Iruñeko Etxabakoitz auzoan dago AHTaren geltoki berria egiteko proiektua. 8.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dute. Proiektu hori udalez gaindiko sektore plantzat jo du Nafarroako Gobernuak, eta erabaki horren kontra egin dute epaitegietan Sustrai Erakuntzako kideek.
Haien arabera, ingurumenarekin lotutako arrazoiak badira, bai eta formarekin lotura dutenak ere. Izan ere, proiektua jendaurrean erakusteko epea amaitu eta gero, nabarmen aldatu da. Aldaketa horiek ez dituzte jendaurrean erakutsi, eta ezin da alegaziorik aurkeztu.
Horretaz gain, proiektuak bertze hainbat zalantza eta kezka pizten ditu Sustrai Erakuntzako kideen artean: «Ur horniketaz zalantza anitz dago; ura garbitzeko prozesua ere ez dago bermatua, Arazuriko plantak ez baitu gehiago hartzeko gaitasunik. Kutsatutako lurren arazoa ere mahai gainean dago. Inquinasa enpresaren lurrak hartzen ditu proiektuak», azaldu du Zelaiak. Gai horiek guztiak auzitara eraman ditu fundazioak.
Nafarroako auzitegien erabakia berretsi du, ordea, Gorenak, eta nabarmendu du tramitazioa "behar bezala" egin zuela Nafarroako Gobernuak.