HONDAKINAK

Irregulartasunak Zubietako errauste plantarako kontratuetan

RESA eta IBH ingeniaritza enpresekin kontratuak eteteko asmoa du GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa sozietate publikoak. Apiril hasieran hartu du erabakia, bi ingeniaritza horiek kontratatzeko prozedurak ikertu ondoren. Orain Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak eman behar dio oniritzia erabaki horri, kontratuak eten ahal izateko.

mikel p ansa
2013ko apirilaren 16a
12:06
Entzun

Kontratazioak ikertzeko bi txosten egin ditu GHK-k orain. Bi prozeduretan "irregulartasun" ugari jazo zirela azaleratzen dute txostenek, BERRIAk jakin ahal izan duenez. Irregulartasun horiek direla medio, kontratuak zuzenbiderako "erabat ezdeusak" dira, baliogabeak, txostenen arabera.

Ikerketaz aparte, BERRIAk beste xehetasun bat ezagutu ahal izan du: RESAren aldeko txostena egin zuen kontratazio mahaiko kide batek eta RESAko administrazio kontseiluko bi kidek harremanak zituzten, gutxienez kontratua sinatu baino sei urte lehenagotik.

Ingeniaritza kontratatzeko mahaia sei pertsonak osatu zuten. Haietako bat zen Xabier Garmendia Martinez, iaz arte Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuordea izan dena.

Bizkaiko eta Gipuzkoako hondakinen kudeaketa planak diseinatu zituen Garmendiak, eta, besteak beste, ISR Baliabideen Iraunkortasunerako Institutua sortu zuen 2002an.

Espainiako Ingurumen Ministerioaren erregistroan izena eman zuen ISRk 2002an; zazpi gizonezkok eman zuten izena ISR-ren patronatuan, eta haien artean zen Garmendia.

Garmendiarekin batera, ISRko patrono gisa izena eman zuten Carlos Martinez Orgadok eta Juan Antonio Parpal Marfak. Biak RESAko administrazio kontseiluko kide izanak dira. ISRko presidente izaten jarraitzen du, egun, Carlos Martinez Orgadok.

ISR fundazioak aholkulari moduan parte hartu izan du Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hondakinen kudeaketa planetan; errauste plantak eraiki behar zirela ondorioztatu zuten hiru planek.

RESA kontratatu zuen mahaiko kide batek eta RESAko administrazio kontseiluko bi kidek elkarrekin lan egin dute ISRn, hortaz.

Datu horiek ez dira agertzen RESAren eta IBHren kontratazioei buruz GHK-k orain egin dituen ikerketetan, nolanahi ere.

Txostenen laburpenarekin, albistea apirilaren 12an argitaratu zuen BERRIAk. 79 orrialde ditu RESAren kontratazioari buruzko ikerketak, eta 55 orrialde IBHren kontratazioari buruzkoak.

Artikulu honek jasotzen ditu bi kontratazioei buruzko xehetasun guztiak:

Partzuergoa, GHK eta errauste planta

Hasieratik hasteko: 2007ko maiatzaren 24an, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa sortu zuten foru aldundiak eta mankomunitateek. Partzuergo horren zeregina da hondakinen tratamenduaz arduratzea.

Udalek eta mankomunitateek hondakinak biltzen dituzte, eta partzuergoak arduratu behar du hondakin horiek behar bezala tratatzeaz eta horretarako azpiegiturak sortzeaz eta mantentzeaz.

Gipuzkoako hondakinen kudeaketa planak —2002an diseinatua eta 2008an egokitua— zehaztutako azpiegiturak eraikitzea zegokion, beraz, partzuergoari; tartean, errauste planta.

Zerbitzu publiko hori emateko, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAU izeneko sozietate publikoa sortu zuen partzuergoak, 2008ko otsailaren 14an.

2009ko uztailaren 21ean, bestalde, diputazioak erabaki zuen Zubietako Artzabaleta eremuan eraikiko zutela errauste planta.

Hondakinen plana egokituta, kudeatuko zuen sozietate publikoa sortuta, eta errauste plantaren kokapena erabakita, lanak hasteko moduan zen GHK.

Lehiaketa egiteko pleguak prestatzen

GHK-k hartu zuen lehendabiziko lana izan zen Klausula Administratibo Berezien Pleguak (KABP) eta Preskripzio Teknikoen Pleguak (PTP) diseinatzea.

GHK-k ingeniaritza enpresa bat kontratatu behar zuen, errauste plantarako ingeniaritza lanak egiteaz arduratzeko. Proiektua diseinatu, baimenak eskuratu eta obren jarraipena egingo zuen ingeniaritza horrek.

Eta lehiaketa publiko hori egin ahal izateko GHK-k beharrezko zituen KABP eta PTP txostenak. Dokumentu horiek zehazten dute obra —kasu honetan errauste plantaren eta haren inguruko azpiegituren ingeniaritza lana— nola egingo den, zein helbururekin, zer aurrekonturekin, zein irizpide jarraituz...

Dokumentu horietan zehaztu behar da, baita ere, obra enpresa bati emateko lehiaketa publikoan zein irizpide hartuko diren aintzat lehiaketara aurkeztuko diren enpresen artean bat aukeratzeko; nola erabakiko den proiektu egokiena zeinena den, alegia.

KABP eta PTP txostenak landuta, apirilean lehiaketa hasi zuen GHK-k. RESA (Recuperacion de Energia SA) ingeniaritza enpresak irabazi zuen, 2008ko uztailean, errauste plantaren ingeniaritza lana egiteko lehiaketa publikoa.

GHK-ko egungo administratzaileek azaldutakoaren arabera, baina, ez da zalantzarik RESAk "hasieratik" parte hartu zuela KABP eta PTP dokumentuak diseinatzen.

Hortaz, irabazi zuen lehiaketako baldintza eta irizpideetako batzuk RESAk berak zehaztu zituen, lehiaketa bera hasi baino hilabeteak lehenago.

"Badira dokumentuak erakusten dutenak haren parte hartzea ez zela aldizkakoa izan, baina hasieratik eta prozesu guztian aritu zela lan horietan, mesede egingo zioten ezaugarriak eta aldaketak txertatuz gainera", RESAren kontratazioa ikertzeko GHK-k orain egin duen ikerketak dioenez.

Armengol Grauren lehen zirriborroa

Datu bat eman du GHK-k: bere ordenagailu sarean dagoen PTParen zirriborro zaharrena RESAko langile batek sinatua da, Armengol Grauk. 2008ko otsailerako egina zegoen dokumentu hori.

GHK bera sortu aurretik ere lan hori prestatzen hasia zen Grau, beraz.

Armengol Grau izango da, RESAk lehiaketa irabazi eta gero, Zubietako errauste plantaren eta haren inguruko azpiegitura lanen koordinazioa eramango duen kudeatzaileetako bat.

2011ko apirilean, GHKrentzat zuzenean lan egiteko kontratatu zuten Grau, proiektuaren kudeatzaile tekniko moduan. GHK-k 2012ko maiatzean kontratua eten zion Grauri, Bilduk diputazioa eskuratu eta ondotik.

Grauk 2008ko otsaileko dokumentu hartan zirriborratu zituen PTParen hainbat eduki ondoren PTPetan agertu ziren, eta ingeniaritza kontratatzeko lehiaketan erabili zituzten hortaz.

Grauren zirriborro haren gainean, IBHren eta diputazioko Ingurumen Departamentuko teknikarien aholkuekin, KABP eta PTP dokumentuak fintzen joan zen GHK.

Prozesu horretan hainbat zirriborro egin zituzten, eta RESAk zenbait gomendio egin zizkion GHKri, pleguak osatzeko eta moldatzeko.

Esate baterako: Filenet programa informatikoaren erabilera aipatzen zuen lehiaketako pleguen 2008ko martxoko zirriborro batek.

Filenet hitza pleguetatik kentzea proposatu zuen RESAk, berak programa hori ez zuela erabiltzen adibide gisa aipatuz. Lehiaketako pleguetan, azkenean, ez zen Filenet programari buruzko erreferentziarik agertu.

"Zerbitzu bereziak" eta 6,9 milioi euro

Justu garai hartan eginiko bilera baterako RESAk prestaturiko txosten batek, berriz, zehazten du 5,9 milioi eurokoa (BEZ balio erantsiaren zerga zenbatu gabe) izango litzatekeela ingeniaritzak egin beharko zukeen lana. Armengol Grauk sinatu zuen proposamen ekonomiko hori ere.

Dokumentu horretan, gainera, RESAk GHKri proposatzen zion «zerbitzu bereziak» emateko diru funts bat jarri beharko litzatekeela, ezusteko lanetarako, 400.000 eurokoa —5,9 milioi euro horien barruan zenbatua agertzen da—. Zerbitzu bereziak emateko eranskin hori jaso egin zuten KABPetan, azkenean. Eta GHK-k 6,9 milioi euroan atera zituen lehiaketara ingeniaritza lanak —6,2 milioi euroan eramango zituen RESAk—.

GHK-k berak hasieran pentsatua zuenaren halako hiruan atera zituzten lanak lehiaketara. Pleguen hasierako zirriborroetako batean, GHK-k adierazten zuen ingeniaritza lanek 2,5 milioi euroko kostua izango zuketela.

Bada beste xehetasun bat GHKren oraingo ikerketak azaleratu duena: hasierako pleguetan, GHK-k ingeniaritzari eskatu nahi zion proiektuaren arduradunek ingeniaritza lana egiteko eta, aldi berean, zuzentzeko.

RESAk proposamen batean baino gehiagotan eskatu zuen baldintza hori kentzeko pleguetatik eta, azkenean, ez zen agertu pleguetan.

RESAk, lehiaketara aurkeztu zenean, kimika ingeniari bat aurkeztu zuen. GHKren ikerketak ondorioztatzen du RESAk ez zuela aldi berean obren ingeniaritza lana egiteko eta zuzentzeko kualifikazioa zuen teknikorik.

"Azken buruan, RESAk zirriborroetan proposatzen zituen ahalmenak eta eskakizunak haren talde teknikoaren arabera egokitzen zituen", nabarmentzen du txostenak.

RESAk intentzio osoz beste aldaketa bat eginarazi zuela ere zehaztu du orain GHK-k. KABPek ez zuten baldintza gisa aipatu arkitektura eta antzeko proiektu teknikoak egitea. RESAk proposatu zuen derrigorrezkotasun hori kentzeko pleguetatik.

Lehiaketara aurkeztu zenean, ordea, RESAk bere eskaintzaren hobekuntza gisa aurkeztu zuen arkitektura "abangoardistako" proiektu bat, jakinik gainerako enpresa lehiakideek ez zutela zertan aurkeztu halako proiekturik.

Aldi berean, diputazioarentzat lanean

Bestalde, txostenak aipatzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak lehenagotik ezagutzen zuela RESA ingeniaritza. 2008ko otsailean, RESAk diputazioarentzako ikerketa bat bukatu zuen, eta otsail bukaeran aurkeztu zuen partzuergoan.

Funtsean, Gipuzkoan hondakinak tratatzeko beharrezkoak izango liratekeen azpiegituren eta alternatiben gaineko ikerketa bat egin zuen RESAk aldundiarentzat.

Kontua da partzuergoa eta GHK sortzeko bidean ziren garai berean eta GHK-k ingeniaritza kontratatzeko pleguak idazteari ekin zion garai berean egin zuela lan hura RESAk.

Lehiaketan, proiektu teknikoak hamabost puntu zituen, eta RESAk, hain justu, diputazioarentzat gai horri buruzko lana bukatu zuen hilabete batzuk lehenago. Eta lan horretan eskuraturiko informazio asko gero lehiaketa publikoan erabili zituen, bere proiektu teknikoan.

GHKren ikerketak ondorioztatzen du RESAk abantaila bat izan zuela lehiaketaren atal horretan, lehiaketa publikoan arerio izan zituen ingeniaritzek ez zutelako txosten horri buruzko informaziorik.

Hortaz, lehiaketa publikoan lehiakideen arteko berdintasun printzipioa urratu zela argudiatzen du txostenak. RESAk KABP eta PTP txostenak diseinatzen laguntzeak areago handitu zuen beste lehiakideekiko abantaila, ikerketak dioenez.

Xehetasun eta datu horiek guztiak aintzat hartuta, GHKren egungo administrazio kontseiluak uste du RESAk pleguak egiteko prozesua baliatu egin zuela bere mesedetan.

Baina irregulartasun gehiago atzeman ditu GHK-k, RESA kontratatuz bukatu zen lehiaketan bertan.

Kontratazio mahaia 2008ko ekainaren 11n elkartu zen, Zubietako errauste plantaren ingeniaritza lanak egiteko aurkeztu ziren enpresen eskaintzak aztertzeko. RESA ere aurkeztu zen bada lehiaketara, eta mahaiak aitzakiarik gabe onartu zuen haren eskaintza.

Erantzukizun zibileko asegururik gabe

RESAk ez zuen bete lehiaketara aurkeztu ahal izateko baldintzetako bat, ordea: erantzukizun zibileko asegurua —ezinbesteko agirietako bat— baliorik gabe zuen. Kontratazio txostenak poliza bat besterik ez du jasotzen, eta iraungita dago.

Agiri hori aurkeztu gabe, legez, RESAk ezingo zukeen lehiaketara aurkeztu. Kontratazio mahaiak onartu egin zuen, hala ere, ingeniaritzaren eskaintza.

Paradoxa batekin, gainera: bost milioi euroko aseguru bat aurkeztu behar zela zehazten zuen KABP txostenak, eta hamar milioikoa aurkeztu zuen RESAk.

Iraungia zegoen aseguru hori RESA kontratatzeko argudio gisa erabiliko zuen gero kontratazio mahaiak, berez eskatutakoa baino poliza altuagoa zela iritzita —nahiz eta iraungita egon—.

2008ko ekainaren 18an, astebetera, berriz elkartu zen kontratazio mahaia, enpresen eskaintza ekonomiko eta teknikoak aztertzeko.

Lehiakideak zeintzuk ziren eta zer eskaintza egin zituzten jakin ostean, eskaintzak baloratzeko azpi-irizpide berri batzuk ezarri zituen kontratazio mahaiak. Azpi-irizpide horiengatik zenbat puntu eskuratuko zituzten ere zehaztu zuen.

Alegia, lehiaketara aurkeztutako proiektuak ezagutu ondoren ezarri zituen proiektuak baloratzeko irizpideetako batzuk. GHKren oraingo txostenak jasotzen duenez, ez da bidezko jokabidea lehiaketa publiko baterako.

