Uholdeen ondorena

Irtenbidea irtendako bideari

Apirilean hasiko dituzte uholdeei aurre egiteko lanak Matutenen eta Txomin Enean. Oztopo diren azpiegiturak moldatuko dituzte, eta ibaiaren zabalera bikoiztu egingo dute hainbat tokitan. Donostiako Udalak ziurtatu du obren ondotik ingurua "askoz ere segurugoa" izango dela.

Uholdeak Martutenen. Urumea ibaia gainezka. GORKA RUBIO, ARGAZKI PRESS
Maite Alustiza.
2015eko martxoaren 13a
16:19
Entzun

Gertuago dago “behin betiko irtenbidea”. Urumea ibaia bidetik irteten den bakoitzean kalteak nabariak dira Donostian, Martutene eta Txomin Ene inguruetan. Otsail amaierarekin iritsi zen azken uholdea, baina arazoa aspaldidanik dator. Egoerari soluzioa emateko, uholdeei aurre egiteko lanak hasiko dituzte apirilean Uraren Euskal Agentziak eta Donostiako Udalak.

Bi egiteko nagusi izango dira: ibaian dauden oztopo hidraulikoak kentzea, batetik; eta ibaia bideratzea eta zabaltzea, bestetik. 42 hilabete barrurako lanak amaituta edukitzea espero dute. Ricardo Burutaran Donostiako Udaleko Hirigintza zinegotziak eman dizkio Gipuzkoako Hitza-ri obren gaineko azalpenak.

JARDUERA ZEHATZAK

Aparteko bi proiektu izango dira Martutenekoa eta Txomin Enekoa. Bi fase izango ditu Martutenekoak. Lehenengoan, zubitik hasi eta Astigarraga aldera egingo dituzte obrak. Apirilean hasita, 30 hilabete iraungo dute lanek, eta ibaiaren zabalera bikoiztu egingo da toki batzuetan. Gainera, zubia bota eta berria egingo dute. Bi metro altuago egongo da, ez du ibaian euskarririk izango eta bidegorria edukiko du. “Uraren Agentziako teknikariek behin eta berriro esan digute Donostian daukagun arazo larriena Martuteneko zubia dela. Azken uholdeak ikusten baditugu, Martutene eta Txomin Enearen artean 2,5 metroko ezberdintasuna egon da ur mailaren altueran, eta hori zubiarengatik izan da batez ere”. Zubiko lanak egin bitarterako, 27 poligonotik auzora doan errepide bat egokituko dute, garraioan Martutenera iritsi ahal izateko. Lehen fasean sartzen da Pilarreko oinezkoen pasabidea moldatzea ere.

Bigarren fasea, berriz, zubitik uretan behera egingo dute, Lugañeneko zubiraino —hamabi hilabete iraungo du—. “Lehentasuna da berriro bizilagunek uholdeak ez jasatea, baina, aldi berean, irtenbide bideragarri bat eman nahi diogu”. Horregatik, ibai ondoari “tratamendu berde bat” emango diote. Eguzkia hartzeko gune bat sortuko dute, besteak beste. Horrekin batera, bi tormenta tanke egingo dituzte, ura gordetzeko. “Igerileku baten modukoa da. Ura denbora batez jasotzen du, eta botatzea posible dela ikusten denean, askatu egiten da”.

Martutenekotik aparte, Txomin Enerako plana ere hastear da. Alde batetik, garapen urbanistikoari dagokion proiektua dago. Horren barruan, babes ofizialeko 424 etxebizitza egingo dituzte, baita birkokatzeetarako beste 95 ere. Aurretik hainbat etxe bota behar izan zituzten Txominen, eta bizilagun horiek Morlansen ostatu hartuta daude bitartean. Eraikin berriak egitean Txominera itzuliko dira.

Ibaiaren ondoan, bizpahiru ekintza iragarri dituzte Txominen. Batetik, auzoaren kota 3-3,5 metro igoko dute; bestetik, ibaiaren alboan ibai parke bat jartzea planifikatu dute. “Ez dugu hormigoiz bete nahi; eguraldi onarekin aukera egongo da han paseatzeko, aisialdirako gune bezala”. Ibaia hazita doanean, berriz, urak beteko du parkea. Txomineko zubia ere ordezkatu egingo dute.

Loiola inguruan ere badira oztopo hidraulikoak: kuartelaren zubia, esaterako. “Behin eta berriz eskatu diogu Defentsa Ministerioari zerbait egiteko, baina ez digute erantzunik ere eman”. Proiektua “lehenbailehen” egin eta gauzatzeko eskatuko diote mozio baten bidez. Horrez gain, Loiolako hiri lorategirako ere plan berezi bat egiten ari dira. Lezoi bat egingo dute ibai ondoan. Horretarako, hor dauden etxeak eta tailer batzuk bota beharko dituzte.

Ibaian beherantz joanez gero, Astiñeneko zubia da azken oztopoa —Egiako zubia—. Bota egingo dute, eta beste bat egin. Astiñenekoaren aurretik, ordea, Txominekoak izango du lehentasuna.

EPEAK

“Ia batera” joango dira Martuteneko lehen faseko obrak eta Txomineko operazioa. Azken horren kasuan, eskumena %100 udalarena da; proiektua lehiaketara aterata dago, eta apirilean adjudikatuko dituzte obrak.

Maiatzeko udal hauteskundeen ondoren gobernuan aldaketa egon edo ez, Martuteneko lehen fasea eta Txomin Eneko operazioa “ziurtatuta” daude. Txominekoa blindatzeko, konpromiso kreditu bat eraman zuen udalak udalbatzara, eta, horren bidez, hurrengo lau urteetan 22 milioi euro horretarako izatea onartu dute. Martuteneko bigarren fasea da blindatuta ez dagoena. “Guk jarraituko dugu hurrengo legealdian bigarren fasea egiteko exijitzen”.

UDALAREN AURREKONTUA

Ia 20 milioi euro inbertitu ditu udalak Martutene eta Txomin Ene artean agintaldi honetan. “Hasieratik esan genuen lehentasuna hau izango zela, eta kopuruetan ikusten da hala dela”. Udalera iritsi zirenean, plan orokorra etenda zegoen, eta eten hori kendu gabe ezin zuten proiekturik abiatu. “Esaten zuten ez zekitela AHTa nondik etorriko zen. Aitzakia horrekin, Martutene abandonatuta zegoen”. Martutenekoa geldi zegoen; Txomin Enean, berriz, plan berezia onartuta, baina martxan jarri gabe. “Gauza guztiek bere denbora behar dute, baina buru-belarri ari gara lanean urratsak egiten”.

ERAKUNDE ARTEKO LANA

Uholdeak saihesteko ahaleginetan, erakunde arteko batzordea osatu zuten 2011n, udal gobernu berriak hala eskatuta. Horretan biltzen dira Espainiako Gobernuaren ordezkaritza, Uraren agentzia, Gipuzkoako Aldundia, Añarbeko Urak; Hernani, Astigarraga eta Donostiako udalak; eta Martutene eta Txomin Eneko bizilagunak. Urtean lautan batzartzen dira; hil honetan dira biltzekoak, hain justu.

Geroztik, larrialdi plana gaurkotu dute, adibidez: “Aurreko legealdian bazegoen, baina 2011n ikusi genuen akats dezente zeuzkala”. Obrak egiten diren bitartean plana egokitzeko eskatu diete bizilagunek. “Eta arrazoi daukate, egoera ezberdina izango baita”. Hobekuntzak sartzeko, udalak bilera batera deituko ditu herritarrak datozen asteetan.

LANEN ONDORENA

Burutaran ziur da bere garaian ez zitzaiola garrantzi handirik eman etxebizitzak ibai alboan eraikitzeari. “Horrelakoak gertatzen direnean, ordea, arazo ugari sortzen dira”. Urumearen bueltan egingo dituzten obrekin, oraingo egoerak eta ondorengoak ez du zerikusirik izango: “Adituek esaten dute %100ean bermatzea ez dela izango posible, baina askoz ere seguruagoa izango da”.

Aurrerantzean ere, beste zenbait “ekintza txiki baina garrantzitsu” egin asmo ditu udalak. Adibidez, Okendotegiko bizilagunek izaten dituzten arazoei irtenbidea eman nahi die —erakunde arteko batzordera gonbidatu ditu—, eta Aintzieta inguruan Txomin Eneko ibai parkearen jarraipena planifikatuko du. “Saiatuko gara legealdi honetan lehen onarpena ematen”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.