Abenduak 16 Olentzeroren zain
— Zer ekarriko du Olentzerok? Ikatza?
— Ilusioa eta konpromisoa ekarriko du, herri hau denbora gehiegian lotu duen gatazka osotasunean konpontzeko irtenbide demokratikoak bilatzeko.
— Horrek bakea esan nahi du?
— Hain zuzen.
Dani Alvarezek Rufi Etxeberriari Radio Euskadin egindako elkarrizketaren azken hitzak dira. Ez da elkarrizketako zatirik esanguratsuena, baina, neurri batean, giro politikoan sumatzen denaren adierazle bada: itxaropen handia batez ere, baina irteera seinalea beharko lukeena iristen ez delako ezinegona ere bai.
Noiz datorren batzuek badakite, dena den. La Razón-ek egin du aurreikuspenik zehatzena: herenegungo azalean letra handietan iragarri zuen gaur larunbata dela E Eguna; hori bai, albiste bereko letra txikian zehaztu zuten ez dutela baztertzen iragarpena urtarril hasierara atzeratzea. Noticias taldeko egunkariek azaldu dute Rodriguez Zapaterok gaur eta Gabon egunaren artean espero duela agiria, nazioarteko hedabideren batek izango duela esklusiba, eta balitekeela The New York Times izatea. El Confidencial Digital-en arabera, agiria idatzia eta bidalia du ETAk, baina aire kontrolatzaileen gatazkak atzeratu egin du argitaratzea. Eta El Confidencial-en arabera,Espainiako Barne Ministerioak agiri light-a espero du, denbora irabazteko baino balioko ez duena, ETA barnean adostasunik ez dagoenez.
ETAren beste hainbat su-eten ere zurrumurru ugariren ondoren iritsi ziren; baina hamaika aldiz gertatu izan da su-eten zurrumurru indartsuen ondoren ezer ez etortzea ere. Bada alderik, ordea: oraingoan, ezker abertzaleko bozeramaile nagusiak ere su-etena iragartzen ari dira, eta zenbat eta lehenago etorri hobe dela adierazten, gainera. Presa sartzen, azken batean.
Olentzerok ekarriko duen edo Errege Egunera arte itxaron beharko den, badirudi horixe dela orain zalantza, baina mundu guztiak ziurtzat jotzen duela etorri badatorrela, egiaztagarri labelarekin gainera.
Bitartean, beste aldeak lanean jarraitzen du, Barne Ministerioaren, Fiskaltzaren, Auzitegi Nazionalaren eta bi alderdi nagusien arteko elkarlan eraginkorrean: gazteak eta abokatuak atxilotu, politikarien errugabetze epaiari helegitea jarri, legez kanporatze arauak estutu... Datorrenaren aurretik kontrapisua egiten ari direla irudi luke, Aresek eta Perez Rubalcabak oso maitea duten esaldi hori errepikatzen ariko balira bezala: estatua ez dago treguan. Irekitzear den aro berrian hartu asmo dituzten neurrien aurretik gogorrarena egiten ari ote diren, edo benetan PP baretzeko moduko politika itogarriarekin jarraituko ote duten, horra gakoa.
El País-ek Arnaldo Otegiri elkarrizketa egin izanari buruz irakurketa politikoa egin zitekeen moduan, Radio Euskadik Rufi Etxeberriari mikrofonoa eskaini izanari buruz ere egin daiteke ildo bereko interpretaziorik. 2009ko ekainean Alberto Suriok EITBko zuzendaritza nagusia hartu zuenetik, ente publikoko hedabideetan ahotsa ukatu egin zaie ezker abertzaleko bozeramaileei, Jaime Otamendik behin Tasio Erkiziari egin zion elkarrizketa salbu. Baina oraingoan, salbuespen hartan ez bezala, goi-goikoen bedeinkazio guztiekin egin dute elkarrizketa, itxura guztien arabera.
Esanguratsua izan da, bestalde, Rufi Etxeberriaren hitzek hainbat hedabidetan zer oihartzun handia izan duten, bereziki Vocentoko egunkarietan, Batasuneko bozeramaileek orain arte esan ez zutenik esan ez badu ere, funtsean. Sinesgarritasuna emateko garaia iritsi balitzaie bezala.
Elurra bezala izango dela esan zuen Jesus Egigurenek. Ez dela egun batetik bestera gertatuko, pixkanaka baizik: orain dena elurtua dago, orain elurra urtzen hasi da, orain bazter eta gain batzuetan baino ez dago, eta, orain,noiz gertatu den ziur ez dakigula, guztiz desagertu da. Gatazka osotasunean hartuz gero, dudarik ez Egigurenek iragarri bezala izango dela, eta elurra urtzeko behar dena baino askoz denbora gehiago ere beharko dela, gainera, gatazkaren ondorio guztiak konponbidean jartzeko.
Baina ETAren indarkeriari dagokionez, oso litekeena da azkarrago gertatzea. Dena ondo bidean, urte batzuk barru argitaratuko diren historia liburuetan idatziko dute ETAren azken atentatua 2009ko abuztuaren 9an izan zela, Palma de Mallorcan, eta azken hildakoa Jean-Serge Nerin izan zela, 2010eko martxoan Dammarie-les-Lys-en aurrez prestatu gabeko tiroketan hila. Eta erakunde armatuak mundu guztiak espero bezala jardun armatuaren bukaeraren hasiera iragartzen badu, euskal gatazkaren historia liburuetako kronologietan leku berezia izango dute 2010eko Eguberriek, 1998ko aste santuak leku nabarmena duen bezala Irlandako gatazkaren historian.
Ez dezagula, behin Gabonak pasata, Axularren Gero-ko pasartea gogoratzeko premiarik izan: «Zenbat kalte egiten duen, luzamendutan ibiltzeak, egitekoen geroko uzteak».
Paperezko bloga
Irteera seinalea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu