Politika

Iratxe Sorzabalen kontrako bi euroagindu onartu ditu Parisek

Espainiako Auzitegi Nazionalak Sorzabalen kontrako hiru euroagindu eskaera egin zituen eta haietako bi onartu ditu Parisko Dei Auzitegiak. Torturaren gaia aztertu gabe hartu dute erabakia. Defentsak helegitea jarriko du Parisko Kasazio Auzitegian.

Iratxe Sorzabalen gorptzeko zauriak erakusten dituzten argazkiak, TATek tortura salatzeko eginiko prentsaurreko batean. Artxiboko irudia. JON URBE, FOKU
2018ko irailaren 26a
07:45
Entzun

"Pena da". Hitz horiekin laburbildu du Xantiana Cachenault abokatuak Parisko Dei Auzitegiaren erabakia. Iratxe Sorzabalen aurka emandako hiru euroaginduetatik bi onartu ditu, eta hirugarrenarentzat, frantsesera itzulia izan ez den dokumentu bat itzultzeko eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalari. "Torturaren gaian ez dira sartu eta ez dute handitu haien kontrola, nik eskatzen nuen gisan, eta Europako eta nazioarteko legeek eskatzen duten gisan. Pena handia da. Aukera bat zuten horretan sartzeko, tortura errekonozitzeko, baina ez dute hartu aukera hori", adierazi du Cachenaultek etsitua.

Parisko Kasazio Auzitegira joko dutela baieztatu du Cachenaultek, "ea han zer erraten duten", nahiz eta onartu esperantza urriarekin doala, epaia "erabat politikoa" izan dela kontsideratuta. "Gatazkaren konponbidea eta torturaren gaia ukitzen ditu epai honek, bete betean. Argumentu juridikoak baziren euroagindu hauek ukatzeko, baina hala ere, ez dira horretan sartu. Nire ustez oso konplikatua egiten zaie onartzea euroagindu prozeduretan tortura badela; hainbat eskaera baldintzatzen ditu. Eta gero, egia da Frantzia eta Espainiaren arteko harreman judizialen eta politikoen mailan konplikatua dela hori onartzea. Erabaki hori ez da juridikoa, ezin da juridikoa izan". Hala ere, helegitea ezarri eta azken muturreraino saiatzeko borondatea erakutsi du abokatuak.

"Ausardiarik gabe" aritu izana leporatu dio Cachenaultek Frantziako justiziari, eta azken aukera agortu arte helegiteak emateko borondatea erakutsi du; Kasazioarekin ez balitz Europara joateko aukera aztertuko dute. "Baina, lehenik Parisko Kasazio Auzitegira jo behar dugu. Ez dut esperantza oro galdua. Ez da erraza izanen, baina badira aukerak", adierazi du. Ahalik eta lasterren ezarriko dute helegitea -gaur arratsaldean ahal bada-; hiru hilabetera ematen du erabakia auzitegi horrek.

2001ean atxilotua eta torturatua

Frantziako espetxe zigorra betetakoan Espainiaratuko dute Iratxe Sorzabal presoa. Hitu atentatutan parte hartzea egozten dio Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta horregatik eskatu zion Frantziari hura Espainiaratzea. Nolanahi ere, presoa atentatu horiekin lotzeko froga bakarra hura 2001ean Espainian atxilotu zutenean bere buruaren kontra egindako deklarazioak dira. Deklarazio horiek torturapean egindakoak direla salatu zuen Sorzabalek gero, eta gezurra zirela esan.

Auzitegiaren aurrean torturak frogatzeko Istanbulgo Protokoloa aplikatu diote Sorzabali, eta haren emaitzen txostena auzitegira eman du defentsak. Baina han, ez dute torturen afera ikertu, eta Sorzabal Espainiaratzea ebatzi dute.

Sortuk "eskandalugarritzat" jo du euroagindu eskaerak onartzea: "Nazioarteko legedia oso zorrotza da zentzu horretan, eta torturapean lortutako testigantzak erabiltzea galarazten du".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.