Iruñeko okupatzaileek "edozein motako udal diktadura amaitu" nahi dute

Nafarroa Bairi beste herri batzuetan koherentziaz jokatzeko eskatu diote. Rozalejoko Markesaren jauregiaren hustutzean udaltzainen eta foruzainen jarduna "basatia" izan zela esan dute okupatzaileek. 46 lagun atxilotu zituzten.

2007ko maiatzaren 21a
17:20
Entzun
Ostiralean Iruñean Rozalejoko Markesaren jauregia okupatu zuten lagunek "edozein motako udal diktadura amaitu" nahi dutela esan dute gaur "ez UPNrena soilik".

Izan ere, okupatzaileen ustez, afera ez da Iruñekoa bakarrik, okupazio kasu gehiago egon direlako Nafarroan bertan eta horietan ere izan direlako hustutzeak-eta. "Larunbatean Uxue Barkosek [Nafarroa Bairen Iruñeko alkategaiak] gaztetxearen hustea salatu zuen eta bozka eskatu 'UPNren udal diktadura amaitzeko'. Nafarroa Bairi, esan zuenarekin koherentziaz jardun dezala eskatzen diogu, udal diktadura gisa ulertzen delako Burlatako gaztetxearen hustea -orduko basakeria azken honen modukoa izan zen-, eta hura Aralarrek eta Batzarrek onartu zuten, edo udal diktadura gisa ulertzen direlako Altsasuko EAk eta EAJk Euskal Herriko beste toki batzuetan egindako husteak ere". Lau alderdiok Na-Bai koaliziokoak direla gogoratu dute Iruñeko okupek.

Alderdi politikoei "herri borrokak" hauteskunde kanpainetarako "tresna huts" bezala ez erabiltzeko eskatu diete, bide batez.



Navarreria karrikan izan zen okupazioa, ostiral arratsean. Larunbat goizean, ordea, udaltzainak eta foruzainak sartu ziren jauregian, eta 46 lagun atxilotu zituzten -libre dira denak-. Polizien jarduna "basatia" izan zela diote, udal "totalitarioak" "erabateko itxikeria" azaldu duela, eta bizilagunen, gizarte elkarteen eta alderdi politikoen "babesa" jaso dutela.

Okupen ustez, euren erresistentzia "bakezalea, duina eta sendoa" izan zen, eta okupazioa "justifikatua" dago, "gaztetxe edo gizarte zentroen beharra dagoelako". Rozalejoko Markesaren jauregia azkeneko hiru urtean ez dela erabili azpimarratu dute, eta hari "bizia" ematea erabaki zuten, beraiek kudeatuta.

Helburu hori ez dute baztertu. "Mila aldiz esan dugu eta, kosta ala kosta, gaztetxe bat izanen dugu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.