Berria atzo iluntzean zabaldu zen, Espainiako komunikabideetan BBC kateak ETAren agiria jaso zuela zabaltzen hasi zirenean. Telebista kate publiko britaniarrak ez zuen albisterik kaleratu, eta gaiaren berririk ez zuela esan zion Efe agentziari. Espainiako komunikabideek, ordea, PSOEren gobernuko iturriak aipatuz zabaldu zuten berria atzo iluntzean. Tele5ek agiri bat ere erakutsi zuen, ETAk BBCri bidalitakoa zela adieraziz. Agiri hori bera hainbat komunikabidek zabaldu zuten euren webguneetan gero.
Hain zuzen ere, hedabide horiek erakutsitako agiriak jasotzen duenez, Euskal Herriak bizi duen egoeraz ETAren irakurketa helarazi nahi izan dio nazioarteko komunitateari. Azken aldian «balizko konponbide prozesuei buruzko espekulazioak» zabaldu direla, eta konponbideak zein oinarri izan behar dituen «gogorarazi» nahi du ETAk.
«Euskal Herriak bizi duen egoera larriaren aurrean nazioarteko komunitateak ezin du beste aldera begiratu», ETAk dioenez. Horregatik, dei egiten die nazioarteko erakundeei, eta bereziki gobernu ardurak dituztenei, «gatazkaren irtenbide negoziatu baten alde egiteko egoki ikusten dituzten neurriak har ditzaten». Izan ere, ETAk dioenez, Euskal Herriaren eta Espainiako eta Frantziako Estatuen arteko gatazkaren konponbidea «posible da» gaur egun.
ETAk egungo egoeraren irakurketa egiten du. PSOEren gobernuak eginiko hainbat adierazpenek «berritasunak» ekarri dituztela dio: «Baina oinarrizko kontuetan arazoaren sustraiari erantzun gabe jarraitzen du. Eta bitartean gure herriaren kontrako estrategia errepresiboaren aldeko apustuari eusten dio». ETAk eginiko hainbat urratsek, PP eta PSOEko karguen aurka ez ekiteko erabakiak kasu, Gobernuaren aldetik ez dutela erantzunik jaso dio ere.
Gatazka konpontzeko bidea Anoetako proposamenean jasotakoa dela eta konponbiderako gakoak elkarrizketa eta akordioa, Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea onartzea eta eskubide guztiekiko errespetua direla dio. Horretarako, ezinbesteko ikusten du «egungo estatus politikoa aldatzea».
ETA-ren agiria
Irtenbide negoziatua bultzatzeko eskatu dio ETAk nazioarteari
Hainbat enbaxadetara eta nazioarteko erakundetara ustez bidalitako agiri baten bidez, ETAk euskal gatazkaren «irtenbide negoziatu bat» bultzatzeko eskatu dio nazioarteari. Euskal Herriak Espainiarekin eta Frantziarekin bizi duen gatazka «bi estatu horien barne arazo bat baino zerbait gehiago» dela dio, «konponbidearen gakoa herri orori dagokion autodeterminaziorako eskubidea baita». Hala, Europako instituzioei gaiak zuzenean eragiten diela ohartarazten du ETAk agirian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu