburuak hartuak dira. Dagoeneko ez dago tokirik gabon edo urtats gauerako. Baina eguraldia hozten delarik, aste egunetan ez dago neholako arazorik. Hutsune hori baliatuz kopuruak emendatzea da helburua.
Eskaintza batu
«Urteotan Irati-Nafarroa Garaia, Irati-Garazi eta Irati-Zuberoa hiru eremu balira bezala kudeatu dira, bakoitzak bere aldetik. Irati bakarra da, eta guztien indarrak batuz eskaintza bakarra egitea izan behar da helburua», dio Arrosagaraik. Zaraitzu eta Hegi Xuria arteko bidexkak egokitzea eta gehiago atontzea da lan esparruetariko bat. Ibilbide gisa antolatuz, gune egonaldiak gune ezberdinen artean partekatzeko aukera eskaini nahi dute.
Aste barneko eskaintza ugaltzea da kakoa. Oreinen marruak entzutea, mendiko bizikletan ibiltzeko bidexkak osatzea, Organbidexkako lepoan hegaztien migrazioak ikustea, edo mintegiak egiteko parada eskaintzea dira aztertzen ari diren ildo batzuk. Etxola gehiago egin gabe jende gehiago erakartzea ez da pario erraza. Baina onartzen duten garapen ildo bakarra aste barneko eskaintza hobe ustiatzea da. Iratik lasaitasuna eta natura eskaintzen ditu nagusiki. Orain arteko berme horiei eustea da erronka aitzina begira ere bai.
Gizakia naturan txertatu
Ingurumenari kalterik eginen ez dion garapenaren alde daudela dio Arrosagaraik. «Hau artzainen eremua da, ardien alagiak dira, eta bertara jiten direnak dira testuinguru horretan txertatu beharrekoak».
Orain artean bezala txakurrak uhalez loturik eraman beharko dira eta, artaldeak ez ohiltzeko, lasai ibiltzeko eskatzen diote jendeari.
Etxoletako hobekuntza lanak irizpide horiei jarraikiz burutuko dira. Dagoeneko bost berritu dituzte eta bi urteko txandetan arituko dira horrela, 2015era arte. Hobekuntza lanen aurrekontua 800.000 eurokoa da, gutxi gora behera.
Etxolak zaharkituak ziren, eta orain dela 40 urteko irizpideetan eginak. Energien xahutzea menperatu nahirik, etxeen isolamendua hobetuko dute. Egitura eta kanpoko itxura atxikiko dituzte, baina barnetik erabat arraberritu dituzte. Isolamendua erabat aldatu dute, eta eguzki indarra baliatzeko aukera aztertzen ari dira. Diru aldetik ez da biziki errentagarria. Azken ikerketak erakutsi zuen kitapena 29 urtekoa dela. Baina teknikak, jendeen gustuak eta eskakizunak bezala, aldatu dira. Jendeak gurutzatzeko eskaintza osatzea bilatzen dute, naturaren arta atxikiz eta urteotako ezaugarriak aldatu gabe.
Iratiren lilura erosotasunera moldatuz
Iratiko Hegi Xuria eremuan, laurehun metro koadroko eraikina eginen dute, taldeak erakartzeko astegunetan. Horrekin batera, etxolen arraberritzeari ekinen diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu