Arkeologia

Iruña-Veleia aztarnategian aurkitu dituzten euskarazko idatzien zantzuen gainean zuhurtasuna eskatu dute proiektuko arduradunek

Munduan parekorik ez duen erromatar garaiko multzo epigrafikoa eta III.mendeko kalbario bat, munduko zaharrena, aurkitu zuten Iruña-Veleia aztarnategian.Bertako arduradunek atzo eman zuten aurkikuntzaren berri. Gaur, =Diario de Noticias de Alava=i eta =iDiario de Noticias de Gipuzkoa=i egunkariek plazaratu dutenez, aztarnategi horretan bertan III.mendean euskaraz egindako idazkiak ere aurkitu dituzte.

2006ko ekainaren 9a
18:25
Entzun
Hala ere, Iruña-Veleia aztarnategiko arduradunek ohar baten bidez jakinarazi dute aurreratu diren hainbat datu okerrak direla. Oraingoz hipotesiekin ari dira lanean eta datuak aurreratzea ikerketaren berezko dinamika hankaz gora jartzea izango litzateke.

Besteak beste, karbono 14aren froga egin behar diote adituek oraindik eta Iruña-Veleiako euskarazko idazki horiek III.mendekoak direla baieztatzen badute orain arte ezagutzen diren zaharrenak izango lirateke. Arduradunek horrelako kasuetan zuhurtzia osoz jokatzeko beharra azpimarratu dute.

Aztarnetegiko arduradunek baieztatu dute Iruña-Veleian aurkitutako bigarren multzo epigrafikoan antzinako euskaraz idatzitakoak izan daitezkeenak aurkitu dituztela. Oraingoz, lanerako darabilten hipotesiaren arabera, erromatar garai berantiarrean kokatu daitezke. Bestelako datuak zabaltzea, ikerketaren berezko garapena hankaz gora jartzea litzatekeela azpimarrtu dute. Bereziki eskatu diete hedabideei, horrelako aurkikuntza garrantzitsuak baieztatzeko adituek denbora behar dutela kontutan izan dezatela.

Orain arteko datuen arabera, euskarazko idazki zaharrenak XI.mendekoa dira Errioxako San Millan de la Cogollako monastegian aurkitutakoak. Gaur goizean, bi egunkariek kaleratu dutenez Iruña-Veleiako idazki horiei egin dizkieten lehen azterketen arabera kristautasunari buruzkoak dira.

Aurkikuntza hau baieztatzen bada, euskararen lehen lekukotasuna orain uste duguna baino zortzi mende lehena kokatu beharko litzateke, III.mendean hain zuzen.

Albiste honen aurrean, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua zuhur agertu da. Adituei, idazkiak ikertzeko denbora eman behar zaiela azpimarratu du Azkaretek eta ondoren, datuak baieztatzen badira, ondorioak ateratzeko beta izango dugula azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.