Hogeita hamasei euskal herritarren eta 110 herriko taberna edo elkarteren kontrako epaiketa atzo zen hastekoa Espainiako Auzitegi Nazionalean, baina hasi ere ez zen egin. Gaur hasi da. Anabasan ordena pixka bat jarri, eta epaiketa nola egin prestatzeko eguna izan zen atzokoa. Aurretiazko gaiekin hasi ziren, eta ez zuen beste ezertarako astirik eman. Erabakiak hartu gabe. Baina aurretiazko gai guztiak planteatuta, gaur hasi da 35/02 sumarioko epaiketa, akusatuen deklarazioarekin. Sumarioa abiatu eta 11 urtera hasi dira deklaratzen urte luzez sumarioan nahastuta eduki dituzten lagunek. Argitzeko dago Josu Iraeta eta Jose Antonio Ejido auzipetuak epaituko dituzten edo ez, haien kasua preskribatuta dagoenez auzitik kanpo uzteko eskatu baitzioten defentsek Angel Hurtadok, Julio de Diegok eta Clara Bayarrik osatzen duten epaimahaiari.
Atzerapenarekin hasi da gaurko saioa ere, gaixo dauden auzipetu batzuen txostenen zain izan baitira. Hasi da gaurko saioa, eta Auzitegi Nazionaletik unean uneko kontakizuna egin dute Hodei Iruretagoiena eta Oihana Elduaien BERRIAko kazetariek.
Atzo fiskalak eskatu zituen lekuko berriak poliziak dira, bileren jarraipenak egindakoak. Lekuko horiek onartu ditu epaimahaiak. Halaber, Esther Agirre eta Miren Jasoneri egunero ez etortzeko baimena eman die, eta baita gaixo zeudela-eta egunero ez joateko eskatu zutenei ere.
Idoia Arbelaitz izan da deklaratzen aurrena. Esan du ETArekin inolako loturarik ez duela izan inoiz. Herriko tabernen sarearen koordinatzaile izatea egotzi dio fiskalak, eta erantzun du ez dela hala. Bixente Enekotegik ere ukatu egin du ETArekin, KASekin edo Ekinekin harremanik eduki izana. Azaldu du autonomo gisa hasi zela Eneko S.A.rekin, ostaralitzako produktuak saltzen. Bezeroez galdetuta, irekia zela eta guardia zibilei ere saldu izan ziela oroitu du, eta enpresatik dirua ETAri ordaindu izana gezurtatu.
Jon Gorrotxategik esan du ETArekin ez duela loturarik, eta HB, EH ta Batasuneko militante izan zela. Herrikoek ez dute inoiz finantziatu HB", esan du: "HB beti herritar batasuna izan da". Azaldu du HB ez zela ohiko alderdi bat, mugimendu zabalagoa baizik.
Batasunan ETAko ordezkari izatea egotzi dio fiskalak Rufi Etxeberriari, eta ukatu egin du hark; ETAren agindurik ez zuela inoiz jaso, eta ez zuela kontakturik izan. "Batasuna legez kanporatuta ere, ezker abertzaleko militanteok segitzen genuen jarduera politikoan, publikoki", esan du, antolatzeko eskubidea zutela argudiatuta.