Iruñeko autobus geltokia, bidaiariak hartzeko prest

Hemezortzi autobus konpainiak erabiliko dute gaur inauguratuko duten lur azpiko geltoki berria, eta guztira 52 autobusentzako tokia izango du.

2007ko azaroaren 9a
09:59
Entzun
Asier Azpilikueta

Sanferminetako itxura hartuko du Iruñeak gaur, hein batean. Izan ere, Iruñeko autobus geltoki berria inauguratuko dute, 12:00etan. Eta nahiz eta horrek, lehen begiratuan, sanferminekin zerikusi handirik ez duen. Izatez, bai, badu. Autobus geltoki zaharrean gordetzen zituzten orain arte Iruñeko erraldoiak eta kilikiak. Asteburu honetan, handik 200 metrora, autobus geltoki berrira aldatuko dituzte. Eta kalera atera behar izanen dute, noski. Eta besta giroa handiagoa izan dadin, sanferminetan bakarrik paratzen duten 32 metroko eta 35.000 euroko noria handia jarri dute astebururako .

Iruñeko erdialdean egin dute geltoki berria. Ziudadelari itsatsita dago, eta Yanguas y Miranda kalearen zati bat ere hartzen du, azpitik. Eta, gainean belardi zabala duenez, erraten ahal da Gaztelugibeleko parkearen zati badela. Geltoki berriari esker, Iruñeko gotorlekuko harresi zati bat zaharberritu dute. XIX. mendean, armadarendako kuartelak egin zituzten han eta lurperatu egin zuten. Geroago, autoendako lur gaineko aparkaleku bat paratu zuten bertan -sanferminetan han jartzen zituzten barrakak, orain arte-. Eta orain belardia da.

KANPOTIK, IKUSEZINA IA. Autobus geltoki berriaren proiektua Manuel Blasko, Luis Tabuenca eta Manuel Sagastume arkitektoek egin zuten. Geltokiaren goiko aldean biribil itxurako hutsune handi bat paratu zuten arkitektoek, bertatik eguzkiaren argia sar zedin. Baina Vianako Printzea erakundeak atzera bota zuen osagai hori, Ziudadelaren inguruetan zegoenez, geltokiak gotorlekuaren formak errespetatu behar zituela uste baitzuen. Beraz, zulorik gabe, geltokia lur azpian dago guztiz, eta kanpotik apenas nabaritzen den hor dagoela, gainean 30.000 metro koadroko belardia baitu. Oinezkoek geltokira sartzeko erabili behar duten ehun metroko beirazko atea bertzerik ez da ikusten kanpotik.

Asteazkenean, Miguel Sanz lehendakariak geltoki berria bisitatu zuen, 120 herri inguruko alkateekin. «Geltokia hagitz garrantzitsua da, Iruñearendako eta Nafarroa osoarendako», erran zuen Sanzek. «Kohesio soziala bulkatuko du, landa mundua hiri munduan txertatuko duelako». Sanzek onartu zuen arrisku handia zekarrela geltokia egiteak hiri erdian eta ondare historikoa eta artistikoa den Ziudadelaren gisako toki batean, baina, emaitza ikusita, merezi zuela adierazi zuen. «Artea erabili behar izan dute geltokia egiteko».

Geltokia egiteko lanak 2005eko uztailaren 20an hasi zituzten. Azysa eta Gea 21 enpresek eraiki dute, eta 38 milioi euroko diru ezartzea eskatu du. Horietako 27 milioi administrazio publikoek jarri dute (%60 Nafarroako Gobernuak eta %40 Iruñeko Udalak), eta gainerakoa enpresek aurreratu dute.

Urtean 101.000 autobus eta 2,5 milioi bidaiari inguru pasatuko dira geltoki berritik. Kalkulu horrek berebiziko garrantzia du. Azysa eta Gea 21 enpresek kudeatuko dute geltokia hurrengo 40 urteetan, eta terminala erabiltzen duten autobus eta bidaiarien kopuruaren arabera ordainduko zaie. Hori behar bezala kontrolatzeko, geltokira sartzen diren autobusek makina batzuetan erregistratu beharko dute ibilgailuaren matrikula eta bidaiari kopurua. Ohiko lineetakoak ez diren autobusek txartela atera beharko dute, eta minutuka ordainduko dute. Sistema horren bidez, Iruñera ailegatzen diren autobus guztiek geltokian gelditzeko aukera izanen dute, estalpean.

GELTOKI BERRIAREN EZAUGARRIAK. Geltoki berriak, denera, 27.000 metro koadro ditu, lur azpiko hiru solairutan banatuta. Lehen solairuan, hau da, azaletik gertuen dagoen horretan, administrazio bulegoak eta kontrol gunea egonen dira. Bigarren solairuan autobusen kaiak daude, itxaroteko gela, txarteldegiak eta saltoki eta jatetxe gunea. Hirugarren solairuan 598 autorendako tokia duen aparkalekua dago.

Geltokiak 52 autobusendako tokia du; 28 nasa kai nagusian daude, biribil itxurakoan, eta gainontzekoak, laguntza kaian. Nasak autobus konpainien arabera banatu dituzte. Ondoko konpainiek ohiko toki bat izanen dute 1-24 nasetan: Rio Irati, Pamplonesa, Conda, Roncalesa, Tafallesa, Alosa, Burundesa, Estellesa, Baztanesa, Veloz Sanguesina, Mugiroarra, Montañesa, Leizaran, Artieda, Vibasa, Bilman Bus, Pesa eta Jimenez Sur. 25-28 nasetan, berriz, noizbehinkako autobusak geldituko dira. Asmoa da autobus bakoitza, gehienez ere, 30 minutu egotea nasetan. Kai nagusia 07:00etatik 23:00etara egonen da zabalik, eta laguntzako kaia, gainontzeko orduetan.

Geltoki zaharrak bidaiari aktiboak eskatzen zituen, hau da, bidaiariek alde batetik bertzera mugitu behar zuten hartu behar zuten autobusa aurkitu arte. Geltoki berrian, panel elektronikoak daude, autobus bakoitza non dagoen eta noiz aterako den zehazten dutenak. Informazio hori gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez emanen dute.

Geltokira Bakearen Plazatik edo Foruen Plazatik sartzen ahal dira ibilgailuak. Bi sarbideetan, autobusek bide bat dute, eta autoek bertze bat. Geltoki zaharrak sarbide zaila zuen, eta horrek auto butxadurak sortzen zituen maiz. Hori saihesteko egin dituzte sarbide bikoitz horiek.

Iruñeko erraldoiak, zaldikoak, buruhandiak eta kilikiak autobus geltoki zaharrean gordetzen zituzten orain arte. Orain, geltoki berrian ere izanen dute beren tokia, eta ez nolanahikoa. 500 metro koadroko tokia egin diete -lehen 100 metro zituzten-. Bertan, figura guztiak gordetzeko lekua izanen dute, bai eta dantzak entseatzeko lekua ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.