Hezkuntza

Iribasek ez du baztertu aurten bertan murrizketa gehiago egitea

Nafarroako Gobernuaren murrizketek hezkuntzan izango duten eragina azaltzeko, agerraldia egin du kontseilariak, baina apenas eman duen daturik. "Gaur-gaurkoz ez da posible jakitea zenbateko eragina izango duten diru sail guztiek eta Hezkuntza Departamentuaren aurrekontuek".

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko irailaren 20a
17:27
Entzun

Nafarroako hezkuntzan murrizketa gehiago egitea ez du baztertu Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak. Zenbakirik eta daturik apenas eman duen parlamentuan, nahiz horretarako zuen agerraldia. "Erabaki irmorik ez dago oraindik", erantzun du, parlamentari taldeek galderak egin dizkiotenean. Kontseilariak azaldu du harian-harian joango direla gastuak egokitzen, diru sarrerak kontuan izanda. "Diru sailak aukeratuz joango gara, blokeatzeko edo desblokeatzeko, dauden beharren arabera". Mozketak izan daitezkeela argi iradoki du, nolanahi ere: "Gaur-gaurkoz ez da posible jakitea zenbateko eragina izango duten diru sail guztiek eta Hezkuntza Departamentuaren aurrekontuek. Erabiliko ez ditugun diru sailei buruz ez dugu hartu behin betiko erabakirik".

Eztabaida gogorra izan dute Iribasek eta oposizioko taldeek. Argibideak eskatu dizkiote kontseilariari, zehazteko zertan egin ditzakeen murrizketak. Hark uko egin dio datuak emateari. Are, "alarma sortzea" egotzi die oposizioko alderdiei. Iribasek nabarmendu du "normala" izan dela ikasturte hasiera, irakasle gutxiago badaude ere; aurten, iaz baino 350 gutxiago. Hala esan du kontseilariak: "Kontua da eroritako zuhatz batek hots gehiago ateratzen duela hazten ari den baso batek baino". Ordezkapenak-eta egin dituztela azaldu du, nahiz gobernuak agindu bat eman postu gehienak ez ordezkatzeko. "Salbuespenak" ari dira egiten ikastetxeetan.

Emandako zenbaki bakanetakoak NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoari buruzkoak izan dira. Jakinak ziren datuak: adostu baino %5 diru gutxiago emango dio gobernuak unibertsitate publikoari, hiru milioi gutxiago. Errektore taldeak salatua du horrek kinka larrian jarri duela NUP eta jardun batzuk bertan behera utzi beharra izango dutela. Iribasek, berriz, adierazi du "onartzeko modukoa" dela murrizketa. Argudiatu du NUPek dirua gordeta badaukala aurreko urteetatik, eta horren bidez egin diezaiokeela aurre aurtengo mozketari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.