Euskara «ezkutatzeko eta desagerrarazteko» Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek egindako beste urrats baten moduan. Hala ikusi dute EILAS sindikatuak eta Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak departamentuko eta haren menpe dauden zentroetako —tartean, ikastetxeak—agiriak, txostenak, ziurtagirik, errotulazioak eta bestelako jakinarazpenak euskaraz eta gaztelaniaz ez egoteko Iribasek onartu duen dekretua. Hemendik aurrera agiriak bereizita egon beharko dira, batetik euskaraz eta bestetik gaztelaniaz. Soilik «baldintza berezietan eta kontseilariak aginduta» egongo dira bi eletan. Martxoak 31 baino lehen hasi beharko dira ikastetxeak araua betetzen.
Orain arte ikastetxeek nahi bezala egin zitzaketen agiriak eta jakinarazpenak: ele bitan edo bereizita. «Baina beharrezko ikusten genuen departamentuan euskararen erabileraren inguruan irizpide komun bat ezartzea. Horierabakitzea kontseilariari dagokio, eta ez ikastetxeei», defendatu du Iribasek. Gainera, nabarmendu du neurria indarrean jartzeak ez duela kostu ekonomikorik eragingo.
Hori ukatu du Sortzen-Ikastabatuaz-eko Nestor Salaberriak. «Gaur [atzo] departamentuan egon naiz, eta hango langileek beraiek esan didate bi eleko euskarri berriak prest zituztela. Beraz, kostua izango duela neurriak. Hori ezin da zalantzan jarri».
Salaberriak argi du Iribasek zergatik hartu duen halako erabakia: «Kontseilaria aurrematrikulazio kanpainan dago. Horregatik hartu du erabakia une honetan. Euskara eta euskarazko ikastetxeak ikusezin egin nahi ditu, azken batean, bazterrean utzi».
«Inposatutako» halako erabakien aurka erantzunak «argia» izan behar duela esan du Salaberriak. «Erantzunik onena haurrak D ereduan matrikulatzea da. Hori egitera deitu nahi ditugu gurasoak».
EILASek atzera egiteko eskatu dio Iribasi. «Euskara ikusezin egiteko beste estrategia bat da, eta horretan ez jarraitzea galdegin nahi diogu. Onar dezala agiriak, errotulazioak eta bestelakoak bi eletan egotea», salatu du.
Sindikatuak onartu du 29/2003 dekretuak bide ematen diola Iribasek hartutako erabakiari. Izan ere, jakinarazpenak bereizita egiteko aukera jasotzen zuen. «Baina zentzua erabili, eta ez zuten egiten. Alberto Catalan departamentura iritsi zenean, ordea, guztia aldatzen hasi zen. Hark euskarazkoak eta gaztelaniakoak bereizteko gomendioa eman zien langileei. Baina badirudi ez zutela egin, eta azkenean inposatuta egin behar izan dute».
Iribasen erabakia salatu du, halaber, Bilduko Aitziber Sarasolak, eta nabarmendu du «kezka eta ondoeza» eragin duela D ereduko ikastetxeetan. Hala, kontseilariaren agerraldia eskatu du Bilduk, azalpenak eman ditzan.
Ezkerraren eskaria
Nafarroako hezkuntza sisteman euskarak duen egoera aztertze aldera, parlamentuan batzorde bat osatzea proposatu du Ezkerrak. «Gure nahia da lurralde osoanizatea euskaraz ikasteko aukera sare publikoan», dio Txema Mauleon parlamentariak.
Mauleonek hori nola egingo litzatekeen zehaztu du. «Jendearen berdintasun eta askatasun eskubideak bermatuko genituzke. Kontua ez da zerbait inposatzea, baizik eta Nafarroa osokogurasoek eskubidea izatea seme-alabak nahi duten ereduan matrikulatzeko». Sindikatuekin, guraso elkarteekin, irakasleekin, eta abarrekin bilduko litzateke batzorde hori. «Ahalik eta adostasun sozial eta politiko handiena lortu behar dugu euskarak hezkuntzan izan behar duen rolaren inguruan».
Iribasi egotzi diote agirietan euskara ezkutatzea
Nafarroako Hezkuntza kontseilariak hala erabakita, ikastetxeek bereizi egin beharko dituzte euskara eta gaztelania paperetanNeurria zentzuzkoa dela eta ez duela kosturik izango defendatu du Iribasek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu