Mikel Bujanda. Euskalerria irratiko zuzendaria

«Irratiari aitortu egin behar zaio emititzeko eskubidea»

Euskalerria irratiak Nafarroako Gobernuaren aldetik jasan duen jazarpenaren berri eman die Europako adituen batzordeko kideei.

mikel lizarralde
2011ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Euskalgintzako beste hainbat ordezkarik bezala, Mikel Bujanda Euskalerria irratiko zuzendariak ordu erdi izan zuen atzo, zuzentzen duen komunikabidearen egoera zein den adituen batzordeari azaltzeko. «Inpresio onarekin» atera zen bileratik, batzordeko kideek irratiaren egoeraren berri izan nahi zutelako.

Irratiaren egoerarekiko interesa agertu du adituen batzordeak aurretik kaleratutako bi txostenetan.Zer helarazi diezu beraiekin eginiko bileran?

Euskalerria irratiak azkeneko 23 urteotan egin duen bidearen eta jasan duen jazarpenaren berri eman diet. Azaldu diet nola sortu zen 1988an, baina betidanik legezko bihurtzeko ahalegin handiak egin arren irratiak alegal izaten jarraitzen duela. Nafarroako Gobernua beti kontra izan dugu, eta ahalegin guztiak egin ditu euskarazko irrati batek Nafarroako eremu mistoan legearen barruan emititu ez dezan.

Adituek aurreko txostenean zioten Nafarroak euskarazko irrati bat behar zuela. Baina Espainiako Estatuaren txostenak lan hori Xorroxin irratiak egiten duela adierazi zuen, hau da, eremu euskalduneko hedabide batek.

Guk garbi dugu Xorroxin irratiak lan handia egiten duela, baina haren hedapena Baztan eta Bidasoara mugatzen dela. Eta Euskalerria irratia ere eremu batean eskaintzen da. Nafar guztientzako euskarazko irratirik ez dago. Kontua da eremu mistoan euskaraz lan egiten duten hedabide guztiei oztopoak jartzen dizkiela Nafarroako Gobernuak, bai ikus-entzunezkoei, bai idatzizkoei.

Adituen batzordeari Nafarroaren egoera soziolinguistikoaren berri ere eman diezue, adierazteko eremu mistoan eremu euskaldunean bezainbeste euskal hiztun dagoela.

Bai, eta, gainera, Nafarroako Gobernuaren 2008ko ikerketa soziolinguistikoa hartu dugu horretarako oinarri. Datuak argiak direlako. Eremu euskaldunean euskal hiztunak %64 dira, eta eremu mistoan, berriz, %11. Baina kopuru orokorrei begiratzen badiegu, eremu euskaldunean 31.000 dira euskaldunak, eta eremu mistoan, hori baino gehiago. Horrekin guk ondorioztatzen dugu eremu mistoak gaur egun duena baino arreta behar handiagoa duela.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak birritan eman ditu Euskalerria irratiaren aldeko ebazpenak. Baina gobernuak segitzen du horiei jaramonik egin gabe. Zein egoeratan dago orain auzia?

Bada, Auzitegi Gorenean dago, Nafarroako Gobernuak ez zuen epaileen erabakia onartu, eta helegitea jarri zuen. Eta gaur egun, segitzen dugu epairik gabe. Adituen batzordeari gogorarazi diogu justizia auzitegiek adierazi izan dutela Euskalerria irratia ez legeztatzeko Nafarroako Gobernuak 1998an hartutako erabakia ez dela bidezkoa. Baina, horretaz aparte, Europako adituen batzordeak bi txosten eman ditu Europako Itunari buruz, eta horietan irratiaren egoerarekiko kezka azaldu izan du. Nafarroako Parlamentuan ere bi ebazpen izan dira Euskalerria irratiaren alde, arartekoak bi aldiz eman du gomendioa eta irratiak Euskaltzaindiarekin ere sinatu ditu hitzarmenak. Eta, hala eta guztiz ere, Nafarroako Gobernuak bere egoskorkeriarekin segitzen du, eta ez dio aitortzen Euskalerria irratiari emititzeko baimena.

Horrek ondorioak ere izan ditu eta irratiak isunak jaso izan ditu.

2009an irekitako espediente baten ondorioz, 30.000 euroko isuna ezarri ziguten, eta, horrekin batera, galarazi ziguten ordura arte erabiltzen genuen antena erabiltzea. Salaketa teknikoa egin ziguten, baina erabakia egoera administratiboaren irizpideekin egin zen. Eta, azken batean, jarri ziguten isunaren oinarrian gure egoera irregularra dago. Eta egoera irregular horren erantzulea Nafarroako Gobernua izan da. Hori dela eta, irratiari aitortu behar zaio emititzeko eskubidea, eta aitortu behar zaio urteetan emititzen aritu garen antenarekin emititzeko eskubidea.

Nafarroan gobernu berria eratu berri da, berriro ere UPN buru duen gobernua. Egoera aldatuko den itxaropenik baduzue?

Itxaropena bai, baina 23 urteko ibilbideari begiratu behar diogu, eta horrek badakigu zer erakusten digun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.