Otsailaren 28tik aurrera, Brittany Ferries konpainiak bertan behera utziko du Cork hiriaren (Irlanda) eta Santanderren artean (Espainia) duen zerbitzua, eta Bilbo eta Rosslare (Dublingo hegoaldean) arteko ibilbidearekin ordezkatuko du.
Konpainia bretoiak agiri batean azaldu duenez, 2018an hasi zuten Cork-Santander zerbitzua, eta pozik daude bidaiari kopuruarekin, baina salgaien mugimendua «espero zutenaren azpitik» dago. Konpainiak garraiolariekin hitz egin duela adierazi du, eta elkarrizketa horietatik zein merkatu azterketetatik ateratako datuek «beste ibilbide bat marraztu dute». Konpainiako zuzendaritzako Christophe Mathieuk azaldu duenez, «Bilbo bada dagoeneko garraio gune bizi bat, eta hurbilago dago Espainiako iparraldeko zein Frantzia hegoaldeko industria guneetatik». Horrez gain, «segurtasun neurri handiagoak ditu kamioirik gabeko atoiak hartzeko».
Rosslare Europorteko zuzendari nagusi Glenn Carrek esan duenez, Irlandako eta Euskal Herriko bi portuen arteko zerbitzu berria «erakargarria izango da salgaientzat zein turismorako».
Zerbitzua otsailaren 28an hasiko da. Astean joan etorriko bi bidaia egingo dituzte. Brittany Ferries konpainiak 2.000 marinel inguru ditu lanean —lurreko langileez gain—. Denera, urtean 2.630.000 bidaiari, 900.000 auto eta 205.000 kamioi mugitzen ditu, hark emandako datuen arabera. Konpainiak 12 ontzi ditu, eta horrenbeste ibilbide egiten ditu, besteak beste, Bretainiaren, Frantziaren, Erresuma Batuaren, Irlandaren, eta, laster, Euskal Herriaren artean.
Etorkinen kontrako hesia
Santanderko portuko agintariek legez kanpoko etorkinekin lotu dute konpainiaren erabakia. Hango portu agintaritzako buru Jaime Gonzalezek esan du Santanderkoak arazo handia duela legez kanpoko migranteekin. Atoietan sartzen saiatzen dira migranteak, Erresuma Batura heltzeko. Gonzalezen arabera, arazoa saihestu nahi izan du konpainiak, Bilbo aukeratuta, Bizkaiko portuan «lau metro garaiko hesi bat egin zutelako».
Izan ere, hesi hori eraiki zuten Bilbon, 2017. urtean, etorkinei galarazteko Portsmoutherako ferryan sartzea. Hainbatetan desegin dituzte portu ondoko etorkinen kanpamenduak: azken aldiz, joan zen urrian. Orduan, 34 pertsona identifikatu zituzten. Gizon gazte albaniarrak ziren gehienak.