«Gaztelaniaren gisako hizkuntza bat menderatzeak etorkizun profesionala eta soziala hobetzen die ikasleei». Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Iribasen arabera, «oinarrizkoa» da ikasleek gaztelaniaz jakitea eta ulermen arazorik ez izatea. Horregatik, gaztelania lantzeko saila sortu zuten Nafarroan. Horrez gain, ingelesak ere «emaitza onak» utziko dituela esan zuen kontseilariak. «Gaztelania ez den beste hizkuntza batean ondo hitz egiteak ez dio zertan eragin gure hizkuntzari, gaztelaniari».
Iribasek 2011ko balantzea egin zuen atzo, Iruñean. Lan asko egin duten urtea eta «emankorra» izan dela azaldu zuen. Iribasen arabera, lehendik zeuden «uste txarrak argitu» egin dituzte, eta elkarrizketan oinarritu dira. Kontseilariaren ustez, zuzentzen duen sailaren ezaugarri nagusia «parte hartzailea» izatea da: «Parte hartu nahi duten pertsona eta talde guztientzat ate guztiak zabalik dauzkagu beti».
Hurrengo urteko erronken berri ere eman zuen Iribasek. «Bikaintasunera» bidean jarraituko dutela azaldu zuen, eta Nafarroako ikasleen maila hobetzen saiatuko direla. Horretarako irakasleen betekizuna «garrantzitsua» dela adierazi zuen. Eta irakasleengan badu konfiantza kontseilariak: «Irakasle eta profesional bikainak ditugu. Ziur egon gure gizartearentzat ekarpenak egiten jarraituko dutela».
Elkarlana Raxoirekin
Iribasen arabera, Mariano Raxoi buru duen Espainiako gobernu berriak zeresan handia du hezkuntzaren oinarrietan. Eta harekin elkarlanean aritzeko prest agertu zen kontseilaria: «Lanean jarraituko dugu: gure hezkuntza hobetzeko, bikaintasunera iristeko eta denei aukera bera eskaintzeko». Izan ere, Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren apustua «aukera berdintasuna» da, kontseilariaren esanetan. Ez dute «inor» baztertu nahi Nafarroako hezkuntza zentroetan: «Ahalik eta arreta onena ematen diegu elbarritasunen bat duten ikasleei. Adiskideen aukera berak izateko eskubidea dute».
Iribasek esan du «oinarrizkoa» dela ikasleek gaztelania menderatzea
Nafarroako Hezkuntza kontseilariaren ustetan, etorkizun profesional hobea izateko bidea da gaztelaniaz ondo jakitea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu