Murrizketen kontrako protesta gisa grebak edo gisa horretako protestak izatea baztertu egin du Jose Iribasek, Nafarroako Hezkuntza kontseilariak: «Uste osoa dut ez dela grebarik izango», adierazi du. Irakasleei eskatu die jokatzeko arduraz, eta ez hartzeko ikasleek nozitu beharko luketen neurririk. «Erabateko itxaropena dut irakasleen sen onean eta erantzukizunean». Elkarrizketarako eskua luzatuta daukala berretsi die berriro ere irakasleei, baina betiere argi utzirik astean eman beharko eskola orduak ez direla negoziagarri —17 ordu beharrean, 18 emango dituzte—. Irakasleak asanbladara deituta daude asteartean, hilaren 6an. Han erabakiko dute protesta ekintzaren bat antolatu edo ez.
Krisiagatik ezarritako neurria berria ez dela nabarmendu du kontseilariak, 2007ko akordioaren aurretik ere 18 eskola ordu zituztela irakasleek. «Irakasle askok esan didate beste une batean eta beste era batera har zitekeen erabakia bazela, baina erabakia bera ez dela auzitan jartzekoa». Iribasek gutun bat idatzi die irakasleei, ikasturte hasierarekin batera. Nabarmendu du aurrekontuek mugatzen dutela hezkuntzara bideratu dezaketen dirua. «Elkarrizketan aritu gaitezke, zeri eman lehentasuna».
Hartutako neurriek hezkuntzaren kalitatea auzitan jarriko dutela ohartarazi dute hainbat eragilek. Ez dator ados Iribas: «Nafarroako hezkuntzaren kalitatea bikaina da, eta hala izaten jarraituko du. Izan daitezkeen gorabeherek ez dute inolaz ere kaskartuko hezkuntza sistemak ematen duen zerbitzuaren kalitatea». Hala, murrizketak eta kalitate eza ez lotzeko eskatu du.
Orkoienen izan zen atzo kontseilaria. Eskola berria dute, D eredukoa, Haur eta Lehen Hezkuntzako 141 ikaslerentzat.
Iribas: «Uste osoa dut ez dela grebarik izango»
Nafarroako Hezkuntza kontseilariak esan du murrizketek ez dutela kaskartuko hezkuntza sistemaren kalitatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu