Guardia Zibilaren txostena publiko egitea ezinezkoa da. Espainiako Barne Ministerioko eta Nafarroako Legebiltzarreko zerbitzu juridikoek hari buruz argibiderik ez emateko esan diote-eta Iribasi letratuek. Bilduk eta Aralar-NaBaik deitu dute gaur Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Iribas Nafarroako Parlamentura, Guardia Zibilak D ereduaren inguruan egindako txostenari buruz hitz egitera. Baina Iribasek ez du deus erran. "isilpeko informazioa" dela nabarmendu, eta txostenaren inguruko azalpenik ez die eman parlamentariei. Agerraldia baliatu du, hala ere, Bilduren aurka egiteko, batez ere. Talde horri egotzi dio "hezkuntza sistema publiko, euskalduna eta laikoa inposatu" nahi izatea. Bilduk, Aralar-NaBaik eta Ezkerrak Nafarroako Gobernuaren jarrera gogor kritikatu dute, eta auziaz egin duen "erabilera politiko eta zitala" salatu dute.
Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkarteak D ereduaren alde egin du gaur, hilaren 20an hasiko den aurrematrikulazio kanpainaren harira. Elkarte horretan dira D ereduko 59 zentro. 1.128 irakasle ari dira ikastetxe horietan, eta 11.477 ikasle. NIZEko kideek nabarmendu dute D eredua hurbila eta kalitatezkoa dela: "Elebitasunetik, eleaniztasuna bermatzen du". Aurrematrikulazio kanpaina 20tik 26ra eginen dute Nafarroako ikastetxeetan.