Gaur goizaldean sua piztu da Iruñeko Remiro de Goñi kaleko bost solairuko etxe batean, eta ondorioz une horretan barruan ziren 30 bizilagunek kalera atera behar izan dute. 42. atariko etxea da su hartu duena. Bizilagunetatik hiru Nafarroako Ospitalera eraman dituzte: batek eskua erre du, beste batek burua nahastuta zuen eta hirugarren bat antsietateak jota zegoen.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, laugarren solairuan piztu da sua, egongela batean. 02:24ean ohartarazi dituzte larrialdi zerbitzuak, eta suhiltzailee 03:21ean itzali dute sua. Ondoren bizilagunek euren etxeetara itzuli ahal izan dute, guztiak laugarren eta bosgarren solairukoak izan ezik. Gurutze Gorriko boluntarioek mantak banatu dituzte. Etxera itzuli ahal ezin izan duten bizilagunak hotel batera eraman dituzte.