Ingelesezko irakaskuntza eredua Nafarroa guztira zabaltzeko asmoa duela azaldu du Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak. Kazetariekin gaur goizean egin duen bilera batean egin ditu adierazpenok, ikasle berriak ikastetxeetan matrikulatzeko epea hastear dela. Ikasle guztiek "ingelesa menderatzeko eskubidea" dutela erantsi du Iribasek, eta "Matematikak ikastea bezain garrantzitsua" dela ingelesa ikastea.
Gaur egun Haur Hezkuntza ematen duten 21 eskola publikotan eta Lehen Hezkuntza emate duten hemeretzitan ezarriak dituzte ingelesezko irakaskuntza ereduak. 7.500 ikaslek jasotzen dute hezkuntza eredu hori. Ingelesa irakasgai batzuetan hizkuntza nagusi gisa erabiltzen dute, ingelesa bera irakasgai izateaz aparte. Nafarroako Gobernua 199 irakasle trebatzen ari da, C1 maila eskura dezaten, programa zabaltzen jarraitzeko.
D eredua, "eleaniztasuna eta kalitatea" bermatzeko
Iribas ingelesezko ereduen alde egiten ari zen bitartean, "eleaniztasuna eta kalitatea" bermatze aldera, D ereduaren aldeko manifestua aurkeztu dute Nafarroan hainbat eragilek gaur. Nafarroako Ikastolen Elkarteak, Sortzen Ikasbatuaz-ek, NIZEk, Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak eta Topaguneak sinatu dute, aurrematrikulazio kanpainaren harira. Otsailaren 1etik 8ra izanen da, 3 urteko haurrentzat. Ume horien gurasoei D ereduaren aldeko apustua egiteko eskatu diete manifestuaren sinatzaileek.
Hiru arrazoi nagusi eman dizkiete horretarako. Batetik, D eredua "eleaniztasunerako lorbidea" dela erran dute. "D ereduari esker, gure seme-alabak erraztasunez mugituko dira ingurune eleaniztun batean", erran du Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteko Ana Flamarikek, sinatzaileen izenean. Bertzetik, kalitatea eta eraginkortasuna nabarmendu ditu Flamarikek. "30 urteko esperientziak kalitatezko emaitzak bermatzen ditu", azaldu du. Hirugarrenik, D ereduak hizkuntza guztien aldeko jarrera bultzatzeko balio duela erantsi dute manifestuaren sinatzaileek, "erroak tokian sustraiturik, eta adarrak mundu globalean zabalduz".