Aralarren gaurko ildo ofizialarekin desadostasuna agertu eta, "menpekotasunik gabeko aktibismoari bultzada" emateko asmoz, Iratzarri gazte erakundeko militantziak bere proiektua Aralarretik bereiztea erabaki du gaur, Bilbon egindako batzarrean. Aintzane Ezenarro Aralarreko eusko legebiltzarkidearen lana goretsi du, Nafarroa Bai formularen alde agertu da —"Nafarroan ezkerreko abertzaletasunaren aurrerakadari begira tresna inportante eta eraginkorrenetakoa izan da"— eta Abertzaleen Batasunaren egitekoa ere azpimarratu du. "Horiek izango dira gure erreferentzia politikoak".
Aralarrek iazko Espainiako Kongresurako hauteskundeetan Amaiur koalizioaren alde egin zuen, ezker abertzalea, EA eta Alternatibarekin bat eginda —batzar nazional batean hartu zuen erabakia—, eta Ezenarro jendaurrean ere ez da horrekin ados azaldu. Boz horietan ez zen izan NaBairik, eta EAJ eta independente batzuk Geroa Bai bezala aurkeztu ziren.
Amaiurren printzipioei babesa emateko eskatzeko Aralarrek gaur zortzi Gasteizen batzar nagusia egingo du.
Iratzarrik ohar batean esan du ez duela egon nahi "hauteskunde logikaren menpe, horrek gazte abertzale eta ezkertiarron aniztasuna gutxiesten duelako".
Batez ere, 2007tik da martxan Iratzarri, gazteen artean ere "ezker abertzale berria, zibil eta zabalaren printzipio eta kultura politikoa" lantzeko, eta "Aralarreko gazte erreferente bakarra" izan da, haren arabera. "Baina gaurtik aurrera Iratzarri jada ez da Aralarrena. Aralarrek gazte erakunde berri bat eratzeko aukera zabalik du".
Erakundeak dio "gazte ezkertiar eta abertzaleen parte hartzerako eta formakuntzarako gunea" izaten segituko duela, eta independentziarako bidean modu "zibil eta politikoan" lantzen jarraituko duela.