Berez, lehiaketa publikoa diseinatzean zehaztu behar izaten da aurkeztuko diren proiektuak nola baloratuko diren. Hau da, zein ezaugarri hartuko diren aintzat, eta ezaugarri horietako bakoitzarengatik zenbat puntu emango dituzten.

Esperientzia, puntu gehiago eskuratzeko bidea

Lehiakideen proiektuak baloratzeko orduan kontratazio mahaiak aintzat hartu zuen irizpideetako bat, berriz, guztiz legearen aurkakoa dela zehazten du GHKren ikerketak.

Ingeniaritzek lehiaketan aurkeztutako lan taldeen esperientzia hartu zuten kontuan, izan ere. Kontratazio lege eta arauen arabera, esperientziak ezin du arrazoi izan enpresa batek besteek baino puntu gehiago edo gutxiago eskuratzeko lehiaketa publiko batean.

GHKren txostenak argi uzten du langileen esperientzia erabil litekeela lehiaketa publiko batean, erabakitzeko enpresa bat gauza den obra hori egiteko.

Alegia, enpresa bateko langileek esperientzia gutxi baldin badute, edo arlo horretan batere aritu gabekoak baldin badira, kontratatzaileak erabaki dezake enpresa hori lehiaketatik kanpo uztea.

Baina, behin enpresa lehiaketara onartuta, puntuak banatzeko esperientziaren argudioa erabiltzea ez dela zilegi nabarmentzen du txostenak, horrek lehiara aurkeztutako enpresen artean berdintasunaren printzipioa urratuko bailuke.

Edozein kasutan, kontratazio mahaiak egin zuen txostena azkenean, eta RESA kontratatzea aholkatu zuen, puntu gehienak hark eskuratu zituelako.

Lau ingeniaritza aurkeztu ziren lehiaketara: Idom; Eptisa eta Heymoren taldea; TR eta LKSren taldea; eta RESA. Alde handia eskuratu zuen RESAk: 80,84 puntu eman zizkion kontratazio mahaiak. Bigarren lekuan geratu zen Eptisa eta Heymoren eskaintza, 60,50 punturekin. 59,13 puntu jaso zituen Idomek, eta 50,96 TR-LKS taldeak.

GHK-ko administrazio kontseiluak 2008ko uztailaren 30ean erabaki zuen lanak RESAri ematea.

Orain azaleratutako ikerketaren arabera, RESAk egin zuen eskaintza ekonomikoa oso nahasia zen, garestiena izateaz aparte —lehiaketa puntuatzerakoan, atal ekonomikoan azkena geratu zen RESA—.

Hiru hilabete kontratua formalizatzeko

Kontratua sinatzeko, hain justu, hiru hilabete igaro ziren; irailaren 30ean formalizatu zuten bi aldeek. Bitarte horretan kontratuaren atal batzuei buruz negoziatzen aritu ziren GHK eta RESA.

Berez lehiaketaren pleguek eta kontratuak berak atal horiek argi utzi behar bazituzten ere, kontratazio prozesua bukatu zenean prozesuaren hasierara itzuli ziren bi aldeak.

Negoziazio horien ondorioz hainbat klausula erantsi zizkioten hasierako kontratuari.

GHK-k orain egin duen ikerketak xehatzen du prozesu hori, eta argi adierazten du lehiaketa batera aurkezten diren enpresek lehiaketa horrek ezarritako baldintzetara egokitu behar dutela, eta eskaintza ekonomikoa ere horren arabera egin behar dutela.

Kontratazio publikoaren arauak eta legeak jarraituz ezinezkoa behar luke kontratu publiko bat enpresa bati eman ostean enpresa horrekin kontratuaren nondik norakoak negoziatzen hastea.

RESAk, baina, KABPetan zehaztutako eskaintza ekonomikoarekin bat ez zetorren proposamen ekonomiko bat egin zuen.

Horrek bakarrik aski behar luke RESA lehiaketatik kanpo uzteko, GHKren oraingo ikerketaren hitzetan.
Bada beste detaile bat: RESAk hasieran aurkeztu ez zuen erantzukizun zibileko asegurua.

2007an iraungi zitzaionez, RESAk agiri bat sinatu zuen, esanez asegurua 2012 arte luzatuko ziotela. Agiri horrek ez du inolako balio juridikorik, nolanahi ere.

Gorabehera horiekin guztiekin, irregulartasunak ez ziren horretan amaitu.

Lanak urritu, aurrekontuari eutsi

Errauste planta egiteko lanak 11 zatitan banatuak zeuden hasieran, eta hala jasotzen zuen RESArekin irailean sinatutako kontratuak. Baina, 2009ko urtarrilaren 29an, GHK-k erabaki zuen lanak zazpi zatitan partitzea.

Horrek, noski, kontzentratu eta laburtu egin zituen RESAren lanak, baina ez zuen ekarri aurrekontua murriztea.

Gehiago dena, obra batzuk atzeratzen ari zirenez, kostuak handitu zitzaizkiola argudiatu zuen RESAk, eta ordainak eskatu GHKri.

GHK-k ez zituen onartu RESAren eskakizun guztiak, baina 2010eko abenduan, azkenean, RESArekin zuen kontratua aldatzea erabaki zuen, aurrekontua handitzeko. 267.817 euroan garestitu ziren lanak, horren ondorioz.

Bestalde, ezusteko bat sortu zen kontratua sinatu eta lehen minutuan. Ohartu ziren N-1 errepidetik Artzabaletara sartzeko errepide zatia, Donostiako lurretan dagoena, ez zela agertzen errauste plantaren ingeniaritza lanetan txertatuta. RESAk eman zion horren berri GHKri, kontratua sinatu eta lehen bileran.

Endararen "zerbitzu bereziak" Eskuzaitzetan

Bide hori egiteko eta lurrak mugitzeko lanak egiteko, «zerbitzu bereziak» izenburuaren pean hasierako kontratuan aipatutako 400.000 euroak erabiltzea adostu zuten. Prozedura hori ere, ordea, «irregulartasunez betea» egon zela esan du orain GHK-k.

Lan hori egiteko proiektu bat aurkeztu zuen Endara Ingenieros Asociados SL enpresak 2009ko apirilaren 30ean. BEZ zenbatu gabe, 318.000 euroko kostua izango zuela azaldu zuen —RESArentzat lan egiten zuen azpikontratetako bat zen, garai hartan, Endara—.

2009ko maiatzaren 21ean, GHK-ko administrazio kontseiluak baimendu zuen kontratu osagarri bat egitea Eskuzaitzetako errepide zatiarentzat.

GHKren oraingo txostenak iradokitzen du Endarak eta GHK-k 318.000 euroko kontratu bat egin zutela zeharka, batere lehiaketarik egin gabe, guztiz legez kontrakoa litzatekeena.

Prozesuaren hasierara jo behar da hori nola egin litekeen ulertzeko.

RESAk proposatu eta GHK-k pleguetan sartu zuen "zerbitzu bereziak" izenburuko funtsa, 400.000 eurokoa, ez dela argia azaldu du orain GHK-k, funts horren helburua eta arrazoiak ez direlako zehazten.

Puntu hori bera bakarrik kontratuaren «irregulartasunak» erakusteko aski litzatekeela uste du GHK-k, helburu eta arrazoi argirik ez duen kontraturik ezin baitute sinatu erakunde publikoek.

Hain justu, funts hori erabili zuten Eskuzaitzetako bidea egiteko, funtsa halako ezustekoetarako zela argudiatuta.
Funts hori, edozein kasutan, RESAren kontratuan agertzen zen, eta Endarak ez zuen kontratu loturarik GHKrekin —RESAren azpikontrata bat zen—. GHK-k, beraz, ezingo zukeen Endara zuzenean kontratatu, ez bazen RESAren bidez.

Eta halaxe gertatu. Azkenean, gainera, hasierako kontratuan ezustekoetarako jarritako diru funts berezi hori ukitu gabe.

"Zerbitzu berezietarako" RESArekin sinatutako 400.000 euroko diru poltsa erabili beharrean, 2009ko maiatzean kontratua aldatzea onartu zuen GHK-k, 318.000 euro gehiago jartzeko.

Kontratua RESArekin berritu zuen GHK-k, baina diru kopuru hori Endararengana joan zen zeharka.

Hasierako kontratuan zehaztutako "zerbitzu berezietarako" 400.000 euroko funtsak, horrela, ukitu gabe jarraitu zuen.

Gainera, RESAk eta GHK-k sinatu zuten kontratu berri hartan argi eta garbi utzi zuten RESAk ez zuela inolako erantzukizunik edo ardurarik Eskuzaitzetako lanetan. GHKren oraingo txostenak azaltzen du, horregatik, irregulartasun handiak gertatu zirela prozesu hartan.

RESAren eta GHKren arteko kontratua "aitzakia hutsa" da, ikerketaren arabera: "Kontratu nagusiaren gerizpean, kontratu berri berri bat egin zitzaion, modu zuzenean [Endarari]".

318.000 euroko lan berri batzuk egiteko, legez, GHK-k lehiaketa publiko berri bat egin beharko zukeen.

Datu bat: lanengatiko ordainketen zati bat (165.113 euro) zuzenean egin zion GHK-k Endarari. Kontratu handitzea sinatua zegoen bezala, berez RESAk jaso beharko zituzkeen GHKren ordainketak, gero honek bere azpikontratari (Endarari) ordaintzeko.

Kontratazio publikoaren "arauak saihestu"

"Horrek adierazten du KABP eta PTPetan helburu jakinik gabeko diru funts bat txertatzearen helburua zela kontratazio arloan indarrean zeuden arauak saihestea", zehazten du txostenak, hasierako kontratuko "zerbitzu bereziak" atalari erreferentzia eginez.

Bestalde, kontratu aldaketa horien guztien ondorioz, hasieran 6,2 milioi eurokoa zen kontratua (BEZ zenbatu gabe) 6,7 milioi euroko bihurtu zen bi urte eskasean.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, GHK-ko egungo administrazio kontseiluak uste du RESArekin sinatutako kontratu guztiak "baliogabeak" direla zuzenbidearen ikuspegitik, eta kontratuak eteteko asmoa hartu du.

RESAk sinatutako 6,7 milioi euroko diru funtsetatik, erdia fakturatu eta kobratu du orain arte, 3,36 milioi euro.
GHK-k uste du, kontratuak sinatzeko prozedura legearen aurkakoa eta irregularra izan zenez, balio juridikorik gabeak direla bi aldeen arteko konpromisoak.

Horregatik, kontratuak eteteak ez luke inolako ondorio ekonomikorik ekarri behar, GHKren txostenak zehazten duenez. Argitu beharko litzateke RESAk egiaz zer lan egin dituen, eta horiek kitatzea besterik ez litzateke izango GHKren ardura, behin kontratua etenda.

Eta "irregulartasunak" Belgikako ingeniaritzarekin

Errauste plantaren lanak egingo zituen ingeniaritza bat kontratatzeaz aparte, lehiaketaren prozedura eta obra bera ere oso konplexuak zirenez, kanpoko aholkularitza bat kontratatzea erabaki zuen GHK-k. Prozesu eta lan horietan aholkuak emango zizkion ingeniaritza bat, alegia.

IBH Consulting Engineers ingeniaritzak hartu zituen lan horiek. Belgikako enpresa bat da IBH, zenbait errauste plantatako ingeniaritza lanak egindakoa.

Bizkaiarekin ere badu lotura IBHk: Zabalgarbiren eraikuntzan esku hartu zuen, eta orain Herstalgo (Belgika) eta Bilboko udalekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Tecnalia eta Zabalgarbirekin eta Belgikako ingeniaritza eta errauste planta zenbaitekin Redoptec izeneko programa batean parte hartzen ari da.

Orain azaleratu den ikerketaren arabera, ingeniaritza hori legezko bideak urratuz kontratatu zuen GHK-k.
Izatez, IBHk berak aurkeztu eta proposatu zion bere burua GHKri; 2007ko abenduan, eskaintza bat bidali zion enpresak, aholkularitza lanak egiteko prest agertuz.

Ikerketak dioenez, GHKren sare informatikoan gaur egun ez dago eskaintza hori onartu izanaren agiririk. IBHk eta GHK-k bilerak hasi zituzten, hala ere. 2008ko otsailean, KABP eta PTP zirriborroei buruzko informazioa eman zieten GHK-ko ordezkariek ingeniaritzako langileei.

Informazio horrekin, ingeniaritza kontratatzeko lehiaketari buruzko oharrak eta txostenak egiten hasi zen IBH. Artean ez zuen kontraturik GHKrekin, eta zenbait hilabetez jarraitu zuen egoera irregular horretan lanean.

2008ko maiatzean aholkularitza emateko eskaintza berri bat egin zion IBHk GHKri. Proposamen hark ez zuen zehazten zein lan egingo zituen, baina bai kontratuaren iraupena: 2008ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra.

Kontratu bakarra, bi partetan

Kanpo aholkularitza bat kontratatu ahal izateko, legez, lehiaketa publiko bat egin behar zukeen GHK sozietate publikoak —errauste plantaren ingeniaritza lanak emateko egin zuen bezala—. GHK-k orain egin duen ikerketaren arabera, ordea, nahita zatitu zuten kontratua bi ataletan.

Txostenak dioenez, "guztiz artifiziala" da IBHren kontratua bitan zatitzea, egin behar zuen aholkulari lanak obra guztirako behar zuelako. Lanak berak izanik, eta obra bakarrari lotuak egonik, kanpo aholkularitzaren kontratuak bakarra behar zuela azaltzen du txostenak.

Kontratua bitan zatituta, ordea, lortu zuten aholkularitzaren lehen zatia lehiaketa publikora atera behar ez izatea, GHKren oraingo ikerketaren arabera.

Era horretan, lehiaketa egin beharrean, bi aldeen artean negoziatzea aski zuten lehen kontratua egiteko, "iragarrita negoziatzea" esaten zaion kontratazio formula erabilita; alegia, zuzenean kontratatuz.

2008ko irailean beste proposamen bat aurkeztu zuen IBHk, oraindik kontraturik ez baitzuten sinatu bi aldeek. Bigarren proposamen horretan jaitsi egin zuen aurrekontua: maiatzean 107.000 euro eskatzen bazituen, irailean 98.000 eskatu zituen.

