Durangon egingo dute aurtengo Bizkaiko ikastolen jaia. Ibaizabal eta Kurutziaga ikastolek antolatu dute, eta ospakizunari ezaugarri berezi batzuk ematen saiatu dira. Ez dute kontzertu erraldoirik nahi: ospakizun herritarra izatea gura dute. Festa parekide eta iraunkorraren aldeko neurriak ere hartu dituzte. Horiek izango dira aurtengo Ibilaldiaren berritasun nagusiak. Dagigun lelopean, maiatzaren 29an egingo dute. Atzo aurkeztu zuten egitaraua, Durangoko Ibaizabal ikastolan.
Sei kilometroko ibilbidea prestatu dute, Ibaizabal ikastolan hasi eta Kurutziaga ikastolara arte. Bide osoa Durangoko kaleetan barrena osatu dute. «Ikastolak herri ekimenetik sortutako proiektuak direla gogorarazi nahi dugu. Horregatik, aurtengo ekitaldi guztiak herriko eragile eta elkarteekin egingo ditugu, herrian bertan», azaldu du Idurre Maortua Ibaizabal ikastolako zuzendariak. Durangoko eta Durangaldeko kultura, musika eta kirol arloko taldeek aparteko garrantzia izango dute egitarauan. Baina ez dute ahaztu nahi izan ikastolak Euskal Herri osokoak direla. Horregatik, zazpi herrialdeetako sortzaileei ere lekua egin nahi izan diete. Markel Larruskain Ibilaldiko dinamizatzaileak azaldu du kontzertu handiak kanpoan uzteko apustua egin dutela, beste jai eredu baten alde.
Egitarau parekidea osatzen saiatu direla aipatu du Maortuak. «Eta uste dut lortu dugula». Baina gehiago ere egin dute: eraso sexisten aurkako protokoloa prestatu dute, eta hori indarrean jartzeko eragile moreak izeneko figura bat sortu dute. Ibilaldiaren ibilbide osoan ibiliko dira, morez jantzita. Zaintza lana izango dute, eta, bide batez, paisaia morez tindatzen ahaleginduko dira, erasoen aurkako kontzientzia piztuz. Gerora begira «oinarri bat» ipini dutela iruditzen zaio Maortuari; jarraibide bat.
Iraunkortasunari dagokionez, urteroko eskaera egin dute: garraio publikoa erabilita joateko. Horrez gain, hondakin kopuru txikiena sortzeko aholkuak emango dituzte egunean bertan. Maortuak aitortu du zabor gehien gazteek eroandako botilek sortzen dutela. Ailaket elkartearekin, Durangaldeko Mankomunitatearekin eta Sasoia erakundearekin, boluntario talde bat sortu dute: Ibilaldiaren egunean prebentzio lanak egiten ibiliko dira, eta jaian parte hartzeko jarrera aktiboagoaren aldeko kontzientzia sortzen.
ibilaldia
Iraunkorra eta parekidea nahi dute Ibilaldia
Maiatzaren 29an egingo da Bizkaiko ikastolen jaia Durangon. Ibilbidea eta egitaraua erabili dituzte herriak emandako babesa eskertzeko. Bideoa: Ibilaldia (Ibilaldia elkartea) [youtube]https://youtu.be/g16f6orW3TY[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu