Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak azalpenak eman ditu legebiltzarreko hezkuntza batzordean, Guardia Zibilaren D ereduaren gaineko txostenari buruz. Nafarroako Gobernua "susmagarritzat" jotzeko arrazoirik ez dagoela uste du Iribasek, eta ikerketarekin zerikusirik ez duela berretsi du. Guardia Zibilaren jarduna defendatu du behin eta berriz. Poliziaren eginkizuna arau-hausteak saihestea, eta horrelakoak gertatuz gero, aurre egitea dela azaldu du, irakasleak zelatatu izana justifikatuz: "Poliziak ikertzeari ekin badio, arrazoiren bat egongo da".
Guardia Zibilaren txostenaren inguruan, berriz, "ezin" dezake edukiaz xehetasunik eman, "Guardia Zibilaren jabetza" delako, eta "segurtasunaz" ari delako, "ez hezkuntzaz".
Egungo legea aldatzeko asmoa ere agertu du, "terroristak edo pederastak izan diren pertsonek klaseak ez emateko, espetxetik irtetean". "Supiztaileak" ez ditu "suhiltzaileen lekuan" nahi Iribasek.
D ereduari dagokionez, berriz. ez du manifestaziorik behar haren defentsak, "emaitza optimoak" direlako horren defentsarik handiena. Nafarroako hezkuntza eredu "guztiek" emaitza "oso onak" ematen dituzte "Espainiako hezkuntza sistemarekin" konparatuz gero. "Lasaitasun mezua" eman nahi dio, beraz, gobernuak hezkuntza komunitateari. "Ikasle guztiek dute eskubidea nahi duten eredua hautatzeko. Guztiak dira legezkoak eta guztiak babesten ditut nik neuk".
Polemika "interesatua" da D ereduaren gainean sortu dena, hezkuntzatik at egon beharko lukeena, "alderdiek" bere eta Barcina presidentearen kontra eragin duten "sorgin ehiza".
"Dudarik baldin badago" errepikatu du berriz, "ereduen aukeraketaren babesa" ematen dio Iribasek eta bere departamentuak, "baina hezkuntzaren aukeraketari, edozein dela hizkuntza, euskarazkoa ere bai, baina ez beste ezeri".
Bakartxo Ruiz: "Zuek zarete piromanoak gure hezkuntza sisteman"
Oposizioa Iribasi erantzuten hasi zaio. Bakartxo Ruizek, esaterako, Iribasek erabilitako piromanoen metafora erabili du erantzuteko: "Zuek zarete piromanoak, gure hezkuntza sisteman, azeriak oilategian". Txostena auzitan jarri ordez, "irakasleen jarduna zalantzan jartzea" leporatu dio. "Zuen irainek ez dute etenik". "Irakasleak zelatatzea ontzat eman duzu, normalizazioaz hitz egin ostean. Erregimen totalitarioetan gertatzen dira horrelakoak".
Na-Baiko Nekane Perezi "lotsagarria" iruditzen zaio Iribasen jarrera: "Harrikada bota diguzu eta errua gurea da". Haren ustez, "hemen piromano bakarrak zuek (UPN) zarete, eta Hezkuntza sailean ez dugu halakorik nahi". Hezkuntzari buruz hitz egiterakoan LABen aipamenetaz Iribasek esan duenari erantzunez —Euskal Herria eraldetzeko hezkuntza sistema erabili behar dela—, Perezek gogoratu dio "hezkuntza gizartea eraldatzeko" erabiltzen dela, erabili izan dela eta erabiliko dela, "mundu hobea" lortzeko, baina UPNk "gerraren mentalitatea" baliatzen duela hezkuntza sisteman ere.
Perezentzat Guardia Zibilaren txostenak "kontrol ideologikoa egitea beste asmorik ez" duela salatu du. "Ez dakit nork nori zer eskatu dion, baina zuek babestu egin duzue".
PP Iribasekin dago, Amaya Sarranzek ere UPNren iritzia berretsi baitu. "Ez ditugu nahi pederastak, terroristak eta bortxatzaileak ikasgeletan". Legea aldatzeko asmoaren alde egingo duela ziurtatu du PPk, eta ez duela Iribasen dimisioa eskatuko. "Beldurra" emango lioke "ezker abertzelako norbait ikustea kontseilari gisa".
Ezkerrako Marisa de Simonek uste du Iribasek "arazoari" erantzun irmoa eman ordez, polemika hauspotu baino ez duela egin, "instigatzailea" dela.
"Gezurretan"
"Gezurretan ari da polemika sortzailea ni naizela esaten duena", erantzun die Iribasek oposizioko kritikei. "Kohesio sozialaren alde egiten" du. "Informazioa filtratu zen egun berean borondatez joan nintzen Euskaltzaindiaren ekitaldi batera, eta han egotea erabaki nuen, gobernuaren ezohiko bilera batera joan ordez". Haserre dagoela esan du: "Mintzen nau instigatzaile naizela entzuteak". Lege aldaketaren inguruan, berriz, ekimen bakarra, "kondenatu dituzten pertsonak hainbat ekintzetara ez itzultzea izango da", baina hori testuingurutik atera eta beste zerbait ulertu du oposizioak, Iribasen ustez.
Barcina, D ereduaren "benetako" etsaiez
Nafarroako Gobernuko presidenteak ere ez dio atea itxi erabakiak hartzeari. Ezinbestekotzat jo du D ereduaren aurkako jarrera orori aurre egitea, eta esan du eredu horren "benetako etsaiak" helburu politiko gisa erabiltzen dituztenak direla. Guardia Zibilak eginiko txostenaren harira, haren edukia ikertzen ari direla jakinarazi du, eta hala badagokio beharrezko erabakiak eta neurriak hartuko dituela adierazi du.
Nafarroako 28 ikastetxeri buruzko ikerketa horretan ETAren inguruko irakasleak daudela ziurtatu du Barcinak, eta horrelakoak saihestea "nahitaezkoa" dela nabarmendu du. Izan ere, D ereduko gainontzeko irakasleei "kalte izugarria" egiten die, haren iritziz. Txostenean detektatzen duten arazo edo hezkuntza egokia ez izateko zantzu guztiei aurre egingo dietela azaldu du. "Ez da aproposena pertsona bat indarkeriagatik kartzelara sartzea eta, bertatik irtendakoan, klaseak ematen hastea. Ikasleen gurasoek ez zuten ondo ikusiko".