Astearteko sententziagatik poza agertu arren —Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen Segiko izatea egotzitako hamar gazte—, 2008an atxilotu zituztenetik bizi izandakoa ekarri dute gogora: tortura, espetxea, epaiketa... "Sufrimendu eta ezjakintasunez betetako urteak izan dira", esan dute Gorka Sueskun auzipetuak eta Maider Caminos Herriko Harresiko kideak.
Aurrerantzean ere auzi horien aurka egiten jarraituko dutela ziurtatu dute; izan ere, oroitarazi dute oraindik 34 nafar daudela auzipetuta, epaiketaren zain. Eta zazpi preso dituztela, "militantzia politiko hutsagatik". Haien artean, Ibon Esteban gaztea, Segiko kide izatea leporatuta —maiatzean atxilotu zuten, Gasteizko herri harresian—.
Hurrengo hitzordua, sanferminetan
Uztailaren 11rako jarri dute lehenengo hitzordua, sanferminetan, eta egun horretan laranjaz jantzita ibiltzeko eskatu diete herritarrei. "Disidentziarako eskubidea dugu. Politika egiteko eskubidea dugu", aldarrikatu dute: "Denok gara auzipetuak, eta haien eskubideak defendatzea gure eskubideak defendatzea da".