Euskara

Iruña-Veleiako aurkikuntzek oinarri zientifikorik ez dutela dio Arabako Aldundiak

Aurkitutako euskarazko idatziak III. eta IV. mendekoak direla baztertu du batzorde bereziak. Prozesu arkeologikoan "zehaztasun falta eta manipulazioa" egon direla adierazi du.

2008ko azaroaren 19a
19:31
Entzun
Arabako Foru Aldundiak Iruña-Veleiako aurkikuntzak ikertzeko eratutako batzordeak adierazi du horiek "oinarri zientifikorik" ez dutela. Batzordeak aurkitutako euskarazko idatziak III. eta IV. mendekoak direla baztertu du. Gainera, aurkikuntza batzuk "faltsuak" direla aipatu dute.

Arratsaldean egin dute batzordeko kideek agerraldi luzea. Hainbat adibide jarri dituzte adituek: aurkitutako objektuetan kola dagoela, erromatar garaikoa izan behar lukeen harrian Descartes -1596an jaiotako filosofoa- jartzen duela, latina eta italiera nahastuta daudela...

Hitza hartu duenetako bat Julio Nuñez izan da, EHUko Arkeologia katedraduna. Bere esanetan "faltsuak" dira Iruña-Veleian aurkitutako idazkiak. Gainera, "koherentziarik" ez duela aurkitutakoak eta "oso gaizki manipulatu" duela norbaitek. Azaldu duenez, "oso litekeena" da objektu horiek orain dela bi urte aurkitu zituztenean egin zituztela izkribuak. Munduko lehen kalbario irudikatua izan behar zuenari buruz, Nuñezek esan du euskarria I. eta III. mendeetakoak izatea posible dela, bainaez, ordea, idatzitakoa.

Joseba Lakarra euskaran adituak bere aldetik esan du duen lanbideari "errespetua" zor behar diola. Horregatik, aipatu du ezin dela "historia gezurretan oinarrituta idatzi".

Lorena Lopez de Lacalle Aldundiko Kultura arduradunak ere eman ditu adituen batzordearen txostenaren inguruko xehetasunak.

Aditu batzuen arabera, Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako idatziek euskaraz idatzitako lehen hitzak edukiko lituzkete. Arabako Foru Aldundiak eratutako batzordeak "garrantzia" kendu die aurkikuntzei.

Zeresana eman zuen aurkikuntza

2005eko udaran zabor antza zuten hondakinen artean aurkitu zituzten Iruña-Veleiako aztarnategian -Gasteiztik hamar kilometrora- inskripzioak zituzten zeramikazko objektuak eta hezurrak. Urtebete horiek ikertzen eman ondoren, indusketa-lanen buru zen Eliseo Gilek "Euskal Herriko multzo epigrafiko nagusiena" zela adierazi zuen, "Ponpeiaren parekoa". III. mendean Veleian bizi zirenek oharrak uzteko erabiltzen omen zituzten ontzien zatitxoak. Idatzitako hitzen artean zuri, urdin eta gorri koloreak, =edan, ian eta lo daude, baita Iesus, Ioshe ata ta Mirian ama=i esaldia ere. Euskaraz idatzitako lehenengo hitzak izango lirateke horiek.

Iazko abenduan, ordea, Iñigo Uribe-etxeberria aztarnategiko komunikazio arduradunak bideo bat eskegi zuen youtube-n. Bertan, hezur batean Nefertiti zegoen idatzia eta orduan sortu ziren zalantzak, hitz hori III. mendean Euskal Herrian aipatzea ezinezkoa zela esan zuten orduan adituek. Arabako Foru Aldundiak ikerketa batzorde bat osatu zuen urtarrilean. Batzordearen hasierako partaideak honakoak ziren: Joakin Gorrotxategi, Joseba Lakarra eta Henrike Knorr -apirilean hila- hizkuntzalari eta filologoek, Santos Yanguas historialariak, Agustin Azkarate eta Julio Nuñez arkeologoek, Fernando Legarda eta Juan Manuel Madariaga kimikariek, Pilar Cipres epigrafistak, Andres Valdeon arkeologoak eta Felix Lopez Museoen zerbitzuko buruak. Azken hamar hilabetetan ikertzen aritu dira.

Hizkuntzalarien artean ezadostasunak

Batzordeko kide diren Joakin Gorrotxategi eta Joseba Lakarra EHUko katedradunek euren "zalantzak" agertu izan dituzte. "Hizkuntzalaritzaren ikuspegitik" ez direla "onargarriak" adierazi zuten pasa den urrian. Gorrotxategik, orduan, Iruña-Veleian "iruzur lotsagarri eta penagarria" egin duten "susmoa" zuela aipatu zuen.

Hizkuntzalarien artean, ordea, ez da erabateko adostasunik egon. Henrike Knorrek bere bizitzaren azken unera arte defenditu zuen aztarnategiko indusketa taldearen tesia. "Nik argi eta garbi esango nuke ez dagoela ez agertu denaz, ezta dataz ere, zalantzarik", esan zuen Knorrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.