Ezbeharra

Iruñean Arga ibaira erori zen gaztearen gorpua aurkitu dute

Arratsaldean topatu dute Burlatako mutila hilik, Magdalena zubi parean, desagertu zen tokitik 300en bat metrora. Club Natacion Pamplona elkartearen egoitzaren ondoko zubian jausi zen uretara, atzo goizaldean.

2010eko otsailaren 1a
17:29
Entzun
Hilda aurkitu dute gaur arratsaldean Nafarroako erreskate taldeek R.A.G. Burlatako (Nafarroa) 26 urteko mutila Iruñean, Arga ibaian. Atzo goizaldeko bostak laurden gutxi aldera erori zen ibaira, Club Natacion ondoko igarobidetik, eta Magdalena zubi parean topatu dute, desagertu zen tokitik 300en bat metrora.

Bere lagunekin zegoen amildu zenean. Berehala ohartarazi zieten larrialditako zerbitzuei, eta bilaketa eta salbamendu lanak segituan hasi zituzten.

Atzo egun guztian ibili ziren salbamendu taldeetako kideak Arga ibaia eta inguruak arakatzen, Nafarroako Larrialdi Agentziak gidatuta. Zehazki, Cordovillako parkeko suhiltzaileak, Foruzaingoa, Iruñeko Udaltzaingoa, eta Gurutze Gorriko zein DYAko boluntarioak ibili ziren lan horietan. Nafarroako Gobernuko helikopteroaren eta urpekarien laguntza ere izan zuten. Gauean zehar ilunpeak lanak zailtzen zituela-eta Foruzaingoko talde bat soilik ibili da lanean, baina goizeko zortziak iristean, argiareakin batera,lehen aipatutako talde guztia jarri da berriro martxan.

Zailak gertatu zaizkie bilaketa lanak, batik bat, azken egunotan euri jasen ondorioz ibaia oso hazita zihoalako. Hala, Ebroko Hidrografia Konfederazioari Eugiko urtegiko emaria gutxitzeko eskatu zieten, ondorioz Argako ur maila jaitsi zedin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.