Iribasekin akordiorik lortzen ez badute, mobilizazioak egiten jarraituko dute irakasleek

Sindikatuak Hezkuntza kontseilariarekin bilduko dira datorren astean, baina ez dute baztertu greba egitea

Hezkuntzako sindikatuetako ordezkariak, atzo goizean, elkarretaratzean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2011ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Hiru eguneko mobilizazioen ondotik, Hezkuntza departamentuaren deia jaso dute sindikatuek. Heldu den astean bilduko dira Bigarren Hezkuntzan egindako murrizketei buruz hitz egiteko. Iribas prest azaldu da sindikatuen proposamen batzuen inguruan hitz egiteko. Hala ere, akordiorik ez badute lortzen, sindikatuek ez dute aukera bat bera ere baztertzen, ezta grebarena ere. Beraz, ikasturtearen hasiera kolokan egon daiteke.

Aste honetan egunero elkarretaratu dira AFAPNA, APS, ANPE, CCOO, CSIF, ELA, LAB, EILAS eta UGT sindikatuak. Hezkuntza Departamentuak joan den urtean baino irakasle gutxiago kontratatuko ditu aurten, eta murrizketak salatzen ibili dira.

Hezkuntza Batzordeko bozeramaile eta LAB sindikatuko ordezkari Expe Iriartek esan du haiek negoziatzeko prestutasuna erakutsi dutela. «Guk fitxa mugitu dugu, baina Hezkuntza Departamentuak ez du deus egin», esan du. Afera hau bideratzeko denbora dagoela uste du Iriartek, beraz, oraingoz bileran gertatzen denaren zain egonen dira. Dena den, irailaren 6an egoera aztertuko dute batzorde ireki batean, eta eskola publikoaren aldeko kanpaina abiatuko dute. «Kanpainan ez ditugu mobilizazio zehatz batzuk bakarrik egingo, luze iraungo du». Abuztuaren 30ean talde parlamentarioen, guraso elkarteen eta zuzendarien ekarpenak bilduko dituzte, eta, horiek aintzat hartuta, proposamen landua eramanen dute iraileko batzordera.

Iriarte kezkaturik dago hezkuntzaren etorkizunarekin. Haren ustez, murrizketak hasiera baino ez dira. «Murrizketa hauek egin dituzte, eta askoz gehiago etorriko dira». Haren ustez, ez da langileen arazoa, gizartearena baizik, eta denek borrokatu behar dute.

Sindikatuen arabera, Bigarren Hezkuntzan lanaldi osoko 195 kontratu gutxiago egin ditu departamentuak aurten. Gainera, erretiroa hartu dutenen lekua ez du inork bete, eta ez dakite postu horiek inork beteko dituenetz. Ordezkapen batzuk ere ez dira beteko, eta horrek ordezkapenak irakasleen artean banatzea eskatuko du. «Bigarren Hezkuntzan ez da posible Matematika irakasle batek Historia ematea. Ez da bere espezialitatea, eta ez luke eman beharko, gainera». Aldi baterako lanaldietako kontratuak, berriz, gehiago izanen dira aurten, 98 gehiago hain zuzen. Osotara 250 lanpostu baino gehiagoko murrizketa egin dutela salatu dute.

Sindikatuen helburua lehengo egoerara itzultzea da. Murrizketak eginak daudenez, heldu den urtean neurri hauek deuseztatzeko eskatu diote Iribasi. Urtero bezala, departamentuak hezkuntzaren gastu publikoaren gaineko proposamena aurkeztu beharko du Nafarroako Parlamentuan, eta aurrekontu proposamena parlamentariei jakinarazi aurretik, haren berri izan nahi dute sindikatuek. «Ziurtatu nahi dugu murrizketa gehiagorik ez dutela proposatuko», adierazi du Iriartek.

Bildu, murrizketen aurka

Aitziber Sarasola Bilduko parlamentariak mobilizazioan parte hartu zuen atzo, eta bat egin du sindikatuen eskakizunekin. Murrizketak «larriak» direla uste du. Urte hauetan hezkuntza publikoari «eraso» eginen dioten susmoa du. «Hezkuntzan eginen diren murrizketen saioaren lehenbiziko harmaila baino ez da». Osasungintzan eta gizarte ongizatean ere murrizketak izanen direla pentsatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.