Gainera, bigarren proposamen horretan kontratuaren epeak aldatu zituen IBHk: 2008ko urritik 2009ko martxora luzatzea proposatu zuen.

2008ko irailaren 25ean, GHK-ko administrazio kontseiluak onartu zuen kanpoko aholkularitza teknikoa IBHri ematea. 99.999,99 euroan (BEZ gabe) eman zizkioten lanak.

Kontraturik ez, eta fakturatzen

GHKren oraingo ikerketak datu bat ematen du, kontratua sinatu aurretik IBH dagoeneko GHKrentzat lanean ari zela frogatzeko: 2008ko urriaren 30ean formalizatu zuten kontratua bi aldeek; IBHk, ordea, 2008ko irailean eta urrian eginiko zenbait lan kobratu egin zituen lehen fakturan.

Beste datu bat: aholkularitza kontratatzeko iragarkia urriaren 2an argitaratu zuen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak. Ordurako bere proposamena aurkeztua zuen IBHk, irailaren 15ean; urriaren 13an berriro aurkeztu zuen, oraingoan modu formal eta ofizialean.

Kontratazio mahaiak urriaren 22an ireki zituen dokumentu administratiboak, eta GHK-ko idazkariak adierazi zuen ez zirela nahikoak; agiriek ez dute zehazten, ordea, zer dokumentu falta ziren.

Hala ere, data horrekin berarekin, GHK-ko arlo teknikoko kudeatzaileak txostena egin zuen, eta lanak IBHri ematea proposatu, nahiz eta Belgikako ingeniaritzak eskaintza garestiena egin zuen.

Txosten horrek aipatzen du irizpide teknikoek puntu guztien %90 eta ekonomikoek %10 jaso zituztela, teknikoek eginiko balorazioan.

GHKren ikerketak azaleratzen du, baina, KABPek bestelako irizpideak jasotzen zituztela, eta kontratazio mahaiak aldatu egin zituela eskaintzak baloratzeko irizpideak. Kudeatzailearen erabakia arbitrariotzat aurkezten du ikerketak, beraz.

Handik bi egunera lehiakideak —beste bi ingeniaritza ere aurkeztu ziren— elkartu zituzten, eta falta zitzaizkien dokumentuak aurkezteko eskatu.

"Ez zuen batere agiririk aurkeztu"

IBHko arduradunak posta elektronikoz bidali zituen, urriaren 27an, lehiaketarako epean aurkeztu ez zituen dokumentuak: enpresaren estatutuak, ordezkaritza botereak, kontratazio publikorako debekurik ez zuela egiaztatzeko agiria, ahalmen teknikoaren ziurtagiria, Espainiako auzitegien mende jartzeko adierazpena, negozio tamainari buruzko informazioa, aseguru konpainiaren ziurtagiria... eta proposamen ekonomikoa.

"IBHk ez zuen batere agiririk aurkeztu", ondorioztatzen du GHKren oraingo ikerketak. Hala eta guztiz ere, administrazio kontseiluak 2008ko urriaren 30ean lanak eman egin zizkion IBHri.

Kontratua, beraz, bi fasetan banatu zuten; lehen faseari zegozkion lanak, eta beraz kontratua, 2009ko martxoan bukatu behar zuen IBHk. Baina maiatzera arte luzatu zen.

"Ez lanak bukatu zituztelako, lehiaketan zehaztutako dirua (97.776 euro gehi BEZ) bukatu zelako baizik", adierazten du GHKren txostenak.

Bitarte horretan, kanpo aholkularitzaren bigarren kontratua lantzen hasi zen GHK, 2009ko urtarrilean. Bigarren kontratu horren aurrekontua 1,5 milioi eurokoa zen (BEZ gabe), eta lehiaketa publiko bidez eman behar zen horregatik.

IBH eta Teknoma SA enpresa taldea aurkeztu ziren lehiaketara. Pleguek zehazten zuten gaztelaniaz edo euskaraz aurkeztu behar zituztela eskaintzak. Ingelesez eta frantsesez egin zituzten beren lanak, baina kontratazio mahaiak ontzat jo zituen.

Ingeniaritzek ez zituztela dokumentu batzuk aurkeztu eta kontratazio mahaiak lehiaketan aintzat hartu behar zituen irizpideak egokitu egin zituela zehazten du ikerketak —GHKren txostenak iradokitzen du irizpideak puntuatzeko arauak ez zeudela argi pleguetan—.

Edozein kasutan, IBHk 75,39 puntu eskuratu zituen —horietatik hogei, proiektuaren «puntu garrantzitsuak» zein ziren antzemateko gai izan zelako—; eta Teknomak, 47.

Administrazio kontseiluak 2009ko apirilaren 23an erabaki zuen kontratua IBHri ematea, "behin-behinekoz". 1,45 milioi euro ziren. Bigarren kontratua, horrela, 2009ko uztailaren 2an formalizatu zuten bi aldeek, onartu eta bi hilabetera.

GHKren txostenak nabarmentzen du IBHri 2009ko martxoan bukatu zitzaiola, berez, lehen kontratua, eta bigarrena ez zela hasi uztailera arte. Hiru hilabetez kontraturik gabe aritu zen lanean, hortaz, ingeniaritza.

Horrek ez du esan nahi lanik egin gabe egon zela. Lehen kontratuko lanak egiten jarraitu zuen epe horretan, baina baita bigarren kontratuko zenbait aurreratzen ere.

Horrek erakutsiko luke, GHKren esanetan, bi kontratuen helburua bat eta bakarra zela, eta kontratu bakarrean eta lehiaketa publiko bakarrean eman behar zirela berez.

Izatez, maiatzeko eta ekaineko lanak ere fakturatu zizkion IBHk GHKri; kontraturik gabe egon zen epeko lanak kobratu zizkion beraz.

"Itxura legala" emateko "iruzur hutsa"

Horregatik guztiagatik, GHKren ikerketak ondorioztatzen du IBH kontratatzeko erabilitako prozedura "iruzur hutsa" izan zela, «itxura legala» emateko «batere prozedurarik jarraitu gabe» emandako kontratu bati.

Txostenak zehazten du lege urraketa larria dela berez helburu bakarra izango lukeen kontratu bat bitan zatitzea.

Beste urraketa bat ere sumatu du GHK-k: IBHk, 2008 hasieratik errauste plantari buruzko lanak jarraitzen ari zenez, abantaila zuen bigarren lehiaketara aurkeztu zen ingeniaritzaren aldean.

Horrek kontratazio publikoetan gorde beharreko berdintasunaren printzipioa hautsiko luke, GHKren esanetan, IBHk informazio "pribilegiatua" baitzuen lehiaketari ekiterako.

Arrazoi horiek aintzat hartuta, GHKren egungo kudeatzaileek uste dute lehiaketa publikoak hasi aurretik erabakia zegoela IBHri aholkularitza teknikoaren lanak ematea.

RESArekin bezala IBHrekin sinatutako kontratuetan ere legea urratu zela uste duenez, GHK-k zehaztu du ez liokeela kalte-ordainik eman beharko Belgikako ingeniaritzari. Egindako lanengatik ordainduko lioke soilik.

BEZ zenbatu gabe, 1,6 milioi euroko balioa dute GHK-k ingeniaritzarekin sinaturiko bi kontratuek. Orain arte, heren bat kobratu du IBHk, 573.000 euro inguru.

Befesaren haserrea

Zubietako errauste plantaren ingeniaritza lanak egiteko kontratuetan irregulartasunak antzeman ditu orain GHK-k, baina oraingoz ez du hitzik egin errauste plantaren beste lehiaketa publikoari buruz.

Ingeniaritzaz aparte, eraikuntza lanak egingo zituen eta errauste plantarako teknologia jarriko zuen enpresak ere behar zituen GHK-k.

Lehiaketa publiko hori geroago egin zuen, eta 2011ko otsail bukaeran eman zituen lanak, foru hauteskundeak egin baino hiru hilabete eskas lehenago.

Foru administrazioak azkeneko hamarkadan eman duen obrarik handienetako bat izan zen hura: 223 milioi euro (BEZ gabe), errauste planta eta haren inguruko eraikinak altxatzeagatik.

Horrez gain, errauste planta behin martxan jarrita, lehiaketaren irabazleak urtean 5,4 milioi euro jasoko zituen zerbitzua emateko, eta beste 3,4 milioi euro mantenuarengatik.

Gainera, erraustutako hondakin tona bakoitzeko 4,1 euro ere jasoko zituen —alegia, ia milioi bat euro gehiago urtean, aurreikuspenen arabera—. Guztira, urtero hamar milioi euro inguru ziratekeen.

FCC eta Serbitzu enpresek gidatutako taldeak eraman zuen lehiaketa. Altuna y Uria, Murias eta AE&E Inova enpresekin aurkeztu ziren.

Lehiakide izan zuten enpresa taldeetako batek haserre handia hartu zuen, ordea, lehiaketaren emaitza ezagutu zuenean.

Befesak gidatzen zuen talde hori, eta helegitea jartzeko asmoa agertu zuen. Salatu zuen FCCren eta Serbitzuren taldeak "faborezko tratua" jaso zuela lehiaketa publiko hartan, eta prozedura bertan behera uzteko eskatuz gutun bat bidali zion GHKri.

Karlos Ormazabal garai hartako Garapen Iraunkorrerako diputatu eta GHK-ko presidenteak Befesari erantzun zion lehiaketa "arduratsua eta gardena" izan zela.

Salaketa bere horretan geratu zen. Maiatzean udal eta foru hauteskundeak igarota, Bilduk bereganatu zuen diputazioa. Udazkenean aldatu zituzten GHK-ko karguak. Harrezkero, geldirik daude errauste plantarako lanak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.