Ireki dute N-121-A bidea

Iruñea eta Irun artean falta zen azken zatia, Sunbilla eta Bera arteko 7,9 kilometroak, berritzen bukatu dute

mikel p ansa
2009ko urriaren 24a
00:00
Entzun
N-121-A bidea zabalik dago. Nafarroako Gobernuak errepideen artean «ardatz estrategikotzat» dauka bide hori.Zati bakarra gelditzen zen zirkulazioarentzat irekitzeko, Sunbilla eta Bera artekoa. Lanak bukatuta, atzo ireki zuten 7,9 kilometroko luzera duen errepide zati hori. Lanak egiteko, bitan banatu dute zati hori: Sunbilla eta Etxalar artean eta Etxalar eta Bera artean. Sunbilla eta Bera arteko bidea berritzen 43,1 milioi euroko gastua egin du Gobernuak. Errepideen artean, istripu gehien izan dutenetakoa da N-121-A bidea -2003. eta 2007. urteen artean 40 lagun hil ziren-, eta eskualdeko udalek sarritan eskatu dute berritzeko.

Irundik (Gipuzkoa) Endarlatsara, eta hortik Bera arteko errepide zatiak ekainean zabaldu zituzten ibilgailuentzat, eta Ostizko saihesbidea otsailean ireki zuten. Hala, N-121-A errepideko bost eremutan egin beharreko lanak bukatu ditu Nafarroako Gobernuak. Atzo, Sunbilla eta Bera arteko zatia irekitzeko ekitaldian, pozik agertu zen Miguel Sanz: «Urrats garrantzitsua egin dugu komunikaziora bidean, hau da, etorkizunera bidean». Sanzekin, inaugurazio ekitaldian izan ziren Nafarroako Gobernuko Herri Lan eta Garraio kontseilaria, Laura Alba, eta Ingurumen kontseilaria, Begoña Sanzberro.

N-121-A errepideak 70,8 kilometroko luzera du Iruñea eta Irun artean; Gipuzkoako lurretan 6,3 kilometro egiten ditu. Gipuzkoako Foru Aldundia arduratu da bere zatiko lanak egiteaz, Irun eta Endarlatsako zubiaren artean; 51,8 milioi euro erabili ditu. Nafarroako Gobernuak 13,2 kilometrotan berritu du errepidea, eta 74,7 milioi euroko diru saila erabili du horretarako.

Bide berrituak 11 aldiz igarotzen du, gainetik, Bidasoa ibaia; bide zaharraren aldean, 1,4 kilometro motzagoa da, bestalde. Handik igaroko dira, egunero, 8.800 ibilgailu -kamioiak izan ohi dira haietatik 2.000 inguru-.

Sanzek adierazi duenez, enpresei, turismoari eta herritarrei egingo die mesede errepide berriak. «Irunekin eta Frantziarekin, eta Europako komunikazio ardatz handiekin» loturak erraztuko dituela nabarmendu du Sanzek. Errepideko lanen helburua izan da «zerbitzu altuko» errepidea egitea, bidearen ahalmena handitzea, aurreratzeko errailak jartzea, bidearen segurtasuna hobetzea eta erosotasuna handitzea. «Nafarroako ipar-mendebaldearen garapen sozial eta ekonomikorako funtsezkoa» baita errepidea, Sanzen hitzetan.

Bide berdea berritzeko asmoa

Lanek Bidasoako burdinbidea zenari ere eragin diote, eta Nafarroako Gobernuak bide berde hori leheneratzeko eta hobetzeko asmoa azaldu du. Uneotan gas hodiak berritzen ari dira; Gobernuak lan horiek amaitu orduko ekingo dio bide berdea lehengoratzeari.

Eskualdeko herrietatik alkate eta zinegotzi ugari hurreratu ziren atzo inauguraziora. Sanzek «pazientzia» eskertu zien haiei eta eskualdeko herritarrei. Eskerrak eman zizkien «lan zoragarri hau errealitate bihurtu duten guztiei», eta Ion Ander Usabiagaren lagun eta senideei dolumina eta elkartasuna adierazi zien. Usabiaga enpresako langilea zen Ion Ander Usabiaga, eta martxoaren 3an lan istripuz hil zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.