«Lurreratu berri dugu». Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak egun gutxi daramatza karguan, baina kazetarien aurrean egindako lehen agerraldi publikoan hurrengo lau urteei begira dituen asmoen berri eman zuen atzo. Hala, alde batetik, hezkuntzako eragile guztiak «entzuteko» eta haiekin akordioak egiteko borondatea azaldu du; bestetik, egungo testuinguru ekonomiko zaila argudio gisa erabili du, eta behin eta berriz errepikatu du «garai oparoak» amaitu egin direla. Urtero diru gehiago kudeatzea nahiago lukeela esan arren, argi eta garbi ohartarazi du Hezkuntza Departamentuak «diru gutxiagorekin» eskaintza hobea lortzeko helburua duela. «Gure betebeharra da ahalik eta etekin handiena ateratzea ditugun baliabideei».
Uztailaren 1ean, kargua hartu eta berehala, ikastetxe publikoetako zuzendariek euren kargua uzteko egindako mehatxuari erantzun behar izan zion Iribasek. Alberto Catalan aurreko kontseilariak agintaldiaren hondarrean iragarri zuen hurrengo ikasturtera begira irakasleen eskola orduak hamazazpi ordutatik hemezortzira igoko zirela. Neurri horrekin 235 irakasle gutxiago kontratatuko direla ohartarazi zuten eskola publikoetako zuzendariek, eta dimisioa emango zutela mehatxu egin zuten. Azkenik, uztailaren 6an egindako batzarrean, ikastetxe publikoetako zuzendariek erabaki zuten erabakia irailera arte atzeratzea.
Auzi hori hizpide hartu du Iribasek. Kargua hartu eta berehala horrelako arazo batekin topatzeak agerian uzten du, haren ustez, «zailtasun handiak» izango dituela hurrengo lau urteetan. «Logikoa eta zilegi da sindikatuek ordezkatuen lan eskubideak defenditzea eta geroz eta kontratazio gehiago egitea nahi izatea». Dena den, departamentuko arduradunek «ikuspuntu zabalagoa» dutela esan, eta beharrezkotzat jo du irakasleei eskola orduak hamazazpi ordutik hemezortzira igotzeko neurria.
Zortzi milioi euro aurreztu
Iribasen ustez, horri esker gastu arruntetik zortzi milioi euro aurreztea lortuko du gobernuak. Dena den, Hezkuntza kontseilari berriak aitortu du gauzak hobeto egin beharko liratekeela, «bai denbora aldetik, bai modu aldetik». Hala ere, beharrezkotzat jo du: «Aurretik hartutako erabakia izan da, eta badakigu sindikatuek ez dutela ondo hartuko. Baina erabakiak azkar hartu behar dira, eta ezin genuen itxaron».
NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoaren finantzaketari begira, berriz, Iribasek uste du «garrantzitsua» dela egonkortasuna lortzea. Orain arte urtez urteko finantzaketa izan du NUPek, eta aspaldidanik epe luzeagoko finantzaketa izatea aldarrikatu du. Iribas bat dator ikuspuntu horrekin, baina Hezkuntza Departamentutik harago, erabaki hori gobernuari dagokiola nabarmendu du. Iribasek gaineratu du Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak «interes berezia» duela auzi horretan konponbide bat lortzeko NUPekin. Epe luzeko finantzaketa bat «lauzpabost» urtera begirakoa litzatekeela iradoki du, baina horri buruz erabakitzea ez dagokiola gaineratu du: «Zuhurtziarik gabe jokatuko nuke bestela».
Pil-pilean dagoen beste gaia NUPek Medikuntza ikasketak emateko aukera da, eta, Hezkuntza kontseilariaren arabera, auzi horretan «gaizki-ulertu asko» egon dira. PSNren eta UPNren arteko akordio politikoak dio aztertu egingo dela zer aurrekontu beharko duen eta ekonomikoki bideragarria ote den fakultate hori ezartzea. Iribasek akordio horren edukia defendatu du, eta alde bateko zein besteko aurreiritziak alboratzeko eskatu du.
Departamentuaren antolamenduan hainbat murrizketa gauzatu dituztela ere azaldu du. «Murrizketok erantzukizun eta austeritate ariketa bat dira. Zenbat eta pertsona gehiago izan erosoago zaude, baina gure betebeharra ez da eroso sentitzea, baizik eta ahalik eta errentagarritasun gehien ateratzea». Dena den, espero du gobernuak sentsibilitatez jokatuko duela gizarte kutsu argia duen hezkuntzarekin.
Hizkuntza oro aberasgarri
Oso garrantzitsutzat jo du ingelesa ikastea, baina ama hizkuntza ahaztu gabe. «Nafarroan zorionekoak gara, eta nafar guztiok gaztelaniaz hitz egiten dugu, eta makina batek, gainera, ezagutu egiten dute Nafarroaren berezko hizkuntza, euskara. Ofiziala da Nafarroaren eremu batean. Hizkuntza oro ezagutzea ona da, eta jakintza inoiz ez dago soberan. Zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, hobe. Hizkuntzek norbere burua zabaltzeko balio behar dute, eta ez ixteko».
Iribasek iragarri du «diru gutxiagorekin» hezkuntza hobetzeko helburua duela
Murrizketak «erantzukizun ariketa» direla arrazoitu du, eta beharrezkotzat jo du eskola orduak igotzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu