Euskal presoak

Ireki sortu dute, "lan mundutik presoen dinamikan ekarpena egiteko"

Arlo horretan langile mugimenduan sumatu duten "hutsunea" betetzeko asmoz jarri dute abian ekinbide berria. Donostian aurkeztu dute hainbat langilek. Haren helburua da 150.000 langileren sinadurak biltzea, eta horiek preso eta iheslarien arloan lanean ari diren eragileen esku uztea.

Ireki aurkeztu du langile talde batek, presoekiko elkartasunez. IREKI
enekoitz telleria sarriegi
2016ko urriaren 15a
10:24
Entzun

Euskal Herriko txoko guztietako langileak nahi dituzte mobilizatu euskal preso eta iheslarien aldeko dinamikan, eta txoko horietako guztietako ordezkaritza batek agerraldia egin du Donostian, Ireki izeneko ekinbidearen berri emateko. "Esan dezakegu azken bost urteotan, salbuespenak salbuespen, langile mugimenduan preso eta iheslarien kontuak ahazturik izan ditugula. Esan dezakegu azken urte hauetan lan munduan ez garela gai izan preso eta iheslarien dinamikan ekarpenik egiteko", hausnartu dute Irekiko kideek. Eta egoera hori irauli nahian nahi dute antolatu, sinadura bilketa baten bidez langileen artean 150.000 atxikimendu bildu, eta ekainaren 17an, oraindik zehaztu ez duten moduan, ekinbideari amaiera eman. "Gaurtik eskatzen dugu egun hori agendan gordetzea".

Urtarrilaren 9an Bilbon eta Baionan euskal preso eta iheslarien alde egindako manifestazioen ostean abiatutako gogoeta batetik sortu da Ireki. "Egoera zailagoak" zirenean euskal langileek arlo horretan egindako ekarpenak "urrun, oso urrun" ikusten dituzte: "Ibaetako foroa, elkarretaratzeak, manifestuak, lanuzteak...". Eta paradoxa batekin egin dute topo: "Euskal jendartean baldintza objektiboak askoz hobeak direnean, preso eta iheslarien gaia ez dago langile mugimenduaren agendan".

Gogoeta horiek bildu dituztela diote Irekikoek, euskal preso eta iheslarienganako atxikimendua azaltzeko arrazoi asko egon daitezkeela, baina haiek bi nabarmendu nahi dituztela, "funtsezkoak eta sinpleak": arrazoi logikoa eta langile arrazoia. "Logikoa: gatazka armatuen amaierarekin batera, mundu guztian preso eta iheslariak etxerako bidean jarri izan dira". "Langile arrazoia: hauteskunde ziklo, kalkulu eta agenda politikoen gainetik, behin baino gehiagotan izan da erabakigarria langileon bultzada aldaketa sakonak egiteko".

Sinadura bilketa

Inoiz euskal langileen artean egin den sinadura bilketarik erraldoiena egin nahi dute horretarako. Helburua: 150.000 sinadura lortzea. Lantokiz lantoki. Boluntarioen laguntzaz —[email protected] helbidea eman dute boluntarioek izena eman dezaten—. Behin helburua lortuta, sinadura horiek preso eta iheslarien arloan lanean diharduten eragileen esku utziko dituzte, "beraiek kudea ditzaten; baita euskal sindikatuen esku ere".

Ekainaren 17an amaituko da Irekia ekinbidea. Oraindik ez dute zehaztu nola emango dioten amaiera, baina egun hori agendan gordetzeko eskatu dute, "mugarri" bilakatu dadin. "Preso eta iheslari guztien etxeratze bidea, modu sinbolikoan bada ere, Ireki-ko dugu".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.