Iruñeko Eguzki irratiak lizentzia bat eskatu du irrati komunitario moduan, ia 30 urte dialean era alegalean emititzen eman ondoren.
Orain arte ez zuten lizentzia bat eskatzeko aukerarik, irratiaren ezaugarriak kontuan hartuta. Hala jakinarazi zieten 1988an, Telekomunikazioen Ordenaziorako Legea indarrean jarri zutenean. Hala ere, irratiko kideek salatu dute Europako herrialde askotan irrati komunitario eta libreak legalki onartuta daudela, baita Espainian ere.
Egoera horrek "eragozpen eta diskriminazio handia" ekarri die, Eguzki irratiko kideen arabera. Urte horietan lau itxiera, epaiketak eta isunak jasan behar izan dituztela azaldu dute.
Nafarroan 44 lizentzia emateko lehiaketarako deia egin zenean, Eguzki irratiak helegite bat aurkeztea erabaki zuen. Haren arabera, ikus-entzunezko komunikazio lege orokorrarekiko "kalteak ematen ziren".
"Gurea bezalako irratien onarpenik gabe ez da adierazpen askatasuna edo informazioa modu askean jasotzeko edo emateko eskubidea bermatzen", adierazi dute. Gainera, uste dute irratiaren izatea "entzuten eta ekonomikoki laguntzen" dituzten lagunek emandako "zilegitasunean" oinarritzen dela.